Minecraft
2011 bideo-joko From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Minecraft mundu irekiko bideojokorik (ingelesez, Sandbox game) arrakastatsuenetariko bat da. Jokoaren xedea munduan baliabideak biltzea, etxeak zein tresnak sortzea eta eraikitzea, eta beste hainbat erronka lortzea da. Horrez gain, sormena lantzeko modalitatea ere badauka, eta, bertan, mugarik gabeko baliabideekin lortu ditzake jokalariak bere helburuak.[1]

Markus Persson ("Notch" ezizenaz ezaguna) suediarrak sortu zuen 2009ko maiatzaren 17an. Lehenengo bertsio egonkorra, 2011ko azaroaren 18an argitaratu zen. Berak sortutako Mojang Studios enpresa gerora Microsoftek erosi zuen.
Gaur egun jokoaren bi bertsio ezberdin daude: Java edizioa Java programazio-lengoaian programatua), eta Bedrock edizioa (C++ programazio-lengoaian) idatzia. Gaur egun 300 milioi kopia baino gehiago saldu dira, gehien saldu den bideo-jokoa izanik[2]
Remove ads
Jokorako moduak
Jokorako moduaren arabera, jokalariak Minecrafteko munduarekin elkarreragiteko era aldatzen da.[3][4] Lau modu nagusi daude (biziraupenezkoa, sortzailea, abenturazkoa eta ikusle modua), baina badira horien aldaera diren beste modu batzuk ere:
Biziraupenezkoa
Biziraupenezko modua (ingelesez, survival-mode) bizitza errealean oinarritzen da baina fantasia apur baterako aukera ere ematen du. Jokalaria zerotik hasten da eta bere tresnak hobetzeko, mundua arakatu eta baliabide berriak bilatu behar ditu. Iluntasunetik edo gauaz agertzen diren etsaiek, hala nola, zonbiek edota eskeletoek, jokalaria erasotu egiten dute eta hil daiteke. Jokorako-modu honen helburu nagusia "Amaiera" dimentsioko (ingelesez, "The End") dragoia hiltzea da. Jokalaria hiltzen bada, berriro ager daiteke, baina zituen gauza guztiak galduko ditu.[5][6]
Sortzailea
Jokorako modu sortzailean (ingelesez, creative-mode) arreta osoa eraikuntza librearen jartzen da. Jokalariak bloke eta objektu guztiak eduki ditzake, eta berehala ipini edo suntsi ditzake. Gainera, arerioek ez dute jokalaria erasotzen eta jokalaria ezin da modu naturalean hil, bizitza mugagabea baitauka. Modu sortzaileak jokalariari mapan zehar libreki hegan egiteko aukera ematen dio.[7][8]
Abenturazkoa
Abenturazko modua (ingelesez, adventure) jokalariek sortutako mapetan jolasteko diseinatutako modua da, eta horrek jokoa mugatzen du. Jokalariak ezin du zuzenean edozein tresnarekin blokerik suntsitu edo blokerik jarri. Horrela, mapa ezingo du aldatu eta mapa sortu dutenak ez dira haserretuko.[9][10]
Ikusle modua
Ikusle moduan (ingelesez, spectator) jokalariak ezin dezake mundua eraldatu, hots, bertan gertatzen dena ikusi besterik ezin dezake egin. Modalitate hau normalean jokalari anitzeko moduan erabiltzen da.[11][12]
Muturrekoa
Muturreko modua (ingelesez, hardcore) funtsean biziraupenezko moduaren berdina da, baina jokoaren zailtasun-maila oso altua ezartzen da, hau da, "muturrekoa". Jokalaria hiltzen bada, ezingo du berriro ere agertu; mundu berri bat sortu beharko du eta berriro ere zerotik hasi beharko du.[13][14]
Remove ads
Mundua
Minecraft mundua kuboz osatuta dago bere osotasunean. Bertako elementu guztiak tamaina desberdineko kuboz osatuta daude. 16 X 16 pixeleko testuren bitartez, zein bloke den adierazten da. Bitxia da, munduko pertsonaiak, legarra eta harea grabitatearen mende daude, baina gainerako blokeak ez. Ondorioz, egiturak airean sor daitezke, ez baitira erortzen.
Mapa[15], biomak[16], egiturak[17] eta izakiak (mob-ak)[18][19] ausaz agertzen dira jokoan. 16 bloke x 16 bloke tamainako segmentu edo lur-zatiari chunk[20] esaten zaio. Mundua lur-zatika kargatzen da.
Bideojokoa irekitzerakoan, informazioa 60x10⁶ x 60x10⁶ kubotan gordetzen da. Mundua infinitua denez, jokalaria inoiz igaro ez den zonalde batetik pasatzean, inguruko 400 lur-zati (chunk) sortzen dira. Horrela, mundua miatzen den heinean, mapan ekosistema ezberdinak (biomak) agertzen dira: basoa, desertua, lautada, taiga, perretxiko irla, padura, zerua, ozeanoa, infernua (dimentsio bat bere baitan), lautada izoztua, oihana, "end"-a (dimentsio bat bere baitan) eta mendi urrunak. Ekosistema bakoitzak ditu bere egitura eta ezaugarriak. 1.7 bertsioetatik aurrera, bioma berriak gehitu zaizkio jokoari: sabana, baso itxia, izotz punten lautada, taiga elurtua eta mega taiga.
Mota desberdineko izakiak (mob-ak) daude. Hona hemen sailkapen bat:[21]
- Pasiboak: Ez dute jokalaria erasotzen eta haiei eraso egiten zaienean, alde egiten dute. Animaliak izan ohi dira eta janaria eskuratzeko baliatzen dira. Adibideak: behia, txerria, saguzarra, ardia, txerri zonbia, behi-perretxikoduna, katua, txipiroia, herritarra, oiloa, txakurra, untxia, astoa, zaldia, zaldi zonbia, zaldi eskeletoa eta elurrezko golem-a.[22]
- Neutralak: Ez dute jokalaria erasotzen. Haiei eraso eginez gero, bueltan erasotu egiten dute, baina janaria emanez gero, jokalariaren lagun bilakatuko dira eta garraiorako edo defentsa moduan erabili ahal izango dira. Adibideak: otsoa, llama, armiarma (gauetan erasotzailea), txerri zobia, izurdea, hartz polarra eta erlea.[23]
- Erasotzaileak: Jokalaria izakiaren eremuaren barruan badago, detektatu egiten du. Eremuaren tamaina arruntena 8 blokekoa (kuboa) izaten da, distantzia hori baino gertuago kokatuz gero, izakia konturatuko da jokalaria bertan dagoela; eraso egiteko ere eremu bat dute, izaki batzuk urrutitik erasotzen dute eta beste batzuk gertutik. Horrez gain, izaki bakoitzak du berezitasunen bat. Creeper izaki erasotzailea, adibidez, jokalariaren ondoan dagoenean lehertu egiten da eta min handia eragiten dio. Adibideak: endermite, sorgina, eskeletoa, creeper, zonbie-a, herritar zombie-a, zonbi umea, ghast-a, wither eskeletoa, slime-a, magma kuboa, zilar-arraina, armiarma (egunetan neutrala), armiarma pozointsua, blaze-a , amaierako dragoia (Jean izenekoa), "Wither" nagusia, "Guardian"-a, "Elder guardiana", eskeleto "Jokiea" (eskeleto bat armiarma baten gainean) "Chicken Jokiea" (zonbi umea oilo baten gainean).[24]
Remove ads
Jokalari anitzekoa
Jokalari anitzeko moduan, mundu bakar batean hainbat jokalari elkarren artean komunika daitezke eta elkarri eragin diezaiokete.[25][26][27] Eskuragarri dago zuzenean jokalari anitzerako aukeraren bidez jokotik jokora konektatzeko, sare lokal bat erabiliz, pantaila modu lokalean zatituz (kontsolan bakarrik) eta jokalariak berak edo enpresaren batek ostatutako zerbitzarietan jokatzeko.[28][29]
Jokalariek beren zerbitzariak erabil ditzakete, hornitzaileren batek ostatutakoa erabili edo zuzenean konekta daitezke beste jokalari baten jokora Xbox Live bidez. Zerbitzarien operadoreek gidatzen dituzte jokalari anitzeko Minecraft zerbitzariak; haiek dute zerbitzariaren komandoetarako atzipena, eguneko ordua konfiguratzeko edo jokalariak leku batetik bestera eramateko (teleportatzeko), adibidez. Operadoreek murrizketak ere ezar ditzakete, zein erabiltzaile-izen onartu edo zerbitzarian zein IP helbide sartu ahal izango den erabakitzeko.
Jokalari anitzeko zerbitzariek jarduera-sorta zabala eskaintzen dute, eta batzuk beren arau eta ohitura propioak dituzte. Zerbitzaririk handiena eta ezagunena Hypixel da.[30] Izan ere, milaka jokalarik bisitatzen dute egunero (milioitik gora hilero).[31] Jokalarien arteko borroka posiblea izan dadin, PvP (ingelesez, Person versus Person) gaitu daiteke. Zerbitzari askok pluginak dituzte osagarri pertsonalizatuak eskaintzeko eta normalean posibleak ez diren ekintzak ahalbidetzeko.
Minecraft zerbitzaririk zaharrena 2b2t izenekoa da eta 2010eko abenduan sortu zen. Ez zuten araurik ezarri, eta ondorioz jokalariek denboran zehar mundua hautsi egin dute. Klan edo talde bereziak sortu dira bertan, eta gaur egun, oso zaila da jokatu ahal izateko beharrezko materialak eskuratzea, zerbitzariak duen adinagatik, lehenengo milaka blokeetan ez dagoelako materialik eskuragarri.[32]
Minecraft Realms
2013an, Mojang bideo-joko garatzaile suediarrak Minecraft Realms host zerbitzua iragarri zuen, jokalari anitzeko jokoak zerbitzarian modu erraz eta seguruan exekutatzeko, jokalariak berak konfiguratu beharrik izan gabe. Zerbitzari estandarretan ez bezala, Realms zerbitzarietan jokalari gonbidatuak bakarrik sar daitezke eta ez dute IP helbiderik erabiltzen. Minecraft: Java Edition Realms zerbitzarien jabeek gehienez hogei lagun gonbida ditzakete beren zerbitzarian jokatzera, gehienez hamar jokalari aldi berean.[33][34]
Minecraft: Java Edition Realms zerbitzariek ez dute onartzen erabiltzaileak sortutako pluginik, baina jokalariak Minecrafteko mapa pertsonalizatuetan joka daitezke. Minecraft Bedrock Realms zerbitzariek erabiltzaileak sortutako osagarriak, baliabideen paketeak, portaeren paketeak eta Minecraft mapa pertsonalizatuak onartzen dituzte. 2016ko Electronic Entertainment Expo edo "E3" izenez ezagutzen bideo-jokoen industriako biltzarrik garrantzitsuenean, Windows 10, iOS eta Android plataformetako jokalariak elkarrekin jokatu ahal izateko euskarria gehitu zen Realms zerbitzarietan; hori 2016ko ekainetik aurrera izan zen posible. [35] 2017an, Xbox One eta Nintendo Switch plataformetarako euskarria gehitu zen eta baita errealitate birtualerako bertsiorako euskarria ere.[36][37]
| 2009 | Pre-Classic |
|---|---|
| Classic | |
| Survival Test | |
| Indev | |
| 2010 | Infdev |
| Alpha | |
| Alpha v1.2.0 - v1.2.6: "Halloween Update" | |
| Beta | |
| 2011 | Beta |
| Release 1.0: "Adventure Update" | |
| 2012 | 1.1 |
| 1.2 | |
| 1.3 | |
| 1.4: "Pretty Scary Update" | |
| 2013 | 1.5: "Redstone Update" |
| 1.6: "Horse Update" | |
| 1.7: "The Update that Changed the World" | |
| 2014 | 1.8: "Bountiful Update" |
| 2015 | |
| 2016 | 1.9: "Combat Update" |
| 1.10: "Frostburn Update" | |
| 1.11: "Exploration Update" | |
| 2017 | 1.12: "World of Color Update" |
| 2018 | 1.13: "Update Aquatic" |
| 2019 | 1.14: "Village & Pillage" |
| 1.15: "Buzzy Bees" | |
| 2020 | 1.16: "Nether Update" |
| 2021 | 1.17: "Caves & Cliffs: Part I" |
| 1.18: "Caves & Cliffs: Part II" | |
| 2022 | 1.19: "The Wild Update" |
| 2023 | 1.20: "Trails & Tales" |
| 2024 | 1.21: "Tricky Trials" |
Remove ads
Edizioak
Java edizioa
Markus Persson-ek 2009ko maiatzeko asteburu batean burutu zuen Minecraft jokoaren oinarrizko programazioa. Dena ondo zioala egiaztatzeko, probak modu pribatuan egin zituen eta jokalarien komentarioak kontuan hartu zituen zuzenketak eta aldaketak egiteko.[38][39][40] 2009ko maiatzaren 10etik 16ra bitarteko aste hartan garatu eta argitaratu ez zen Minecraft-en lehen bertsio hura Pre-Classic izenez ezagutzen da.
2009ko maiatzaren 17an argitaratu zuen jokoa lehen aldiz Minecraft Cave Game izenarekin.[41] Laster, jokalari batek hala gomendatuta, jokoari izena aldatu zion: Minecraft: Order of the Stone.[42] The Order of the Stick Interneteko komikian oinarritutako izena zen.[43] Gerora, doako lehen bertsio hari Classic izenez deitzen zion.[44] 2009ko maiatzaren 17tik azaroaren 10era bitartean, jokoaren bertsio hari aldaketa gehiago egiten segitu zuen.
2009 eta 2010 artean jokoaren garapena Survival Test, Indev eta Infdev izenez ezagutzen diren faseetan banatu zen. Indev laburduraz ezagutzen den faseak (ingelesez, in development) 2009ko abenduaren 23tik 2010eko otsailaren 23ra iraun zuen eta Infdev faseak (ingelesez, infinite development) 2010eko otsailaren 27tik ekainaren 30era.[45]
2010eko ekainaren 30ean argitaratu zuen Persson-ek Alpha izenez ezagutzen den lehen eguneratze garrantzitsua.[46][47] Garai hartan, jAlbum enpresan (irudi eta bideoetatik galeriak sortzea helburu duen webgunearentzat) egiten zuen lan egun osoko lanaldian. Alpha bertsioaren salmenta gora egiten ari zela ikustean, Minecraft jokoaren garapenean arduraldi osoan jardutea erabaki zuen.[48] Eguneraketak automatikoki banatzen ziren, bloke, elementu eta izaki berriak sartuz eta jokoaren mekanikan aldaketak erantsiz (ur-fluxua, adibidez). Salmentetatik lortutako diruarekin, Perssonek Mojang sortu zuen, bideo-jokoen estudioa, Jakob Porser eta Carl Manneh lankide ohiekin batera.[49]
2010eko abenduaren 11ean Beta fasearen hasiera iragarri zuen Perssonek.[50] Akatsen zuzenketak eta aurreko bertsioen eguneratzeak doakoak izango zirela adierazi zien jokalariei. Garapenak aurrera egin ahala, proiektuan lan egiteko langile gehiago kontratatu zituzten eta Mojang handituz joan zen.[51]
Lehen bertsio egonkorra (1.0 bertsioa) 2011ko azaroaren 18an argitaratu zen 2011ko Minecon (Minecraft convention) biltzarrean. Hura izan zen Minecraft jokoaren Java Edizioaren merkaturatze ofiziala.[52] Jens Bergensten (Jeb) bideojokoen programatzaile eta diseinatzaileak hartu zuen sortze-prozesuaren ardura osoa, ordura arte diseinuaren buru zen Persson ordezkatuz.[53] Minecraften zerbitzarien aldaketen euskarria hobetzeko asmoz, 2012ko otsailaren 28an, Mojangek Bukkit-en lan egiten zuten garatzaileen kontratazioa iragarri zuen.[54][55] Horrez gain, Mojang-ek CraftBukkit zerbitzariaren moduloaren itxurazko jabetza hartu zuen, nahiz eta bere zilegitasuna zalantzan jarri zen kode irekiko izaera izateagatik eta GNU Lizentzia Publiko Orokorraren (GPL) eta GNU Lesser General Public License (LGPL) lizentziapean egoteagatik.[56][57]
Pocket Edizioa
2011ko urrian, lehen bertsio egonkorra argitaratu baino hilabete lehenago, Android sistema eragilerako bertsioa estreinatu zen, mugikorretan jolastu ahal izateko: Minecraft: Pocket Edition.[58][59] Urte bereko azaroaren 17an argitaratu zen iOS sistema eragilea darabilten mugikorretarako bertsioa.[60][61] 2014ko irailaren 15ean, Microsoft enpresak Mojang erosi zuen 2500 milioi dolar estatubatuarren truke.[62] Handik gutxira, ataka bat jarri zuten Windows Phone sistema eragilean ere jolastu ahal izateko.[63] Java Edizioak ez bezala, Pocket Edizioak, hasieran, Minecraften sormenezko eraikuntzan eta oinarrizko biziraupen-elementuetan jarri zuen arreta, baina ez zuen PCrako bertsioaren ezaugarri askorik.[64] Bergenstenek Twitterren baieztatu zuen, Pocket Edizioa Javan idatzi beharrean C++-en idatzi zela, iOS sistema eragileak ez zuelako Java onartzen.[65]
2017ko urtarrilean, Microsoftek iragarri zuen Pocket Edizioaren Windows Phone-rako bertsioak ez zituela gehiago mantenduko.[66] 2017an Pocket Edizioa Bedrock Edition gisa berrizendatu zen, eta Xbox One eta Nintendo Switcheko bertsio berriekin plataformen arteko jokoa ahalbidetu zen.[67][68]
Bedrock Edizioa eta Console Edizioa
Hasiera batean, Bedrock Edizioa sakelako edizio bat izateko garatu zen, eta eskuragarri egon zen telefonoetan eta tabletetan erabiltzeko. Windows 10 Edition izeneko edizio bat ere badago, garapen lerro berean eta Pocket Edition kode berean oinarritzen dena, nahiz eta Windows 10erako bakarrik dagoen eskuragarri eta Holo Lens-en, Microsoften errealitate birtualeko gailuetan eta Oculus Rift-en ere funtzionatzeko prestatuta dagoen. Pocket Edizio arruntak ere gailu horietarako euskarria zuen, Samsung Gear VR-rekin adibidez.
Edizio honetako beste aldaera batzuk Apple TV Edition eta Fire TV Edition dira. Hala ere, 1.2 bertsiotik aurrera, Pocket Edition-en[69] jokagarritasuna bateratu zen Windows 10, Xbox One S eta errealitate birtualeko gailuekin, "Bedrock Edition" izenekoaren azpian, jokalari anitzeko jokoa ahalbidetuz aurreko plataformen artean, bai interkonexioa duten munduetan, bai jokalari anitzeko zerbitzarietan. Gerora, Nintendo Switch, Playstation 4 eta 5 gehitu zitzaizkion edizio honi.[70][71]
2012ko maiatzaren 9an 4J Studios bideo-joko garatzaileak Xbox 360 bideokontsolan jolasteko edizioa sortu zuen.[72][73] Xbox Live Arcade NEXT promozioaren barruan iragarri zen. Bertsio honek hainbat aukera aurkeztu zituen: berdiseinatutako artisautza-sistema bat, kontrolerako interfaze berri bat, jokoan integratutako tutorialak, jokalari anitzerako pantaila zatitzea eta Xbox Live bidez online jokatzeko aukera.[74] PCrako bertsioan ez bezala, bertsio honetan munduak finituak ziren, horma ikusezinez inguratuak. Hasieran, Xbox 360 bideokontsolarako bertsioak PCrako garatutako hasierako bertsioen antza zuen, baina eguneratzeak egin zizkioten Java Edizioaren antza emateko, behin-behinean bertan behera utzi aurretik.[75] Xbox One kontsolarako bertsioa 2014ko irailaren 5ean merkaturatu zen, mundu zabalagoak eta jokalari gehiagorako euskarria eskainiz.[76] PlayStation 3 eta PlayStation 4 plataformetarako edizioak 2013ko abenduaren 17an eta 2014ko irailaren 4ean argitaratu ziren, hurrenez hurren.[77] Xbox-erako bertsioak bezala, PlayStation-erako edizioak 4J Studios-ek garatu zituen.[78]
2015eko abenduaren 17an Nintendo plataformetarako edizioa sortu zen: Minecraft: Wii U Edition. Ipar Amerikara eta Europara 2016ko ekainean iritsi zen.[79][80] Nintendo Switcherako bertsioa Nintendo eShop banatzailearen bidez merkaturatu zen 2017ko maiatzaren 11n.[81]
2017ko irailaren 20an, Better Together Update eguneratzeari esker, Bedrock Edizioa Xbox One, Windows 10 eta plataforma mugikorrak erabiliz modu gurutzatuan jokatzeko aukera eskaini zen.[82] Gerora, Bedrock edizioa Nintendo Switcherako eta PlayStation 4rako zabaldu zen (azken honek 2019ko abenduan jaso zuen eguneraketa), eta horri esker Xbox Live doako kontua duten erabiltzaileentzako plataforma arteko jokoa ahalbidetu zen, baita PlayStation plataformarako ere.[83] 2024ko urriaren 22an PlayStation 5 plataformarako Bedrock edizioaren bertsioa argitaratu zen.[84] 2018ko abenduaren 18an, PlayStation 3, PlayStation Vita, Xbox 360 eta Wii U plataformek Legacy Console Editions izenez ezagutzen den azken eguneraketa jaso zuten.[85] 2019ko urtarrilaren 15ean, New Nintendo 3DS plataformak bertsioaren azken eguneraketa jaso zuen, eta, horrekin, eguneraketa berriak bertan behera geratu ziren.[86]
Legacy Console Edition, Xbox 360, Xbox One, Wii U, Nintendo Switch, PS3 eta PS4 kontsoletan funtzionatzeko prestatuta zegoen. Edizioa Java edizioaren oso antzekoa zen, eta jokalari anitzeko moduan joka zitekeen hainbat kontsolen harpidetzekin, Xboxen kasuan bezala, bere Xbox LIVE Gold zerbitzuarekin. Bedrock edizioa PS4ra iritsi zenean, 2019ko amaieran, Legacy edizio guztiak merkatutik kendu ziren. Plataforma batzuetan eskuragarri izaten jarraitzen duten arren, ez dute eguneraketa gehiagorik jasoko.
Eguneratzeak
Eguneratze berri asko argitaratu izan dira, berriena 1.22 izanik.[87] Hala ere, bertsio zaharragoak erabiliz jokatzeko modu asko daude. Adibidez, 2016. urtean 1.8 bertsiotik 1.9 bertsiora borrokatzeko moduan aldaketa nabarmenak egin zituztenez (Combat Update), 1.8 bertsioko borrokarako modalitatea gogoko zuten jokalari askok mundu partekatuetan hura inplementatzea erabaki zuten, borroka zaharraren esentzia mantendu ahal izateko.
Bestetik, jokorako modua Biziraupenezkoaren antzekoa bada, jokalari askok +1.9ko bertsioak nahiago dituzte, bertan dauden objektu anitz eta berrien ondorioz, jokoaren aukerak asko zabaltzen direlako.
Remove ads
Pertsonalizazioa
Modding komunitatea Minecraft jokoaren zaleek, erabiltzaileek eta kanpo-programatzaileek osatzen dute. Kodearen aldaketei mod deitzen zaie, hortik dator ingelesezko modding terminoa. Kodea aldatuz sortu diren APIak erabiliz, Minecrafterako eduki deskargagarri (ingelesez, DLC edo DownLoadable Content) asko ekoitzi da, jokoan aldaketak gehitzeko (bloke berriak, elementu berriak, zohikatz berriak eta sortzeko mekanismo-multzo berriak), testuren mapaketa eta mapa pertsonalizatuak egin ahal izateko.[88][89]
Horrela, Modding komunitateak jokoa hobetzen duten minimapak,[90] ibilbide-puntuak eta iraunkortasun-kontagailuak[91] sortu ditu, baita beste bideojokoen hainbat elementu gehitu ere. Mod-en marko asko kodearen alderantzizko ingeniaritza eginez modu independentean garatu badira ere, Mojangek Minecraft estandarra aldaketarako marko ofizialekin hobetu zuen. Horiei esker, komunitateak baliabide-paketeak ekoizteko aukera du, jokoaren zenbait elementu aldatzeko, testurak eta soinuak barne.[92] Jokalariek beren "mapak" sor ditzakete, hau da, mundua pertsonalizatu eta fitxategian gorde, nahi izanez gero arau espezifikoekin, erronkekin, asmakizunekin eta misioekin, eta mapa horiek parteka ditzakete beste jokalariek erabiltzeko.[93] Halakoak egiten dituztenei "mapa-sortzaile" deitu ohi zaie.
Mojang-ek abentura modu bat gehitu zuen 2012ko abuztuan[94] eta "komando-blokeak" 2012ko urrian[95], bereziki Java Edizioan mapa pertsonalizatuak sortzeko. Java Edizioaren 1.13 bertsioan sartutako datu-paketeek pertsonalizatzeko aukera handiagoa eskaintzen dute: lorpen berriak gehitu daitezke, dimentsioak, funtzioak, harrapakin-taulak, predikatuak, errezetak, egiturak, etiketak, mundu mailako sorkuntza-konfigurazioak eta bioma moduluak.
Xbox 360 edizioak Xbox Games Store bidez eros daitekeen eduki-deskargarria onartzen du. Eduki-pakete horiek pertsonaien maskara gehigarriak izaten dituzte.[96] Geroago, izenburuaren hamabigarren eguneratzean, "nahasketa-paketeak" aurkezten zituen bitartean, testuren paketeetarako euskarria jaso zuen. Bertan, ehundura-paketeak maskara-paketeekin eta soinuen, musikaren eta jokoaren erabiltzaile-interfazearen aldaketekin konbinatzen ziren.[97] Lehen mash-up paketea (eta, hedaduraz, lehen testura-paketea) Xbox 360 Edition-erako 2013ko irailaren 4an kaleratu zen eta Mass Effect frankizia zuen gaitzat.[98] Hala ere, Java Edizioak ez bezala, Xbox 360 edizioak ez du jokalariek sortutako aldaketarik onartzen, ezta mapa pertsonalizaturik ere. 2016ko maiatzaren 17an, Nintendoren Super Mario frankizian oinarritutako sustapen gurutzatuko baliabideen pakete bat merkaturatu zen mundu osoan Wii-U ediziorako.[99] Wii-U Ediziorako Fallout-en oinarritutako pakete konbinatu bat merkaturatuko zela iragarri zen.[100] 2018ko apirilean, jokoaren Java ediziorako erabiltzaileek sortutako Minecraft maskara deskargagarri batzuetan malwarea aurkitu zen.[101] Ia 50.000 kontu kutsatuta zeudela adierazi zuen [102]Avast enpresak. Malwarea aktibatzen zenean, erabiltzailearen disko gogorra formateatzen saiatzen zen. [102][101]Mojangek berehala konpondu zuen arazoa, eta adierazpen bat egin zuen, esanez "jokoak berak ez zuela kodea exekutatuko edo irakurriko",[101] maskara zeukan irudia irekitzen zenean bakarrik exekutatuko zela.[103]
2017ko ekainean, Mojangek Discovery Update izeneko eguneratzea atera zuen jokoaren Bedrock Ediziorako.[104][105] Eguneratzeak mapa berri bat, jokorako modu berri bat, merkatua edo Marketplace, erabiltzaileek sortutako edukien katalogo bat, Minecraften sortzaileei "jokoarekin bizimodua ateratzeko beste modu bat" eskaintzen diena, eta gehiago.[106][107]
Mod ezagunak
Badira Minecraft komunitatean eta, oro har, modding komunitatean, asko erabiltzen diren mod-ak edo bereziki garrantzitsuak direnak beste mod batzuen edo jokoaren egonkortasunerako eta bateragarritasunerako. Hona hemen horietako batzuk:
- Forge, Fabric, Bukkit, Paper: zerbitzari baten edo bezeroaren (jokalariaren) instalazio bat aldatzen duten proiektuak dira, mod-ak garatzeko API bat inplementatzen dutenak.
- Optifine: bezeroarentzako edo zerbitzariarentzako mod-a da, errendimendua eta estetika hobetzeko ezaugarriak gehitzen dituena (geruzak).
- Power 2 sarea: Minecraft-i industria-teknologia gisako ezaugarri aurreratuak gehitzen dizkion mod-a da, hala nola ponpa hidraulikoak, eguzki-panelak eta tutu pneumatikoak. Horri esker, jokoaren beraren mekaniken bidez, MOS 6502 mikroprozesadorean oinarritutako ordenagailu oso bat emula daiteke.[108][109][110]
Remove ads
Euskaraz
Minecraft jokoan hizkuntza aukera daiteke eta Euskara aukeratzea ere posiblea da. Aukera hori ez zuten jokoan hasieratik txertatu, "12w01a snapshot" izeneko bertsioan ezarri zuten, 1.1 bertsioko proba bertsioetako batean, 2012ko urtarrilaren 5ean. Beraz, esan dezakegu gaur egun euskarak ia 13 urteko adina duela Minecraften.[111][112][113][114][115]
2025eko apirilaren 4an Minecraft film bat pelikula euskaraz estreinatu zuten Hego Euskal Herriko zenbait aretotan, "Zinema Euskaraz" programaren eskutik.[116] Publiko orokorrari bideratua dagoen film estatubatuarra da.[117][118]
Remove ads
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
