Baso
zuhaitzen multzo zabal nahiko trinkoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Basoa zuhaitzez betetako lur eremua da[1], non beste hainbat zuhaixka, landare eta bestelako izaki bizidunak bizi ahal diren. Landare-komunitate horiek Lurreko eremu handiak estaltzen dituzte, eta funtzio ugari betetzen: animalientzako habitata, fluxu hidrologikoen modulatzailea, lurzoruaren kontserbatzailea, eta abar. Horregatik, Lurraren biosferaren osagai nagusietakoa da, eta 4 mila milioi hektarea hartzen zuten 2006ean mundu osoan, gutxi gorabehera, lur lehorraren % 30[2].
- Artikulu hau ekosistemari buruzkoa da; ontziari buruzkoa beste hau da: «Edalontzi».


Basoak munduko eskualde gehienetan aurki daitezke, baldin eta zuhaitzak hazi badaitezke, baso-mugaraino, salbu eta sute naturalaren maiztasuna handiegia bada edo inguramena kaltetua badago prozesu naturalengatik edo giza jarduerengatik. Basoek, batzuetan, zuhaitz-espezie asko izaten dituzte eremu txiki baten barruan (oihan tropikalean edo hostozabalen baso epelean kasu), edo espezie gutxi inguru handietan (adibidez, taigan).
Basoa animalia eta landare-espezie askoren bizileku eta Lurreko ekosistema nagusia da[3]. Basoak Lurreko biosferaren ekoizpen primario gordinaren % 75 dira, eta Lurreko landare-biomasaren % 80 dute. Ekoizpen primario garbia, urteko, 21,9 gigatonatan kalkulatzen da baso tropikaletan, 8,1 baso epeletan eta 2,6 baso borealetan[3].
Gizarteak eta basoek elkarri eragiten diote, modu positiboan zein negatiboan. Basoek zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkiete gizakiei, eta hauen osasunean ere eragin dezakete. Giza jarduerek, baso-baliabideen erabilera jasanezina barne, eragin negatiboa izan dezakete baso-ekosistemetan, deforestazioa eragiteraino.
Remove ads
Hitza
Euskaraz, baso eta oihan hitzen esanahiak, zenbait kasuetan, nahastu edo ondo zehaztu gabe agertzen dira. Gainera, bien arteko ezberdintasunak aldatzen dira euskalki batetik bestera zein eskualdez eskualde. Antza, garai batean, oihanak edo ohiarrak basoaren esanahia zuten euskararen zabalpen eremu guztian, toponimoen ugaritasunak agerian uzten dutenez.
Egun baso hitza mendebaldeko euskalkietan erabiltzen da, batez ere, eta oihan, berriz, ekialdekoetan, nahiz eta bigarrena Euskal Herriko idazle guztiek erruz erabili aspalditik[4]. Euskara batuan, oihan hitzak adiera bereizgarria hartu du, baso guztiz handia eta basatia adierazteko[5]. Horrela, klima epeletako zein tropikaleko baso handiak izendatzeko erabiltzen da, hala nola Iratiko oihana, Oihan Beltza (Alemanian) eta Amazoniako oihana (Hego Amerikan).
Baso- osagaia basoarenak adierazteko, eta hau ere, salbuespenak kenduta, loturik: basoilar, basoilo, basolan, basomutil, basozain... Basa- osagaia basati esanahiarekin erabiltzen da hitz-elkarketan[6].
Espeziaren arabera, zuhaizti eta basoak izendatzeko, -di atzizkia erabiltzen da, adibidez, harizti, pagadi, pinudi eta urkidi.
Remove ads
Motak
Basoak hainbat modutan sailka daitezke, hainbat espezifikotasun-mailarekin. Modu horietako bat biomaren araberakoa da, espezie ugarienen hostoen bizitza-luzerarekin konbinatuta (hostogalkorrak ala hostoiraunkorrak izan). Beste sailkapen bat da basoak, nagusiki, zuhaitz hostozabalek, koniferoek edo mistoek osatzen dituzten.
Landarediaren arabera
Sailkapen bat basoen osaera nagusiaren arabera ezartzen da, hosto motaren arabera: hostozabalak, koniferoak edo biak.
- Hostozabalen basoa, angiospermoak nagusi dira, eta koniferoena baino bioaniztasun handiagoa dute.


- Koniferoen basoa, gimnospermoak nagusi diren basoak dira.
- Baso mistoa, non bi zuhaitz moten arteko oreka dagoen.
Espezie nagusien kopuruaren arabera
- Espezie bakarreko basoa. Baso-mota horietan, landare-espezie bakarra da nagusi (hariztian, haritza; pinudian, pinua, etab.).
- Espezie anitzeko basoa edo baso mistoa. Horietan, zenbait espezie nagusi daude.
Hostoen urtarokotasunaren arabera
Basoak sailkatzeko beste modu bat da zuhaitz gehienen hostoen bizitza-luzera zehaztea.
- Baso hostoiraunkorra eta azpihostoiraunkorra, hosto iraunkorrak nagusitzen badira.
- Baso hostogalkorra eta azpihostogalkorra, hosto erorkorrak nagusitzen badira.
Klimaren arabera

- Baso borealak: Klima azpiartikoko eta kontinentaleko basoak dira, eremu azpiartikoa hartzen dutenak, eta, oro har, hosto iraunkorrak dituzten koniferoenak dira.
- Baso epelak: Klima epel eta kontinentaleko basoak dira, hostozabalen baso misto epelak eta koniferoen baso epelak bezala. Gune epel beroetan, hosto zabaleko zuhaitz hostoiraunkorrak daude, hala nola baso mediterraneoa eta laurisilva.
- Baso azpitropikala: Klima azpitropikala duten basoak, hezeak edo lehorrak.
- Baso tropikala: Klima tropikalekoa, ekosistema euritsuena den oihan ekuatoriala edo baso lehor tropikala bezalakoa.
Altitudearen arabera
- Lur baxu, oinarrikoa, lautada edo lautadako basoa. Era berean, uholdekoa izan daiteke.
- Mendiko basoa, altueraren arabera aldatzen den mendiko klima duena. Era berean, aurremenditarra, menditarra edo azpialpinoa izan daiteke.
Giza eraginaren arabera

Fisionomiak egitura fisiko osoaren edo hazkunde-etaparen arabera sailkatzen ditu basoak. Basoetan nagusi diren espezieen arabera ere sailka daitezke modu zehatzagoan. Historiaren eta aldaketa-mailaren ikuspuntutik, basoak honela sailka daitezke:
- Baso primarioak, berezkoak ere deituak, gizakiaren aldetik esku-hartze antropikorik jasan ez dutenak dira. Baso naturalek biodibertsitatearen jatorrizko patroiak baino ez dituzte. Biodibertsitate hori eta bertako prozesuak ez dituzte gizakiek larritzat jo daitekeen maiztasun edo intentsitatearekin ukitu. Munduko basoen % 34 primarioak dira[9].
- Baso antropogenikoak: Gizakiek eragindakoak edo sortutakoak, basoaren patroietan eraldaketa handiak eragiteko moduko maiztasun edo intentsitatearekin. Maiz, baso mota horietan, espezie exotikoak daude.
- Baso sekundarioak: Lehen mozketa partzial edo oso baten ondoren birsortu direnak.
- Baso artifizialak edo landaketak: Gizakiak edozein helburutarako landatu dituenak.
Biomaren arabera
WWF erakundeak 8 baso mota bereizten ditu beste bioma moten artean:
- 01. Hostozabalen oihan heze tropikala.
- 02. Hostozabalen oihan lehor tropikala.
- 03. Koniferoen baso tropikala.
- 04. Hostozabalen baso misto epela.
- 05. Koniferoen baso epela.
- 06. Baso boreala/Taiga.
- 07. Baso mediterraneoa.
- 08. Mangladia.
Remove ads
Ekosistema
Baso-ekosistema bat baso eremu bat da, bertako landare, animalia eta mikroorganismo guztiek (faktore biotikoek) osatua, inguruko osagai bizigabeekin batera (faktore abiotikoak) lan egiten dutena.
Baso-ekosistemak zuhaitzak garatzeko gai diren eskualde guztietan aurki daitezke, baso-mugaraino iristen diren altitudeetan, suteen edo bestelako perturbazioren maiztasun naturala handiegia denean izan ezik, edo giza jarduerak ingurumena aldatu duenean izan ezik.
Ekuatoretik 10° N eta 10° S latitudeen arteko eskualdeak oihan tropikalez estalita daude gehienbat, eta 53° N eta 67° N arteko latitudeek baso boreala dute. Oro har, angiospermoak nagusi diren basoak espezie gehiago dituzte gimnospermoak nagusi direnak baino; zuhaitz-espezie asko izaten dituzte eremu txiki baten barruan (oihan tropikal eta hostozabalen baso epeletan bezala), edo espezie gutxi inguru zabaletan (adibidez, taiga eta konifero menditar idorren basoak). Basoek animalia eta landare espezie asko izan ohi dituzte, eta metro karratuko biomasa handia dute beste landare-ekosistema batzuekin alderatuta. Biomasa horren zati handi bat lur azpian dago, sustraietan eta erdi-deskonposatutako orbelean. Basoetako zurezko osagaiek lignina dute, poliki-poliki deskonposatzen dena beste material organiko batzuekin alderatuta, zelulosa edo karbono hidratoak kasu.
Osagaiak
Baso batek osagai asko ditu, bi kategoriatan banatuak: osagai biotikoak (bizidunak) eta abiotikoak (ez bizidunak). Bizidunen artean daude zuhaitzak, zuhaixkak, igokariak, belarrak eta beste landare belarkara batzuk (ez zurkarak), goroldioak, algak, onddoak, intsektuak, ugaztunak, hegaztiak, narrastiak, anfibioak bai eta landare-animalietan eta lurzoruan bizi diren mikroorganismoak ere.
Geruzak
Baso bat geruza (edo estratu) ugariz osatuta dago. Baso mota guztietako geruza nagusiak bost dira: lurpeko-geruza, goroldio-geruza, belar-geruza, zuhaixka-geruza eta zuhaitz-geruza. Geruza bakoitzak landare eta animalia multzo ezberdina du, eguzki argiaren, hezetasunaren eta elikagaien eskuragarritasunaren arabera.
- Zuhaitz-geruza[10]: 8 m garai baino gehiagoko zuhaitzek osatua.
- Zuhaixka-geruza[10]: Zuhaitz txikiek eta zuhaixkek osatua, goiko geruza 2 eta 7 m garai artean eta behekoa 0,3 eta 2 m artean.
- Belar-geruza[10]: Belar eta landare ez zurkarek osatua, 1 m garai arte.
- Goroldio-geruza (edo kriptogamikoa): Ggoroldio eta likenek osatua, milimetro gutxi batzuk.
- Lurpeko geruza (edo azpikriptogamikoa): Lur azpiko landare eta mikrofaunak osatua, batez ere 20 cm lurpean
Beheko hiru edo lau geruzek, batzuetan, oihanpe izena hartzen dute[10].
Batzuetan, beste sailkapen batzuk ere erabiltzen dira, adibidez, herrialde anglosaxoietan, non geruza horiek erabili beharrean hauek darabilten: zorua (forest floor), oihanpea (understory), adaburua (canopy) eta gainekoa (emergent layer).
Remove ads
Basoa eta gizakia
Basoek zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkiete gizakiei, horien artean:
- Karbono dioxidoa oxigeno eta biomasa bilakatzea. Zuhaitz heldu batek 100 kg oxigeno ekoizten du urtean[11].
- Karbono putzu izatea. Horrela, beharrezkoak dira klima aldaketa leuntzeko. Adibidez, industriaurreko mailatik 1,5 °C baino gorago berotzea saihesteko, beharrezkoa litzateke 10 milioi km2 (Kanadaren azalera) baso berri landatzea 2050 baino lehen[12].
- Klima doitzen laguntzea. Adibidez, basoek euria eginarazten dute, eta, moztuz gero, lehortea sorrarazi.
- Ura araztea.
- Hondamendi naturalak leuntzea, hala nola uholde eta luiziak.
- Gordailu genetikoa izatea.
- Zura ekoiztea eta aisia-gune izatea.
- Sutarako egurra eta janaria ekoiztea.
Basoen ustiapena eta kudeaketa basogintza da.
Oro har, gizakiek baso kopurua murriztu dute mundu osoan. Basoei eragin diezaieketen faktore antropogenikoen artean daude egur-mozketa, hiri-barreiatzea, gizakiak eragindako baso-suteak, euri azidoa, espezie inbaditzaileak, nekazaritza ibiltaria eta erretura-nekazaritza. Basoen mozte-birlandatzeak bi baso mota bereiztea eragiten du: baso primarioak eta baso sekundarioak. Era berean, faktore natural askok aldaketak eragin ditzakete basoetan denborarekin, besteak beste, baso-suteek, intsektuek, gaixotasunek, klimak, espezieen arteko lehiak, eta abarrek. 1997an, munduko jatorrizko basoen % 20 bakarrik jarraitzen zuen ukitu gabeko baso-eremu handietan[13]. Baso horien % 75 baino gehiago hiru herrialdetan daude: Errusia eta Kanada (baso boreala) eta Brasil (oihan tropikala).
Baso-soiltzea
Sakontzeko, irakurri: «Basogabetze»
Baso-soiltzea edo deforestazioa gizakiaren jarduerak eragindako baso eremuen soiltzea da. Munduko baso eremua 17 milioi hektareatan (Ingalaterra, Gales, eta Ipar Irlanda, denak batera baino eremu handiagoa) murrizten da urtean. 1980 eta 1990 bitartean, Asian eta Pazifikoan % 1,2 murrizten zen urtero baso eremua, Latinoamerikan % 0,8, eta Afrikan % 0,7. Europan eta Ipar Ameriketan, baso eremuak ez du, oro har, gorabehera handirik aspaldian.
Ez dira nahastu behar baso-soiltzea (deforestazioa) eta basoaren degradazioa; azken horrek basoaren kalitate mailaren murrizketa adierazten du. Bi prozesuek, baina, elkarrekin zerikusia dute, eta zenbait arazo ekartzen dituzte. Lurra higatu eta geruza freatikoen egonkortasuna galaraz dezakete, eta uholdeak edo lehorteak gertatzea erraztu, eta bioaniztasuna murrizten dute (habitat, landare mota eta tipo genetikoen aniztasuna). Herri askotako kultura eta jakintza basoarekin harremanetan sortu eta bilakatu da, eta basoarekin batera ari dira galtzen. Munduan, 200-500 bat milioi pertsonak basotik eskuratzen dute janaria, berogarria eta erregaia, eta baso galerak bizimodua aldatzera behartuko ditu. Baso galerak eta degradazioak, bestalde, desorekak eragin ditzake eskualde jakin bateko edo munduko kliman. Basoak, gainera, garrantzi handikoak dira karbonoa metatzen dutelako. Baso eremua murriztuz gero, karbono dioxido gehiegi izango zen eguratsean, eta Lur osoaren berotzea eragingo luke. Beroketaren ondorioak oso larriak izango lirateke. Gaur egun, baso galera arazo handitzat daukate gobernuek, baina, lehen, nazioaren aurrerabidea azkartzen zuela uste zuten. Lurreko eskualde epeletako nekazaritza basoa suntsitu eta lurraren emankortasuna baliatuz azkartu da.
Ingalaterrako baso eremu handienak 1350ean galdu ziren. Europako gainerako herrialdeetan eta Ipar Ameriketan, XVIII. eta XIX. mendeetan gertatu zen baso galera handiena, lur sailak zabaldu eta landu beharrez, industria hiriak elikagaiz, erregaiz eta eraikuntzarako materialez hornitzeko. 1900ean, Britainia Handian, baso eremua lurralde eremu osoaren % 5 besterik ez zen, eta, gaur egun, % 10 da. Baso galeraren prozesuak suntsitzaileagoak dira tropikoetan. Tropikoetako basoetako lurrak, oro har, eskualde epeletakoak baino askoz meheagoak dira, ez hain emankorrak, eta errazago higatzen dira lixibiazioz. Kolonizazio garaiko politikak, «baso oparoa, lur emankorrak» okerreko ustean oinarrituta, produktu komertzialak lantzeko soildu zituen basoak, eta, horren ondorioz, leku askotan, lurra ahitua dago. Tropikoetako baso galera 1950 ingurutik aurrera azkartu zen, batez ere makina astunen laguntzarekin.
Remove ads
Basoen kudeaketa
Basoen azterketa zientifikoari baso-ekologia deritzo; bere administrazioari, berriz, basogintza esaten zaio, normalean baliabide iraunkorrak erauzteko. Baso-ekologoak basoaren patroietan eta prozesuetan espezializatzen dira, gehienetan kausa-efektu erlazioak argitzeko helburuarekin. Basozainak, oro har, zura ateratzera eta basogintzara bideratzen dira, birsorkuntza eta zuhaitzen hazkunde-prozesua barne.
Basoak alda daitezke, besteak beste, zuhaitzen mozketek, baso-suteek, euri azidoek, belarjaleen elikadurak, edo izurritek eragin dezaketen kalteengatik. Estatu Batuetan, baso gehienei, historikoki, gizakiak eraso egin die, sakonki; hala ere, azken urteetan, baso-jarduerak hobetu dira, eta horrek eragina erregulatzen lagundu du. Hala ere, Estatu Batuetako Baso Zerbitzuak (United States Forest Service) uste du urtero 1,5 milioi akre (6000 km²) inguru galtzen direla herrialdean dauden 750 milioietatik (3.000.000 km²).
Remove ads
Basoak munduan
Baso gehien duten 10 herrialdeek mundu osoko %67 baso azalera dute. Errusiak bakarrik munduko % 20 du[14].
| Iturria: 2015 - FAO |
Remove ads
Baso naturalen kudeaketaren ingurumen-inpaktuak

Baso naturalen kudeaketak hainbat helburu izan ditzake:
- Zura eta beste baso-produktu batzuk ekoiztea (egurretarako ez diren baso-produktuak, bigarren mailako gisa deskribatuak, baina garrantzi berekoak).
- Arro hidrografikoaren babesa.
- Biodibertsitatearen zainketa.
Esate baterako, Argentinako Misionesen azaleraren ia bi heren basoz estalita daude. Bertako basoa hainbat erabileratarako ustiatzen da. Gehien baloratzen diren espezieak zedroa, peteribia (altzarientzat) eta guatambua (zur ebakiarentzat) dira. Pinuarekin (bertakoa ez dena) eta araukariekin (bertakoa) ezarritako baso-eremu zabalak daude, batez ere Parana ibaiaren ertzetan. Baso-ekoizpena Puerto Esperanza, Puerto Piray eta Puerto Mineraleko zelulosa-fabriketara bideratzen da, baita zerrategietara eta probintziako beste basogintza-industrietara ere.
Basoetarako ingurumen-mehatxu nagusiak Klima aldaketa, kutsadura edo izurriteak dira, besteak beste, basoei eragiten dieten faktoreetako batzuk[15]. Kasu askotan, konpainia ibiltari multinazionalek baliabide mineralekiko duten interesa, baso-eremu zabalak urperatzen dituzten presen eraikuntza edo hirien eta komunikabideen hazkundea (errepideak, kanalak, etab.) beste hainbeste arrazoi dira basoaren atzerakada edo zatiketarako.
Munduan baso-azalerak behera egiten ari denean, Europan gora egiten ari da. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, kezka handia sortu zen basoak kontinentean izan zuen gainbeheraren inguruan, basoen % 45ek gaixotasun-sintomak baitzituzten: defoliazioa, banakoen hilkortasuna, etab. Ikerketa gehienek airearen kutsadurarekin lotu zuten basoaren gainbehera. Prozesua bereziki larria zen lurzoru azidoetako erdialdeko Europan, non sufre dioxidoaren isuri handien ondorioz euri-uraren pH-a hurbil zitekeen 3ko batez besteko balioetara[erreferentzia behar].
Kanpo-eraginak
Kanpoko zenbait faktorek eragin dezakete basoaren ekosistema hondatzea edo suntsitzea, besteak beste, presako lurra urez betetzea ur-gordailu bat osatzeko, basoan belar-sastrakak garbitzea abeltzaintzarako, nekazaritza migratzailea nekazaritza komertzialera aldatzeko (hala nola kautxua, palma afrikarra, kafea, arroza eta kakaoa).
Lur baxuko baso tropikal hezeak

Mundu osoa kezkatzen du behe-lurretako baso tropikal hezeko eremu asko azkar hondatzeak edo erabat suntsitzeak. Baso horiek espezie-dibertsitate handia eta ingurumen-konplexutasuna dute ezaugarri, baita horiek modu jasangarrian kudeatzen saiatzean sortzen diren zailtasunak ere. Baso-eremu paregabe horiek parke eta erreserben bidez kontserbatzea da, potentzialki, biodibertsitatea, ingurumen-prozesuak eta bertako biztanle indigenen bizimoduak babesteko modurik onena; hori, baina, eremu mugatu batzuetan baino ezin da egin. Presio ekonomikoak eta biztanleriaren hazkundeak lurraren erabilera areagotzen ari dira. Lehen, lurraren garapena iraunkorra zen (nekazaritza migratzailea), baina, orain, maila ez-jasangarri eta suntsitzaileetara iritsi da; belar-sastraken garbiketarako baso-ustiapena bultzatzen da, eta, neurri handi batean, baso-lurrak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako bihurtzea bultzatu da, eta horiek, oro har, iraungaitzak dira, eta baso-ekosisteman kalte iraunkorrak eragiten dituzte. Basoak babesteko eta produkziora bideratutako beste jarduera batzuetara aldatzea aurreikusteko eta haien ingurumen-balio gehienak babesteko modurik egokienetako bat da baso naturalak kudeatzea beren egur eta beste produktu batzuen produkzioa jasangarria izan dadin eta emaitza ekonomiko garrantzitsuak sor ditzan.
Zura ekoizteko baso tropikal hezearen erabileraren bi auzi kritikoak dira:
- Erabilera-sistema iraunkorrak garatzea.
- Sistema horien inplementazioa, basoaren balioak maila onartezinetara jaitsi ez daitezen.
Teorian, baso tropikal hezeek baso-produktuak modu mugagabean horni ditzakete. Baina, egia esanda, sistema gutxi dira iraunkorrak edo espezie kopuru mugatu bat duten baso natural horietako gehienetara aplika daitekeenak. Horregatik, eta diru-sarrera azkarrak sortzea eskatzen duten presio ekonomikoengatik, gaur egun, ustiatzen diren behe-lurreko baso tropikal hezeen zati txiki bat baino ez da modu iraunkorrean garatzen ari.
Behe-lurreko baso tropikal hezeetarako egokiena den baso-kudeaketa sistema, espezie ugari dituelako, ustiapen selektiboa da; horrekin, hektareako zuhaitz kopuru txiki bat baino ez da ateratzen. Hori kontuz egiten bada (lurzorua eta inguruko landaredia ahalik eta gutxien hondatuz), ingurumen-kalteak muga daitezke. Ahalik eta gutxien kaltetzen dira basoaren bioaniztasuna eta ingurumen-zerbitzuak emateko gaitasuna (basoak zerbitzu hauetako lau ematen ditu: karbono dioxidoaren finkapena, biodibertsitatea, uraren zikloa eta lurraren finkapena)[16], basoan ez baita espazio handirik sortzen, belar-sastrakak kentzearekin gertatzen den moduan.
Euskal Herrian

Euskal Herriko basorik handiena Iratiko oihana da, Europako pagadi-izeidi handienetan bigarrena (Alemaniako Oihan Beltza baizik ez da handiagoa).[17] Guztira, hamazazpi bat mila hektarea ditu,[17] Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaian. Iratiko oihanaren eremu bat, Lizardoia izenekoa, Aztaparretarekin batera, UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen 2017an[18][19], Europako beste pagadi batzuekin batera.
Gainerakoan, hostoerorkorren basoak bereziki eremu hauetan daude: Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean, Sakanatik Aezkoaraino; Arabako ekialdean –Mendialdea eskualdean– eta ipar-mendebaldean –Aiaraldean eta Añanako kuadrillaren iparraldean–; Zuberoa osoan; Nafarroa Beherea osoan; eta, Gipuzkoan, Urola Erdian eta Goierrin (Aralar inguruan).
Bizkaian ez dago berezko baso askorik, hostoiraunkorren landaketak baitira nagusi ia probintzia osoan (% 66), pinudiak, batez ere; Enkarterriko inguru batzuk eta Durangaldean Urkiolako natur parkea dira salbuespen nagusiak, han badagoelako basoa. Gipuzkoan ere konifero landaketak dira nagusi (% 56), baina, Araban, % 28 baino ez dira.
Remove ads
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
