Arrano tximinozale

From Wikipedia, the free encyclopedia

Arrano tximinozale
Remove ads

Arrano tximinozalea[3] edo Filipinetako arrano tximinozalea (Pithecophaga jefferyi) Pithecophaga generoko hegazti harraparia da. Accipitridae familian sailkatua dago.

Datu azkarrak Iraute egoera, Sailkapen zientifikoa ...

Filipinetako basoetan bizi den arrano espezie handia da, arre eta zuri kolorekoa da eta buruan gandor lumatsu bereizgarri bat du. Normalean 4-8 kg bitarteko pisua du eta 86-102 cm luze da mokotik buztanera. Oso mehatxatuta dagoen espezie bat da, galzori larrian.[4]

Hego-azalera eta mokotik buztanerako luzeraren arteko erlazioaren aldetik munduko arranorik handiena bezala hartzen da arrano tximinozalea, bestalde, masa eta bolumenaren aldetik soilik harpia handia eta itsas arrano erraldoia dira Filipinetakoa baino handiagoak.[5][6]

Filipinetako hegazti nazionala izendatu da eta mila peso filipinar diru-paperean ordezkatuta dago.[7][8]

Galzori larrian dagoen espeziea da[4] eta bere mehatxu handiena habitataren suntsipena da, batez ere bere banaketa eremuan bizitzeko beharrezkoak dituen basoen deforestazioak eragindako degradazio eta bizilekuen suntsipena. Legez kanpoko ehiza edo espezie honen kontra egiten diren tiroketak ere mehatxu bat dira.[9]

Espezie hau hiltzea debekatuta dago Filipinetan eta hori egiteak 12 urtera arte luza daitekeen kartzela zigorra eta isun handiak ordaintzea suposatzen ditu.[10]

Remove ads

Izenak

Filipinetan hizkuntza ugari daude eta, beraz, arrano tximinozaleak bertako berezko izen ugari ditu. Espezie hau bertako hizkuntzetan honako izen hauekin ezagutzen da: bánoy edo ágila (gaztelaniatik hizkuntza-mailegu bat) tagaloz; manaul edo manaol bisayeraz; manaol edo garuda maranaoz eta maguindanaoz; tipule subanun hizkuntzan eta mam-boogook edo malamboogook manobo, klata, tagabawa, mandaya eta kalagan hizkuntzetan. Aipatutako izen batzuk orokorrean bertako arrano handienak izendatzeko erabiltzen dira, beraz espezie ezberdinek izen bera izan dezakete zenbait kasutan hizkuntza horietan. Filipineraz háribon izenaz ezagutzen da ("haring ibón"-etik datorrena eta literalki "hegaztien erregea" edo "hegazti erregea" esanahia duena).[7][11]

Remove ads

Taxonomia

Espeziea ikertu zuen lehen europarra John Whitehead esploratzaile eta naturalista ingelesa izan zen, 1896. urtean, espeziea behatu eta aste batzuk geroago bere zerbitzari Juanek espezie honetako ale bat hartu zuenean.[12]

Espezie honek tximinoak ehizatu eta jateko duen ohituragatik dator bere izen generikoa. Bonja eta Samar eskualdeetako (zientziak espezie hau deskubritu zuen lehenengo eskualdeak) bertako herritarrek mendebaldeko naturalista esploratzaileari pasa zizkioten informeen arabera jarri zitzaion izena. Informe horietan esaten zen tximinoak zirela arrano espezie honen dieta bakarra.[13] Hortik dator, beraz, bere izen generikoa den Pithecophaga; grezieratik datozen phitecus (πίθηκος, "tximino") eta phagus (-φάγος, "-jale" edo "jaten duena") hitzetatik sortua.[14] Izen espezifikoa ordea John Whitehead-en aitatik dator, Jeffery Whitehead-tik, bere omenez jarria.[12][14]

Geroago egin ziren ikerketek frogatu egin zuten tximinoez gain bestelako animaliak ere ehizatu eta jaten dituela arrano honek; besteak beste, kolugoak, suge handiak, barano musker handiak eta Bucerotidae familiako hegazti handiak ere sartzen ditu bere dietan.

1995. urtean arrano tximinozalea Filipinetako ikur nazional aldarrikatu eta bihurtu egin zen Fidel V. Ramos orduko presidentearen eskutik. Espezie honek ez du subespezie aitorturik.[15]

Historia ebolutiboa

1919. urtean espeziearen hezurduraren ezaugarriei buruz egindako ikerketa batek iradoki zuen harpia handia arranoa zela espezie honen ahaiderik hurbilena.[16] Filipinetako arranoa Harpiinae azpifamilian sailkatuta geratu zen 2005-an DNA sekuentziazio ikerketa batek hau ezeztatu zuen arte. DNA-ren inguruko ikerketa moderno honek ondorioztatu zuen Circaetinae azpifamiliako harrapariak zirela espezie honen ahaiderik gertuenak eta beraz, geroago, Circaetinae azpifamilia horretan sailkatua izan zen.[17]

Remove ads

Deskribapena

Arrano tximinozalearen garondoa gandor lumatsu batez apainduta dago, kalpar edo kima itxura ematen diona. Aurpegia iluna du eta burua zein bertako gandor edo kalparra marroi argia ditu. Bizkarraldea eta hegoen kanpoaldea marroi ilunak ditu eta barnealde osoa zuria; bai hegoen barnealdea, sabelaldea, paparra eta aurpegi ingurua ere. Hankak pisutsuak, boteretsuak eta horiak ditu, bai eta atzapar handi, sendo eta ilunez beteak ere. Mokoa handia, luzea eta zorrotza du, urdin-grisaxka kolorekoa eta puntan belzten dena. Begiak handiak eta urdin argiak ditu, hegazti harraparietan begi urdinak dituen bakarra.[18] Espezie honetako gazteak helduen oso antzekoak dira, ezberdintasun bakarra gazteek goikaldeko lumetan zinta argiak dituztela.[19] Datu ofizial gehienek 86-102 cm bitarteko luzera ematen dioten arren,[5][19][20][21] historia naturaleko bilduma handienetatik aztertutako espezimen askoren inguruko ikerketa batek arrei batezbesteko 95 cm-ko luzera ematen die eta emeei 105 cm.[22] Neurketa berri hauek luzera aldetik munduko arranorik handiena gisa kokatzen dute Filipinetako arrano tximinozalea, emearen batezbesteko luzera harpia handiaren[21] eta itsas arrano erraldoiaren[5] luzera maximoen parekoa baita. Luzera aldetik inoiz neurturiko arrano tximinozale eta orokorrean arranorik handiena (Harpagornis moorei espezie iraungia kenduta) Historia Naturaleko Field Museoan aurkituriko espezimen bat da, 112 cm luze zena, baina gatibutasunean mantendu eta zaindua izan zen[23], beraz, agian neurri horiek ezin dituzte modu basatian eta aske bizi diren aleak ordezkatu, jaki-baliabide eta elikadura baldintza ezberdinak baitituzte.[24][25]

Ar eta emeen artean sexu dimorfismoa ematen da, emeak arrak baino 10% handiagoak direla kalkulatzen da,[5] gainontzeko arrano espezie handi askotan ar eta emeen arteko gorpuzkera diferentzia hori 20% edo handiagoa den bitartean,[5] beti ere emeak handiagoak eta indartsuagoak direlarik. Arrano tximinozale helduen pisuari dagokionez, ikerketa batzuek 4,7-8,0 kg artean informatzen dute,[5][26] baina badaude beste informe batzuk ere batezbesteko pisu txikiagoez hitz egiten dutenak, arrak 4,5 kg eta emeak 6,0 kg batezbesteko pisuekin deskribatuz.[22] 184 eta 220 cm arteko hego zabalera dute,[5][27] basoetan eta habitat itxietan bizi diren arrano guztietan hego zabalera handiena dutelarik.

Remove ads

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads