Iosif Stalin
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Iosif Vissarionovitx Dzhugaxvili[1] (errusieraz: Иосиф Виссарионович Джугашвили; georgieraz, იოსებ ბესარიონის ძე სტალინი, Ioseb Besarionis dze St'alini) Gori (Errusiar Inperioa, egun Georgia), 1878ko abenduaren 18a - Mosku, 1953ko martxoaren 5a), ezagunagoa Iosif Stalin (georgieraz, იოსებ სტალინი Ioseb St'alini; errusieraz: Иосиф Сталин) goitizenaz, sobietar estatu-politikaria izan zen, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako (SBAK) idazkari nagusia 1922-1952 bitartean, eta Ministro Kontseiluko burua 1941etik 1953 arte. Agintaldi luze horretan, diktadura pertsonala ezarri zuen. Historialariek milioika lagunen heriotzen erantzule jotzen dute.[2][3]. Horretaz gain, gutxiengo etnikoen milioika deportazio agindu zituen bere agintaldian[4]. Haren doktrina politikoa estalinismoa da.
Familia behartsua zuen, eta amak Tbilisira bidali zuen 1895ean apaiz ikasketak egin zitzan. Hark, ordea, ikasketak alde batera utzi zituen, eta talde sozialistetan militatzen hasi zen. 1902an atxilotu zuten lehen aldiz, eta Siberiara bidali zuten. Siberiatik ihes egin eta Georgiara itzuli zenean, boltxebikeekin bat egin zuen. 1905ean ezagutu zuen Lenin. Stalinek ez zuen erbestera jo, eta 1917ko Iraultzara arte hainbat aldiz atxilotu zuten. Iraultzaren ondoren, haren eragina handitu egin zen boltxebikeen artean.[5]
1917an[6], Errusian Urriko Iraultza bultzatu zuten boltxebikeen artean egon zen[7], eta, geroago, Errusiako Alderdi Komunistaren (boltxebikea) Batzorde Zentraleko idazkari nagusi izan zen 1922tik[8][9] 1952ra[10]. Garai horretan, Stalinek berak kargua bertan behera utzi zuen berak eta alderdiak Estatuan zuen boterea murrizteko[11]. 1924ko maiatzean, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XII. Kongresuaren ondoren, Stalinek eskatu zuen kargua utzi ahal izatea. Eskaera, aho batez bota zuten atzera, bere aurkakoak barne. Beste hiru aldiz egin zuen eskaera bera, 1926an, 1927an eta 1952an; hirurak atzera bota zituzten, eta karguan jarraitu behar izan zuen[12][13]. 1929tik aitzinera, boterea egonkortu eta alderdi barrengo arerio guztiak espetxeratu edo hilarazi zituen. Haren agintaldian (industrializazio prozesua gauzaturik eta Bigarren Mundu Gerran Alemania Nazia garaiturik) egonkortu zen Sobietar Batasuna munduko potentzia gisa[5]. Baina, aldi berean, oso erregimen itxi eta totalitarioa eratu zuen. Bere figuraren gurtzea bultzatu zuen, eta neurri errepresibo gogorrak jarri zituen martxan. Milioika lagunek pairatu zuten haren errepresioa, eta haietako asko Siberiara bidali zituzten, gulagetara eta lan behartuetan aritzera. 1953an hil zenean, desestalinizazio prozesuari ekin zion Sobiet Batasunak Nikita Khrustxoven eskutik.[14]
Idazkari nagusiaren kargua ofizialki hautapenezkoa bazen ere, ez zen Estatu sobietarraren barnean postu gorentzat hartzen; Stalinek, 1924an Vladimir Lenin hil ondoren, bere eskuetan gero eta botere gehiago hartzeko erabili zuen, baita alderdi komunistaren barruan oposizioko talde guztiak pixkanaka itotzeko ere. Horrek barne hartu zuen Leon Trotski bera ere, teorialari sozialista eta Stalinen kritikari nagusia lehen lider sobietarren artean; 1929an, Trotski, lehen, Sobietar Batasunetik erbesteratu, eta, 1940an, Mexikon erail zuten Stalinen aginduz. Trotski munduko iraultzaren adierazle izan zen, baina herrialde bakarreko sozialismoaren Stalinen kontzeptua bihurtu zen sobietar politikaren ikuspegi nagusia.
1928an, Stalinek 1920ko hamarkadako Politika Ekonomiko Berriaren ordez ekonomia planifikatu oso zentralizatua eta bost urteko planak ezarri zituen, industrializazio bizkorreko eta landa-kolektibizazio ekonomikoko garaiari hasiera eman ziotenak. Horren ondorioz, Sobietar Batasuna nekazaritza-gizartea izatetik, industria-potentzia handia izatera igaro zen, eta hori izan zen Bigarren Mundu Gerraren[15] ondoren munduko bigarren ekonomia handiena izatera iristeko oinarria. Garai estalinistako aldaketa ekonomiko, sozial eta politiko azkarren ondorioz, milioika lagun Gulageko lan-zelaietara bidali zituzten zigor gisa[16], eta milioika erbesteratu zituzten Sobietar Batasuneko urrutiko eremuetara deportatu gisa[16]. Nekazaritza-sektorearen hasierako asaldurak elikagaien ekoizpena eten zuen 1930eko hamarkadan, eta 1932-1933ko sobietar gosete katastrofikoa eragin zuen. Stalinek marxismo-leninismoa sustatu zuen atzerrian Internazional Komunistaren bitartez, eta, 1930eko hamarkadan, Europako mugimendu antifaxistei lagundu zien, bereziki Espainiako altxamendu faxistan. 1937an, bere gobernuaren ustezko etsaien aurkako kanpaina batek Purga Handian amaitu zuen, errepresio masiboko aldi bat, non ehunka mila pertsona exekutatuak izan baitziren, baita Armada Gorriko buruzagiak ere kondenatuak, sobietar gobernua kentzeko konplotetan parte hartzea leporatuta[17].
1939ko abuztuan, Erresuma Batua, Frantzia eta SESBen arteko aliantza bat ezartzeko porrotaren ondoren[18], Stalinen Sobietar Batasunak ez erasotzeko ituna sinatu zuen Alemania naziarekin (Molotov-Ribbentrop Ituna), eta horrek eragin-eremuak zatitu zituen ekialdeko Europan. Itun horri esker, Sobietar Batasunak Errusiar Inperioko antzinako lurraldeetako batzuk berreskuratu zituen 1939ko Poloniaren sobietar inbasioarekin, Finlandiako Neguko gerrarekin, Baltikoko Estatuen anexioarekin eta Bigarren Mundu Gerran Besarabia eta Bukovina iparraldearen anexioarekin. Baina Alemaniak, 1941ean, ituna hautsi zuen Bizargorri operazioarekin Sobietar Batasuna inbaditu zuenean; ekialdean fronte bat ireki zen, eta Sobietar Batasuna aliatuekin batu zen. Gerraren hasieran, Sobietar Batasunak Moskuko guduan eta Stalingradoko guduan, Ardatzeko indarren aurrerapena gelditzea lortu zuen. Azkenik, Armada Gorriak aurrera egin zuen Europan zehar 1944-45ean, eta Hirugarren Reicheko hiriburua harrapatu zuen Berlingo guduaren ondoren, 1945eko maiatzean. Aliatuen garaipenean erabakigarria izan ondoren[19][20], Sobietar Batasuna gerraren ondoren superpotentzia gisa onartua izan zen[21].
Stalin sobietar ordezkaritzen buru izan zen Jaltako eta Potsdameko batzarretan, non gerra osteko Europako mapa marraztu zen. Ekialdeko blokearen estatu sateliteetan, Sobietar Batasunari leialak ziren ezkerreko gobernuak ezarri ziren. Garai horretan, Sobietar Batasuna nagusitasun globalaren aldeko borrokan sartu zen (Gerra Hotza izenez ezagutzen dena) Estatu Batuekin. Asian, Mao Zedong-ekin Txinan eta Kim Il-sung-ekin Ipar Korean, harreman onak ezarri zituen, eta, modu batean edo bestean, aro estalinistako Sobietar Batasuna eredutzat hartu zuen Txinako Herri Errepublika sortu berriak eta Koreako Herri Errepublika Demokratikoak.
1953an hil zen arte boterean egon zenez, Stalinek zuzendu zuen Sobietar Batasuna gerraosteko berreraikitze garaian, arkitektura estalinistaren nagusitasunak markatuta. Programa nuklear sobietarraren garapen arrakastatsuari esker, herrialdea munduko bigarren potentzia bihurtu zen arma nuklearretan. Sobietar programa espaziala ere hasi zen. Azken urteetan, Komunismoa Eraikitzeko Proiektu Handiak eta Natura Eraldatzeko Plan Handia abiarazi zituen.
Hil ondoren, Stalin eta bere erregimena askotan izan dira kondenatua. Kondena horietako esanguratsuena eman zen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. Kongresuan, 1956an, haren ondorengoak, Nikita Khrustxovek, esku-hartze ospetsu batean, bere ondarea salatu eta Sobietar Batasunaren desestalinizazio prozesu bati hasiera eman zionean. Errusiako Federazioak Stalineri buruz dituen ikuspegi modernoak mistoak izaten jarraitzen dute, pertsona batzuek tiranotzat ikusten dute[22], eta beste batzuek, berriz, buruzagitzat[23]. 1945ean eta 1948an, Bakearen Nobel Sarirako izendatua izan zen[24].
Remove ads
Ezizenak
Ezbairik gabe, Stalin izan zen haren ezizenik ospetsuena, hots, Altzairuz egina edota Altzairuzko gizona (stal hitzak errusieraz altzairu esan nahi du, Vladimir Leninek berak erabilitako -in atzizkia gehituta). 1912an hasi zen Stalin deituratzat erabiltzen, boltxebikeek Tammerforsen (Finlandia) egindako biltzarraren ondoren, eta 1917. urteaz geroztik, ezizen horrekin izan zen ezaguna. Hala ere, haren hurbilekoek Soso ere deitzen zioten, gaztaroan bere olerkiak sinatzeko erabili ohi zuen Soselo izenaren laburdura (errusierazko Iosif izenaren georgierazko parekidea da). Bere buruari, Koba ezizenaz ere deitzen zion, izen hori baitzuen georgiar herri-heroi batek. Beste ezizen ezezagunago batzuk ere erabili zituen: David, Morti, Nijeradze, Txizhikov eta Ivanovitx.
Remove ads
Bizitza

Iosif Stalin Georgiako Gori hirian jaio zen; aita, Vissarion Jugaxvili, osetiarra zen, eta ama, Ketevan Geladze, georgiarra. Hamabist urte zituela, Tbilisiko apaizgaitegi ortodoxoan sartu zen. Ideia marxista eta iraultzaileen berri izan zuen bertan, eta ELASDn (Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata) sartu zen 1898an. Handik urtebetera, apaizgaitegitik bota egin zuten propaganda marxista egiteagatik. Bulego batean aldi labur batez lan egin ondoren, Tbilisiko alderdi sozialdemokrataren batzarreko kide egin zen, eta politikari emana bizi izan zen handik aurrera. 1903ko azaroan, Siberiara bidali zuten, baina, 1904ko hasieran, ihes egitea lortu zuen.[25]
Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata bitan zatitu zenean, Lenin buru zuten boltxebikeekin bat egin zuen. 1905eko Iraultzan, parte hartu zuen; urte hartan bertan Finlandian egin zen alderdiaren biltzarrean, parte hartu zuen, eta Lenin ezagutu zuen han. 1907an, Baku-n bizi zelarik, hainbat greba bultzatu zituen, eta kartzelara sartu, eta erbestera bidali zuten behin baino gehiagotan. 1912an, boltxebikeak alderdi sozialdemokratatik bereizi ziren, eta Stalin alderdi berriko batzar zentraleko kide hautatua izan zen. Halaber, Pravda-ren lehen alea argitaratu zuen. 1913ko urtarrilean, Vienan zegoela, bere garaian garrantzi handia izan zuen liburu famatu bat idatzi zuen: Natsionalni vopros i marksizm (1914, Nazio arazoa eta marxismoa). Garai hartan hartu zuen Stalin (errusieraz: Altzairuzko gizona) ezizena. 1913ko otsailean San Petersburgora itzulirik, atxilo hartu, eta Siberiara bidali zuten erbesteraturik 1917 arte.
1917ko Iraultzan, Stalin Petrogradora (San Petersburgora) joan zen, eta buruzagi nagusietako bat izan zen. Pravda egunkariko zuzendari, alderdiko politburo edo zuzendaritzako kide eta nazionalitateen komisario izan zen. Gerra Zibilean (1918-1922), Nazioko Defentsa Kontseiluko kide eta komisario politikoa izan zen. 1921ean, Leon Trotski aurka izan bazuen ere, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatu zuten; horri esker, alderdiaren aparatu guztia eta administrazioa kontrolatu zituen. Garai hartan, SESBen ziharduten talde erlijiosoen aurkako erasoak ere izan ziren.
Lenin 1924an hil zen, eta hutsik utzi zuen alderdi komunistaren lidergoa. Borroka gogorra hasi zen orduan Trotski eta Stalinen artean batzorde zentralaren ardura hartzeko. Funtsean, Trotskik zuen Leninen babesa, eta sistema ez horren zurrun baten aldekoa zen, hainbat korronte politikoren ahotsa entzutekoa aukera ematen zuena. Stalin ez bezala, komunismoa nazioarte osora zabaltzearen aldekoa zen. Stalinek, berriz, Sobietar Batasunean finkatu nahi zuen iraultza, eta nazioarteko sare komunista horren interesen alde jarri. Ezustean, Stalinek hartu zuen alderdi komunistaren ardura, Grigori Zinoviev eta Lev Kamenevekin batera. Hain justu ere, Troika izeneko aginte kolegiatua osatu zuten hirurek.[14] Hasieran, Zinovievekin eta Kamenevekin batera gobernatu zuen, baina, handik urte batzuetara, alderdiko zuzendaritzatik (Politburotik) egotzi zituen traba egiten zioten aurkariak. Trotski 1925ean bota zuen SBAKetik, eta, 1927an, deserriratu egin zuten. Harrezkero, handituz joan zen haren aurkako jazarpena, eta zenbait herrialdetan ibili ostean (Turkian eta Norvegian, besteak beste), Mexikora erbesteratu zen. Han, 1940an, Ramon Mercader komunista katalanak hil zuen Stalinen aginduz[14].
Stalinen ideien arabera, sozialismoa herrialde batean gauzatu eta indartu behar zen aurrena, eta, handik, beste herrietara zabaltzen ahalegindu gero. Hala, bere eginahal nagusia Sobietar Batasunean ekonomia egitura sendoak sortzea izan zen, estatua beste inoren mende egon beharrik gabe burujabe izan zedin. Zentralismo burokratikoa jarri zuen indarrean, non milaka lagun bihurtu zituen elite otzan bat bere irizpideekiko.[14] Nekazaritzaren kolektibizazioa ezarri zuen, eta lur-jabe txikien aurka gogor jokatu zuen. Horrekin batera, makina berriak sartu zituen; hala, nekazari askok hirietara jo behar izan zuen industrian lan egitera, izan ere, industria egitura sendo bat sortzeari eman baitzion lehentasuna Stalinek. Horretarako, Bost Urteko Planak egituratu zituen Sobietar Batasuna ahalik eta lasterren industrializatzeko. Lehen Bost Urteko Planaren (1928-1933) ondorio gisa, honakoa adierazi zuen:
| « | Sobietar Batasuna, defentsa ikuspegitik, gaizki prestatutako estatu ahula izatetik indartsua izatera pasatu da. Prest gaude edozein gertakizunetarako; gai gara defentsarako beharrezkoak diren bitarteko moderno guztiak masan sortzeko eta baita armada behar bezala hornitzeko ere, kanpoko erasoei aurre egiteko. | » |
—[26] Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri | ||
Kolektibizazioaren funtsa lurraren jabetza komuna zen, kolkhozetan antolatua. Horren aurka zeuden milaka kulak Siberiara deportatuak izan ziren. Prozesua ez zen ondo egin, eta, hasierako urteetan produkzioa jaitsi egin zenez, gosetea ekarri zien sobietarrei. Ukrainan, esate baterako, 7-8 milioi lagun hil zituen 1932-1934 bitarteko goseteak, nekazariak gehienak.[27]
1930ean, Stalinen esku geratu zen estatuko aginpide guztia, Nikolai Bukharin, Aleksei Rikov eta beste aurkariak baztertu egin baitzituen kolektibizazioaren aurka zeudelako. SESBeko jaun eta jabe bihurturik, bere aginpidea indartu zuen, aurkariak eta etsaiak ankerki zapalduz; hala, Sergei Kirov bere laguntzailea hil zutela aitzakia harturik, Purga Handiari ekin zion, eta bere laguntzaile izandako asko eta asko, Bukharin, Rikov, Zinoviev eta Kamenev besteak beste, hiltzera kondenatu zituen.
1939an, Alemania Naziren indarraz kezkaturik eta gerra Sobietar Batasunera bidera ez zedin, elkarri ez erasotzeko hitzarmena izenpetu zuen Hitlerrekin (Molotov-Ribbentrop Ituna). Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Stalinek Poloniako ekialdea, Herrialde Baltikoak eta Finlandiako eta Errumaniako hainbat lurralde konkistatu zituen indarrez. 1941eko ekainean, Sobietar Batasunaren inbasioari ekin zion Alemaniak. Uda aprobetxatu nahi zuen herrialde komunista bere gain hartzeko, eta Kiev, Leningrado eta Mosku inguratzea lortu zuten tropa alemanek erasoa hasi eta aste gutxira. Armada Gorriak Ural mendilerroaren ekialdera jo zuen neguaren zain. Gerraz baliaturik, Stalinen aginpidea areagotu egin zen; ahalmen guztiak bereganatuta, Herri Komisarioen kontseiluko eta gudarosteko buru egin zen. Sobietarren kontraerasoak Berlingo ateetaraino eraman zuen Armada Gorria, eta, 1945eko maiatzean, Hitlerrek amore eman behar izan zuen. Sobiet Batasunak milioika biktima izan zituen gatazka militar handian.[14]
- Stalin eta von Ribbentrop 1939an
Alemaniarrek atzera egin zutenean, ekialdeko Europako herrialde asko Sobietar Batasunaren mende geratu ziren, eta, izenaz burujabe baziren ere, ekialdeko estatu gehienak Stalinen politikaren morroi izan ziren handik aurrera. Bere bizitzaren azken urteetan, Gerra Hotza piztu zen demokrazia liberalen eta Sobietar Batasunaren artean; garai hartan, diziplina zorrotza ezarri zuen Sobietar Batasunaren barruan eta baita kanpoan ere; barruan, ideologia zentsura ezarri, eta askatasunak ezabatu, eta bere irudia oso goraipatua izan zen, eta, kanpoan, berriz, bere politikara makurrarazi zituen beste herrialdeetako alderdi komunistak eta haien eraginpean zeuden Estatuak. Hil zenean, Leninen mausoleoan hilobiratu zuten.
1956an, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. kongresuak, Nikita Khrustxoven txostenean oinarri hartuta, Stalinen tirania eta bere garaiko gertakizunen kontaera aldatu izana salatu zituen, eta marxismo-leninismoa, berriz ere, komunismoaren oinarri izan zedin eskatu zuen. Horrezaz gainera, hirien izenak aldatu (Stalingraden ordez Volgograd) eta Stalinen irudiak eraitsi ziren. 1961ean, alderdiaren XXII. kongresuak Leninen mausoleotik ateratzea erabaki zuen; Kremlingo harresian hilobiratu zuten azkenik, Sobietar Batasuneko beste gizon handien ondoan.
Remove ads
Heriotza
Bizitzako azken urteetan, Stalinek lau pertsonaren konfiantza inguratu zuen: Lavrentia Beria (NKVD zerbitzu sekretuetako burua), Georgi Malenkov, Nikolai Buganin eta Nikita Khrustxov. Stalinek ez zituen gobernu-lanak Kremlinen kudeatzen, Kuntsevoko bere datxan baizik, Kremlinetik 20 minutura autoz.
1953ko otsailaren 28an, afari oparoa egin zuen, eta jan-edanak goizalde arte iraun zuen. 1953ko martxoaren 1ean, Stalinek ez zituen guardiak deitu goizeko hamaiketan, ohi zuen bezala, bere atseden gelatik, ezta bertatik irten ere. Arratsaldeko seietan, haren gelako argia piztu zen. Stalini apoplejia batek erasan zion.[28]
Guardia batek lurrean zetzala ikusi, eta Stalin sofa batean etzan zuten. Guardiek Beria deitu zuten telefonoz. Beriak mediku batek Stalin berehala artatzea galarazi zuen[28]. Lehendabizi, Beria, Malenkov, Buganin eta Khrustxov bertaratu ziren martxoaren 2ko gauean, Stalin konorterik gabe zela. Stalin lotan utzi zuten, Beriak adierazi zuen moduan. Hamahiru ordu joan ziren mediku batek ikusi zuen arte.[29]
Medikuek izainak erantsi zizkioten lepoan susper zedin, errusiar metodo tradizional bat.[29] Tarteka esnatzeko keinuak egin eta ura edan zuen arren, martxoaren 4rako argi zirudien Stalin hilzorian zela, atzera bueltarik gabe. Diktadorea, artean, une batez esnatu egin zen amorrua eta eldarnioa zerizkiola keinuetan. Haatik, biharamuneko gaueko hamarrak laurden gutxiagoan hil zen.[30]
Stalin hilzorian eta haren ohe aldamenean, beilari zituen sobietar agintariek ondorengotzarako botere lehia hasi zuten bi taldetan elkartuz: batetik, Beria eta Malenkov; bestetik, Buganin eta Khrustxov.[31] Hor bertan erabaki zuten SESB zuzendu behar zuen hurrengo agintari taldea. Stalin hil ondoren, hiru dolu egun agindu ziren, eta Leninen mausoleoan hilobiratu zuten, mausoleoari Stalinen izena ere gehituz. Pentsatzen da ehunka pertsona hil zirela gorpua bisitatzean sortu zen anabasan.[30]
Biktimen kopurua
Hitlerrekin batera, XX. mendeko genozidarik handientzat jo izan da Stalin, milioika gizabanakoren heriotzaren erantzulea izan zelako [32][33].
Zaila da bere biktimen kopurua kalkulatzea. Deportazioak eta gulagak, propio eragindako goseteak (Ukrainakoa, esaterako, Holodomor beldurgarria), purgak, II. Mundu Gerrako presoen fusilamenduak, exekuzio politikoak... Sobiet Batasuna desagertu ondoren, historialari batzuek ikerketa sakonak egin zituzten, baina, zenbakietan, ez dago adostasunik. Biktimen kopurua lau eta hamar milioiren artean egon liteke, historialarien arabera [34][35][36]
Goseteen ondorioz hildakoak aurreko kopuruari gehitzen bazaizkio (hainbat ikerlariren iritziz, goseteak propio eragindakoak zirelako etsaiak eta gutxiengo etnikoak akabatzeko; haatik, puntu horretaz ez dago adostasunik) azken kopurua handiagoa litzateke, hogei milioitik gertu egonik [37]
Remove ads
Idazlanak
- Marxismoa eta nazionalitateen arazoa. 1913
- Leninismoaren oinarriak. 1924
- Boltxebismoaren historiaren zenbait konturi buruz. 1931
Erreferentziak
Bibliografia
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
