The Jam

From Wikipedia, the free encyclopedia

Remove ads

The Jam (euskaraz, "Marmelada"; halaber, "Auto ilara"; "Larrialdi", "Estutasun") 1972an Surreyko Woking herrian sortutako rock talde ingelesa izan zen, Paul Weller, Bruce Foxton eta Rick Bucklerek osatua. Erresuma Batuan ondoz ondoko hemezortzi top 40 single kaleratu zituzten, 1977an debuta egin zutenetik 1982ko abenduan banandu ziren arte, horien artean lehen postuko lau arrakasta. 2007an aurrera, That's Entertainment eta Just Who Is the 5 O'Clock Hero? Erresuma Batuan inoiz gehien saldu diren inportazio singleak ziren oraindik ere. Zuzeneko album bat eta estudioko sei album argitaratu zituzten, horietako azkena, The Gift, Erresuma Batuko albumen zerrendako lehen postura iritsi zen. Taldea desegin zenean, haren lehen hamabost singleak berrargitaratu ziren eta denak lehen ehunen artean kokatu ziren.

Estiloari dagokionez, hainbat eragin izan zituzten beren ibilbidean zehar, besteak beste, 1970eko hamarkadako punk eta new wave, eta 1960ko hamarkadako beat musika, soul eta rhythm and bluesa. Hirukotea ezaguna zen pop melodikoko kantengatik, bere ingeles ikuspuntu bistakoarengatik, iritzi sozialarengatik, eta mod irudiarengatik. Paul Wellerren ibilbidea abiatu zuen taldeak: Style Council taldea osatzera igaro zen, eta bakarkako bideari ekin zion gero. Wellerrek The Jamen jatorrizko konposizio gehienak idatzi eta kantatu zituen eta gitarra nagusia jo, Rickenbacker 330 bat erabiliz. Bruce Foxtonek koruak eta baxu-lan nabariak eman zituen, taldearen kanta askoren oinarria izan zirenak, besteak beste, Down in the Tube Station at Midnight, The Eton Rifles, Going Underground eta Town Called Malice arrakastatsuk.

Remove ads

Historia

Osaketa (1972-1976)

Thumb
Rickenbacker 330 bat. Wellerrek maiz grabatu eta zuzenean jo zuen, instrumentu hori erabiliz.

Taldea Sheerwater Second Schoolen (Woking, Surrey, Ingalaterra) sortu zen 1972an. Status Quoren kontzertubat ikusi ondoren, Paul Wellerrek talde bat osatzea erabaki zuen (bera baxu-jotzailea eta ahots nagusia zen), hainbat lagunekin. The Jam izena haren arreba Nickyk iradoki omen zuen. Lehen kontzertuak Michael's-en jo zituzten, bertako klub batean. 1970eko hamarkadaren erdialdean hasi zen sendotzen, Weller, Steve Brookes gitarra-jotzailea eta Rick Buckler bateria-jotzailearekin. Hasierako urteetan, Chuck Berry eta Little Richard bezalakoen rock and roll estatubatuar goiztiarreko kanten bertsioak ziren. Ildo horretatik segitu zuten Wellerrek The Whoren My Generation hasierako albuma aurkitu eta mod musikaz liluratu zen arte. Geroago esan zuen bezala, "ikusi nuen mod bihurtzeak idazteko oinarri bat eta angelu bat emango zizkidala, eta azkenean horixe egin genuen. Atera eta jantziak erosi eta Motown, Stax eta Atlanticen bertsioak jotzen hasi ginen. Rickenbacker gitarra bat erosi nuen, Lambretta GP 150 bat eta biloa Steve Marriottearen moduan, 1966. urtean bezala apaintzen saiatu nintzen. Azkenean, Brookesek taldea utzi zuen, baina gitarra-jotzaile berri baten hartzeko publizitatea egin bazuten ere (Gary Webbek, geroago Gary Numan izenaz ezagutua, entzunaldi batean huts egin zuela dio) ez zuten ordezkatu. Ordu arte, Weller baxua jotzen aritu zen eta Foxton taldeko bigarren gitarra-jotzailea izan zen: Foxton konbentzitu zuen baxu-jotzaile lana har zezan. Weller, Foxton eta Buckler hirukoteak The Jamen ibilbidea amaitu arte iraun zuen.[1][2]

Aritu ziren denbora osoan zehar, The Jamen kudeatzailea Wellerren aita John izan zen: geroago, Paulen ondorengo jardueraz arduratu zen, 2009an hil zen arte. Taldea Chris Parry-k Polydor Recordsekin izenpetu zuen 1977ko otsailean.[3]

Hastapenetako grabazioak (1977)

1977ko apirilaren 29an, Polydorrek haien lehen singlea kaleratu zuen, In the City: Erresuma Batuko Top 40an sailkatu zen. Maiatzaren 20an kaleratu zuten izen bereko estreinako diskoa. Album horrek, The Clash eta The Sex Pistols taldeenek bezala, kanta azkar, ozen eta zorrotzak zituen. Bi talde horien diskoetatik bereizten zuen 1960ko hamarkadako rock eragin nagusiagoak. Larry Williamsen Slow Down bertsionatu zuten (The Beatles taldeak bezala) eta 1960ko hamarkadako Batman telesaileko kanta.

Maiatzaren 1ean, taldeak The Clashen White Riot Tour birarekin bat egin zuen inaugurazio ekitaldi gisa, Buzzcocks, Slits, Subway Sect eta The Prefectsekin batera Guildford Civic Hallen, eta bira maiatzaren 30ean amaitu zuen California Ballrroomen, Dunstablen.[4]

Letra politikoak zituzten, poliziaren bortizkeria (In the City) eta garapen espantsionista (Bricks and Mortar) gaitzetsiz. Haien kanta politikoenetako batek, Time for Truth ("Egiarako unea"), Britainiar Inperioaren gainbehera auhendatu zuen, eta Uncle Jimmyri (lehen ministro James Callaghan) buruzko sentimendu mespretxagarriak adierazi zituen, ezbairik gabe (Whatever happened to the great Empire? / I think it's time for truth, and the truth is you lost, Uncle Jimmy, hau da, "Zer gertatu zitzaion Inperio handiari?" / "Uste dut egiarako unea dela, eta egia da galdu egin egin duzula, osaba Jimmy"). Inperioaren aldeko sentimendu horiek eta Erresuma Batuko banderaren erakustaldi arranditsuak taldeari "Kontserbadore" etiketa eman zion. 1977an Wellerrek New Musical Express aldizkariari adierazi zion The Jamek kontserbadoreei emanen ziela botoa hurrengo hauteskundeetan, baina gerora nabarmen aldatu zuten jarrera.[5]

All Around the World LPrik gabeko singlea Erresuma Batuko Top 10era ia iritsi ondoren, taldekoak, hain denbora gutxian jarraipen nabaria eta leiala lortu zutenez, material gehiago azkar ekoizteko estutu zituzten. Bigarren diskoa, This Is the Modern World, 1977an argitaratu zen. Bruce Foxtonek, oro har Weller baino kantautore txikiagotzat hartua, LPra bi kanta ekarri zituen, Don't Tell Them You're Sane eta London Traffic, eta biek kritikak erakarri zituzten. Haren kanten ekoizpena gutxituz joan zenez, Weller taldeko kantari nagusi bilakatu zen.

All Mod Cons (1978)

1978ko martxoan, News of the World argitaratu zuten, albumik gabeko singlea, Foxtonek idatzi eta kantatu zuena. Erresuma Batuan 27. postura iritsi zen zerrendetan, eta taldearen ordu arteko bigarren arrakastarik handiena izan zen. Hura izan zen Foxtonen bakarkako konposizio bakarra The Jamen single bateko A aldean kaleratua. Taldea berriro estudioan sartu zenean batez ere Foxtonen ekarpenen hirugarren disko bat grabatzeko, kantak pobre iritzita bazter egin zizkieten ekoizleek, eta disko bat grabatzeari eutsi zioten, Wellerrek inspirazioa berriro aurkituko zuelakoan. News of the World BBCko Mock the Week telebista-saioaren hasierako melodiatzat erabili zen haren iraupen luzean.[6]

Hurrengo singlea kaleratu zuten, A alde bikoitzeko David Watts / 'A' Bomb in Wardour Street. David Watts The Kinksen kanta baten bertsioa izan zen: hor, Wellerrek eta Foxtonek ahots nagusiak trukatzen zituzten. 'A' Bomb in Wardour Street Wellerren kanta original bat izan zen. Haien 7" arrakastatsuena bihurtu zen, All Around the World ondu zutenetik.[7][6]

Ondoko singlea arte, Down in the Tube Station at Midnight, ez zuten benetan garai bateko kritikaren laudorioa berreskuratu. Garai hartantsu, taldea bi ekoizle izatetik bakarra —Vic Coppersmith-Heaven— izatera igaro zen: hark soinua garatzen lagundu zituen. Azaroan, taldeak bere hirugarren LPa kaleratu zuen, All Mod Cons. Hamabi kanten artean, aurretik single gisa kaleratutako hiru zeuden (David Watts, 'A' Bomb In Wardour Street eta Down in the Tube Station at Midnight) eta aurretik singletzat merkaturatzerako baztertutako bi, Billy Hunt bizi-bizia eta English Rose balada akustikoa.

Setting Sons eta Sound Affects (1979-1981)

Strange Town eta When You're Young LPaz kanpoko bi single arrakastatsu eta kritikoki txalotuen ondoren, The Eton Rifles argitaratu zuten, Setting Sons (1979ko azaroan kaleratua) disko berriaren aurrerapen gisa. LPa AEBetako zerrendetan ere sartu zen, Billboard 200eko 137. postuan izan bazen ere. Albuma hasi zen haurtzarotiko hiru laguni buruzko album kontzeptual gisa, nahiz eta azkenean kanta asko ez zegozkion gai horri.[6]

1980ko taldearen lehen singleak Dreams of Children izan nahi zuen. Etiketatze-akats baten ondorioz, ordea, singleko A eta B aldeak alderantzikatu egin ziren, eta emaitza Going Underground konbentzionalagoa izan zen, singleko B aldea izan behar zuena, arreta eta aireratze askoz arreta handiagoa lortu zuena. Singlea azkenean A alde bikoitzekotzat aitortu (eta zerrendatu) zen ofizialki merkaturatzean, Erresuma Batuko zerrendetan lehen postura iritsi zenerako.[6]

Urte bereko azaroan kaleratu zen Sound Affects: hura bigarren postura iritsi zen Erresuma Batuan eta 72.a, Billboard estatubatuar zerrendetan, taldearen diskorik arrakastatsuena herrialde hartan. Wellerren esanetan, The Beatles taldearen Revolver eta Michael Jacksonen Off the Wall diskoen eragina jaso zuen. That's Entertainment akustikoa zekarren. Wellerren esanetan, kanta hura, langile klasearen bizitza modernoaren zorigaitzari buruzko bizipenari buruzko iruzkin mingotsa, pubetik mozkortuta etxeratu eta hamabost minuturen inguruan idatzi zuen. Inportazioko single gisa bakarrik eskuragarri egon arren, 21. posturaino iritsi zen Erresuma Batuko zerrendetan. Taldeak AEBetan arrakasta komertzialik ez izan arren, Rolling Stone aldizkari estatubatuarraren inoizko 500 kanta bikainenen zerrendan sartu zen.[6]

Start!, diskoaren aurretik kaleratua, lehendabiziko postura iritsitako beste single bat izan zen. The Beatles taldearen Revolver diskoko Taxman kantaren bere baxu-lanaren antzaz mintzatzean, Foxtonek esan zuen Start! bezalako baxu-lanak besterik gabe etortzen zaizkizu. Ez da nahita egindako gauza bat... ez da erabat Taxman bezalakoa, oharkabean... ezin nauzue horregatik salatu".[2]

The Gift eta haustura (1981-1982)

LPaz kanpoko bi single, Funeral Pyre eta Absolute Beginners (izenburu bereko Colin Macinnesen eleberriaren omenez izendatua) 1981ean kaleratu zituzten: bi-biak laugarren postura iritsi ziren Erresuma Batuko zerrendetan.[6]

1982an The Gift kaleratu zuten, taldearen estudioko azken LPa, eta arrakasta komertziala izan zuen, Erresuma Batuko zerrendetan lehen postura iritsi baitzen eta AEBetako Billboard zerrendetan aurrekaririk gabeko hamasei astean egon. Bertan soul, funk eta Motown estiloko hainbat kanta agertzen ziren; oroz gainetik Town Called Malice, lehen postura iritsi zen singlea. Irish Independentek "Iparaldeko soul punkaren ondoko erritmo bati ezarritako klase-borroka tiraldi baten" moduan deskribatu zuen baina, egiaz, Ingalaterrako herri txiki eta zanpatu bateko gogortasunari buruzko kontakizuna zen. Town Called Malice Wellerrek oraindik interpretatzen dituen The Jamen kantetako bat da (That's Entertainment, Man in the Corner Shop, Strange Town, Art School, Start! eta In the Crowd kantekin batera).

Town Called Malice Erresuma Batuko lehen postura iritsi zenean, taldeak hura eta bere A alde bikoitza, Precious Top of the Popsen jotzeko ohorea izan zuen. The Bitterest Pill (I Ever Had to Swallow) hariz kargatutako soul baladaren bigarren postura iritsi ondoren, taldeak bukaeran segitu zuen eta lehen postura heldu zen beste batekin: Beat Surrender. Azken horrek Tracie Young aurkeztu zuen ahotsetan; hilabete batzuk geroago, Style Councilen Speak Like a Child lehen singlean ere kanta zuen.[6]

1982ko urriaren 30ean, nazioarteko bira baten ondoren, Wellerrek taldea desegiteko asmoa iragarri zuen. Top of the Pops eta The Tube-n ere azken agerraldiak egin zituzten, Beat Surrender ezagutarazteko. Birak Wembley Arenan bost gau jarraian barne hartu zituen. Jatorrizko ibilbidearen azken eguna 1982ko abenduaren 9rako programatuta zegoen, Guildford Civic Hallen, taldearen jaioterritik gertu, Woking. Sarreren eskaria zela eta, Brightonego Kongresu jauregian besye egun bat gehitu zuten 1982ko abenduaren 11n, azken emanaldia egiteko.[8]

Banatzeko erabakia Wellerrena bakarrik izan zen. Arrakasta izate hutsagatik ahalik eta denbora gehien irautearen ideia ez zitzaiola gustatzen azaldu zuen bere garaian eta, ondoren, The Daily Mirror egunkariari azaldu zion 2015ean Skyk taldeaz egindako dokumental baten aurrerapen gisa, "amaitu nahi nuen ikusteko zer gehiago egin nezakeen, eta oraindik ziur nago une egokian gelditu ginela. Harro nago egin genuenaz, baina ez nuen diluitu nahi, edo betiko segitu nahian, lotsagarri gera gintezen. Geure gailurrean amaitu genuen. Uste dut lortu genuela nahi edo behar genuen guztia, bai komertzialki, bai artistikoki".

Wellerrek aurrera segitzeko erabakia bere aitak —taldearen managerrak— 1982ko udan egindako ezohiko banda bilera batean iragarritakoa, "kolpe bat bezala iritsi zitzaien" Buckler eta Foxtoni, taldea batuta mantendu nahi baitzuten. Bucklerrek The Woking News and Mail-i esan zion 2012an: «Urte amaieran amildegi baten gainetik gidatuko bagenu bezala zen, eta segitzen duzu pentsatzen "Tira, agian iritziz aldatuko da"». Bai Bucklerrek eta bai Foxtonek munta handiko esperientziatzat deskribatu zuten, baina ondorengo urteetan biek ulertu zutela adierazi zuten, erabateko onarpena ez bazen.[9]

Zatiketaren ondoren, Foxtonek ez zuen Wellerrekin hitz egin hogei urte baino luzeagoan, eta Bucklerrek 2015ean esan zuen oraindik ez zela Wellerrekin mintzatu, nahiz eta Bucklerrek eta Foxtonek behin eta berriz saiatu ziren 1983an eta 1984an Wellerrekin biltzen eta hitz egiten. Agurreko bira amaitzear zela, Polydorrek zuzeneko disko bat argitaratu zuen, Dig the New Breed izenekoa, taldearen bost urteko ibilbidean zehar egindako hainbat kontzertu-emanalditako kanten bilduma eta, arrakasta komertziala izan bazuen ere, era askotako kritikak jaso zituen. Brightonen azken kontzertua eman eta hilabetera, Polydorrek taldearen hamasei single guztiak berrargitaratu zituen, eta horietatik bederatzi Erresuma Batuko zerrendetan sartu ziren berriro 1983ko urtarrilaren 22an.

Remove ads

Banandu osteko argitalpenak

Taldea banandutakoan kaleratutako The Jamen bildumazko lehen diskoa Snap! izan zen, 1983an, Erresuma Batuko albumen zerrendetan bigarren postura iritsi zena. Horren ondotik etorri zen Greatest Hits, 1991n kaleratua, eta hura ere bigarren posturaino igo zen Erresuma Batuko albumen zerrendetan.[6]

Direction Reaction Creation bost CDko kutxa multzoa, The Jam-en estudioko material guztia (gehi bitxikeriak dakartzan disko bat) zortzigarren postura iritsi zen Erresuma Batuko albumen zerrendetan 1997an argitaratu zenean; aurrekaririk gabeko lorpena kutxa-multzo bat izanik. 2002an, Virgin Radiok inoizko ehun britainiar musika artista onenen zerrenda osatu zuen, entzuleek gidatuta, eta The Jam zerrendako bosgarrena izan zen. Wellerrek beste bi agerraldi egin zituen galdeketan; The Style Council 93. postuan eta bakarlari gisa, 21.ean.[6]

Remove ads

Banatu osteko ibilbideak

Thumb
Paul Weller, 2000ko hamarkadan jotzen

1983ko hasieran, Wellerrek talde berri baten eraketa iragarri zuen, The Style Council, lehen Merton Parkas mod revival talde txikiko Mick Talbot teklatu-jotzailearekin egindako bikotea. Azkenik, 1989an banandu ziren. Gerora, ibilbide arrakastatsu bati ekin zion bakarlari gisa.

Jake Burns eta Dolphin Taylorrekin —aurretik Stiff Little Fingers irlandar punk musika taldeko kidea— grabatu zituen maketa labur batzuen ondoren, Foxtonek Freak bere lehen singlea argitaratu zuen Arista Recordsekin. Azkenean, Erresuma Batuko singleen zerrendan 34. postuan sartu zen 1983ko uztailaren 30ean, eta Top of the Popsen agertzea ziurtatu zuen. Ondoren, Foxtonen bakarkako album Touch Sensitive 1984an iritsi zen, baina ondorengo This Is the Way, It Make Me Wonder eta My Imagine (S.O.S.) singleak ezin izan ziren Top 40an sartu. Play This Game to Win azken singlea Harvest Recordsen argitaratu zen 1986ko azaroan.

Foxtonek Ali McMordie ordezkatu zuen 1990ean Stiff Little Fingers eraberritu zenean, eta taldearekin segitu zuen 2006ko urtarrilera arte, beste proiektu batzuetan jarduteko joan zen arte. Urte horretan bertan, Simon Townshend (Pete Townshenden anaia) eta Mark Brzezicki eta Bruce Watson (biak Big Countrykoak) elkartu zen Casbah Club taldean, Venustraphobia izeneko diskoa kaleratu zuena.

The Jam banandu ondoren, Bucklerrek Time UK eratu zuen Jimmy Edwards eta Ray Simonerekin, lehenago Masterswitchekoak, Tom Robinson Bandeko gitarra-jotzaile ohi Danny Kustowrekin eta (tarte laburrean) Radio Stars/Sparks taldeko baxu-jotzaile ohi Martin Gordonekin. Hiru single kaleratu zituzten The Cabaret, Playground of Privilege eta You Won't Stop, porrot egin aurretik. 1986an, Buckler eta Foxtonek Entertain Me singlea atera zuten Sharp izenarekin.

2006an, Bucklerrek, Sharp utzi ondoren hainbat urtez jo gabe ibilirik, The Gift izeneko taldea osatu zuen, The Jam taldearen materiala joz Russell Hastings eta David Moore musikariekin. Hastingsek, urte asko eman zituenak bertako musikari gisa, The Jamen kanten bertsioak egiten zituen talde batean urte pare bat barne, gitarra eta ahots nagusiko lanak hartu zituen. 2006an, Foxtonek The Gift taldearekin jo zuen beren kontzertu batzuetan, taldean sartu zen baxu-jotzaile gisa, eta Moore bigarren gitarra eta teklatuetara igaro zen. Une horretan, taldeak izena aldatu zuen eta From the Jam izena ("Jametik" edo "Marmeladatik") hartu zuen. 2007ko prentsa-ohar batean, Foxtonek eta Bucklerrek iragarri zuten disko berri batean eta Erresuma Batuko biran ari zirela lanean eta, horren ondorioz, prentsan zurrumurruak izan ziren The Jamen berrelkartze oso edo partzial bati buruz, In the Cityren 30. urteurrena ospatzeko. Wellerrek ez zuen parte hartu, eta publikoki adierazi zuen ez zuela inolako erreformarako interesik. 2006an BBC Radio 6 Music-en egindako elkarrizketa batean, adierazi zuen The Jam berrelkartzea ez zela "sekula santan" gertatuko, eta berrantolaketak "tristeak" direla. Esan zuenez: “Nik eta nire umeek behartsu eta estoldan gosez hiltzen egon behar genuke, nik hori kontuan hartu baino lehen, eta ez dut uste hori inola gertatuko denik. The Jamen musikak oraindik zerbait esan nahi du jendearentzat eta horrelaxe da, neurri handi batean, une egokian gelditu ginelako, ez zuen aurrera segitu eta lotsagarri bihurtu."[10][11]

The Jam banandu ondoren, Wellerrek eta Foxtonek ez omen zuten elkarrekin hitz egin hogei urtean. 2006ko ekainean, Weller eta Foxtonek The Whoren Hyde Park-eko kontzertuan oholtzaren atzean elkartu zirela jakinarazi zen, eta hamar minutuko elkarrizketa bat besarkada batekin amaitu zen. Foxtonek 2009an biak berriro lagunak egin zirela adierazi zuen eta horrek 2010aren hasieran Wellerren Wake up the Nation bakarkako albumean bi pistatarako kolaboratzea ekarri zien. 2010eko maiatzean, Weller eta Foxton elkarrekin agertu ziren agertokian, 28 urtean lehen aldiz, Londresko Royal Albert Hallen, hiru kanta elkarrekin joz. Foxtonek baztertu egin zuen The Jam berriz elkartzea.[12]

Remove ads

Herri-kulturan

2015eko ekainaren 26tik irailaren 27ra, The Jam: About the Young Idea erakusketa egin zen Londresko Somerset Housen. Lehen aldiz, taldeko hiru kideek, Weller familiak eta Den Davis musika artxibozainak beren artxiboak zabaldu zituzten erakusketarako. Foxtonek inaugurazioak hirurak 1982an banandu zirenetik lehen aldiz oholtza gainean elkartuko zituela iragarri arren, Buckler ez zen bertaratu. New Musical Expressek bere garaian jakinarazi zuenez, Foxton eta Weller itxuraz 2010 arte ez ziren berradiskidetu, eta "Weller eta Buckler ez omen ziren gela berean izan beren taldea banandu zenetik". Tory Turk, Nicky Wellerrek (Paulen arreba) eta Russell Readerrek ondu zuten erakusketa.

2015eko irailean, The Jam: About the Young Idea, Bob Smeatonek zuzendutako film dokumentala eman zuten Sky Artsen. DVDan argitaratu zen, 1980an Rockpalast alemaniar telebista saioan zuzenean egin zuten emanaldiaren grabaketarekin paketatuta.[13]

About the Young Idea Liverpoolgo Cunard Buildingen egindako erakusketa bat izan zen, Bucklerrek ireki zuena eta 2016ko uztailaren 1etik urriaren 6ra iraun zuena. Nicky Weller, Den Davies eta Russell Reader komisarioek erakusgai sorta zabala bildu zuten, taldekideek emandako objektu pertsonalak barne. Doako aplikazio bati esker, bisitariek erakusketekin parte hartu ahal izan zuten VCodes eskaneatuz.[14]

This Is the Modern World 2022ko abuztuaren 1etik abuztuaren 29ra arte Valley Gardensen (Brighton) egindako erakusketa izan zen. Nicky Wellerrek komisario-lana egin zuen, eta artean ikusi gabeko The Jam eta Style Council memorabilien bilduma bat zeukan.

News of the World kantaren koruaren laburpen bat erabili zen Mock the Week panel satirikoko joko britainiarrerako gai sintonia gisa.[15]

Remove ads

Taldekideak

Betiko taldea

  • Paul Weller – ahotsa eta koruak, gitarra nagusia, baxua, teklatuak (1972-1982)
  • Rick Buckler – bateria, perkusioa (1972-1975, 1975-1982; 2025ean hil zen)
  • Bruce Foxton – koruak eta ahots nagusia, baxua, gitarra erritmikoa (1974-1975, 1975-1982)

Beste taldekide batzuk

  • Steve Brookes – gitarra nagusia, ahotsa (1972-1975)
  • Dave Waller – gitarra erritmikoa (1972-1973)
  • Ross Dilanda – bateria (1975)
  • Pete Jessop – gitarra (1975)
  • Bob Grey – teklatuak, pianoa (1976)

Partaide laguntzaileak

  • Tracie Young – koruak Beat Surrender kantan
  • Jennie Matthias (ezkondu aurreko deitura, McKeown) The Bitterest Pill (I Ever Had to Swallow) kantan duoan jardun zen
  • Afrodiziak – ahots osagarriak
  • Peter Wilson – pianoa, bateria, teklatuak, Hammond organoa
  • Steve Nichol – tronpeta, Hammond organoa
  • Luke Tunney – tronpeta
  • Martin Drover – tronpeta
  • Keith Thomas – saxofoia, saxo sopranoa
  • Russell Henderson – altzairuzko danborrak

Kronograma

Remove ads

Diskografia

Disko bakoitzak Erresuma Batuko zerrendetan lortutako postuarekin ere adierazi da.

Estudioko albumak

  • In The City (1977) - 20.a
  • This is the Modern World (1977) - 22.a
  • All Mod Cons (1978) - 6.a
  • Setting Sons (1979) - 4.a
  • Sound Affects (1980) - 2.a
  • The Gift (1982) - 1.a

Bildumak

  • Snap! (1983) - 2.a
  • Greatest Hits (1991) - 2.a
  • Extras (maketak eta bitxikeriak dakartzan diskoa; 1992) - 15.a
  • The Jam Collection (1996)

Zuzenean

  • Dig the New Breed (1982) - 2.a

Singleen postuak, Erresuma Batuko zerrendetan

  • In the City (1977) - 40.a
  • All Around the World (1977) - 13.a
  • The Modern World (1977) - 36.a
  • News of the World (1978) - 27.a
  • David Watts / 'A' Bomb in Wardour Street (1978) - 25.a
  • Down in the Tube Station at Midnight (1978) - 15.a
  • Strange Town (1979) - 15.a
  • When You're Young (1979) - 17.a
  • Eton Rifles (1979) - 3.a
  • Going Underground / Dreams of Children (1980) - 1.a
  • Start! (1980) - 1.a
  • That´s Entertainment (1981) - Europan argitaratua, ez Erresuma Batuan; hala ere, inportaziozko diskoa izan arren, 21. postura iritsi zen
  • Funeral Pyre (1981) - 4.a
  • Absolute Beginners (1981) - 4.a
  • Town Called Malice / Precious (1982) - 1.a
  • Just Who Is the 5 O'Clock Hero? (1982) - Herbehereetan argitaratua, ez Erresuma Batuan; hala ere, zerrendetan 8. posturaino igo zen
  • The Bitterest Pill (I Ever Had to Swallow) (1982) - 2.a
  • Beat Surrender (1982) - 1.a

Omenaldizko diskoa

  • Fire & skill: The Songs of The Jam (1999)

Bideoak (VHS formatuan)

Remove ads

Erreferentziak

Irakurgai osagarriak

Kanpoko loturak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads