Umorea

From Wikipedia, the free encyclopedia

Umorea
Remove ads

Umorea beste pertsona batzuengan irribarrea edo barrea eragiteko jendearen gaitasuna edo kualitatea da, hitz, keinu, objektu edo bestelako egoeren bidez. Alaitasuna sortzen duen giza komunikazio mota bat da.

Thumb
Marx anaiak, 1931. Artista hauek umorea zinemara eraman zuten.

Umore eragileak umorista izena hartzen du.

Maiz kontrakoa uste izan arren, ez dago umore zuririk, tentela edo otzana denik. Umoreak errealitatearen gaineko juzkua helarazten baitu beti, egokia denaren eta ez denaren arteko balorazio bat, gizartean "normaltzat" jotzen denaren eta ez denaren arteko inkongruentzian oin hartuz. Hori baita umorearen funtzionamenduaren oinarrian dagoen logika: onargarria, zuzena, "normala", neutroa zer den agerian jartzeaz arduratzen da, gaitzesgarri, baztergarri, anomalo edo desiragaitzak direnak umorez kolpatu eta horiekiko lotsa edo deslotura bultzatuz [1].

Remove ads

Teknikak

Txisteak, imitazioa, gauzak puztea edo handitzea eta bestelako txantxak barre eragiteko teknika batzuk dira. Halaber, abestien eta musikaren bidez lor daiteke.

Komedia

Komedia antzerki, literatura eta zinemarekin lotutako umore generoa da, eta arlo honetan ibilitako aktoreek komiko abizena hartzen dute.

Umore motak

Umorea, motaren arabera sailkatu daiteke. Hemen adibide batzuk:

Umore absurdoa

Umore absurdoa, umore surrealista bezala ere ezagutzen dena, egoera zentzugabeez edo inkoherenteez baliatzen den umore mota bat da, ikusleengan barrea sortzeko, bere komikotasuna irrazionaltasunean oinarritzen da. Errealitatetik erabat aldendutako umorea da, baina, aldi berean, errealitatearen funtsezkoan murgiltzen gaitu. "Monty Python" taldea da umore mota honen erakusgarri.

Umore zuria

Umore zuria unibertsala da, ez baitu apriorismo kulturalik erabiltzen. Clown edo pailazoen, mimoen eta zinema mutuaren komedia da. Xaloa eta umeena da, eta ez du konnotazio edo denotazio negatiborik, hala nola iseka, ironia, matxismoa, zinismoa, sexismoa, arrazakeria, politika eta abar. Familia-umore ere deitzen zaio, familia osoak eta haur eta nerabeek goza dezaketelako; oso umore fisikoa eta keinuzkoa da: porruak, tronpaketak, zaplaztekoak, jazarpenak, tartakadak eta abar. Honako elementu hauek ditu oinarri:

• ezustea edo egoeren absurdoa, • interpretearen kalitatea (edo grazia), • eta azaldutakoaren kalitatea (edukia).

Umore zuri mota bat egongelako txistea izenekoa da, edozein festa edo bileratan lasai zabaldu daitekeena, inor mintzeko edo eskandalizatzeko arriskurik gabe, bereziki adingabeak eta edozein motatako gutxiengoak. Mundu mailan ezagunak dira Charles Chaplin, Buster Keaton edota Laurel eta Hardy. Euskal Herrian Virginia Imaz aipatu daiteke.

Umore grafikoa

Umore grafikoa neologismo bat da, eta horren bidez prentsarako egindako lan grafikoen sorta bat izendatzen da, bineta eta karikatura bakarreko txisteetatik hasi eta benetako istorioetara, tira komikoetara eta baita xafla osoetara ere. Asko dira gaurkotasun politiko eta sozialaren satiran.

Euskarazko aldizkarien artean, XX mende amaieran zenbait argitaratu ziren: Patxaran eta Napartheid aipa daitezke, sistemaren aurkako borrokaren baitan egindako umorea ardatz zutenak. Aldiz, "Ostiela!" ildo politiko definiturik gabeko satira aldizkaria izan zen. XXI mende hasieran aldiz H28 aldizkari satirikoa plazaratu zen, Asisko Urmeneta marrazkigileak bultzatu zuen proiektua.

Hegoaldean saltzen diren aldizkari gaztelaniarren artean, "El Jueves" eta "TMEO" ditugu arrakastatsuenak.

Bestalde, euskarazko bineten arloan umoregile ezagunenetarikoak Antton Olariaga eta Zaldieroa dira.

Umore beltza

Umore beltza, umorea sortzeko asmoz egiten da, normalean errukia, izua, atsekabea edo antzeko emozioak sortuko lituzkeen gertaeren bidez. Satiraren bidez larriak izan ohi diren gizarte-egoerak zalantzan jartzen ditu. Umore beltzean gehien errepikatzen den gaia heriotza da, eta horrekin zerikusia duen guztia. Gizakiarentzat ilunenak eta mingarrienak diren gaiak dira, eta, oro har, gizartearentzat eztabaidagarriak eta polemikoak izaten dira, moralarekin lotuta daudelako. Adibide batzuk izan daitezke: tragedia handiak, arau sozialak, sexualitatea, hilketak, suizidioa, gaixotasunak, pobrezia, eromena, terrorismoa, arrazakeria, drogazaletasuna, bortxaketa, ezintasunak, gerra, erlijioa, politika eta abar, baina modu komikoan irudikatuak. Umore mota hau haurrentzat (film batzuetan edo gehienak karikaturetan), gazteentzat eta helduentzat izan daiteke.

Ramon Agirre, Anjel Alkain edo Kike Amonarriz sailka daitezke, euskarazko umoregileen artean, atal honetan. Karra Elejalde, Oscar Terol edota Andoni Agirregomezkorta, gehienbat gaztelaniaz lan egin dutenen artean.

Hacker umorea

The Jargon Dictionary-ren arabera, hacker umorea konputagailuetako adituek (bereziki hackerrek) partekatzen duten umore mota bat da, eta hainbat gauza biltzen ditu, hala nola espezifikazioak, estandarrak, lengoaien deskribapenak, etab.

Remove ads

Umorea, Euskal Herriaren eta euskaldunen aurkako indarkeria sinboliko gisa

Topikoa da euskaldunak serioak direla, euskal kultur jarduerek kontrakoa adierazten badute ere: bertsolaritza, inauteriak edota XX-XXI mendean indartu den umore industria (bakarrizketak, antzerkia, telebista saioak…) dira euskal umorearen adibide.

Uxoa Anduagak azaltzen duenez XIX. mendean sortu zen topiko hori. Garai hartan euskal abertzaletasuna zein katalana sortzearekin batera Espainiak Estatu-nazio bezala zuen zilegitasuna ahultzeko arriskua ikusi zuen eta honen aurrean erabilitako errepresio moduetako bat umorearen erabilera izan zen: bai identitate zeinu partikularren inguruko umorea eginez (euskal hiztunen inguruko txisteak eginez, adibidez) eta bai topiko, klixe eta estereotipoak sortuaz ere: euskaldunak apustuzaleak, mozkortiak, burugogorrak eta serioak bezala identifikatuz. Orduz geroztik estereotipo horiek Espainian ez ezik Euskal Herrian (Hegoaldean bereziki) hedatu dira [2].

Kike Amonarrizek ere topiko hau gezurtatzen du:

"Erdaldunek ez dute euskarazko umorearen berririk, eta duela bi mende euskaldun askok ez zekien erdaraz. Beraz, Amerikako indioekin gertatu zen bezala, mutuak eta, gure kasuan, serioak ginen".

Bestetik, Espainiako eraikuntza ideologikoaren barruan andaluziarrak umoretsuenak izatearen topikoa,

"Hor eraikuntza ideologiko garbia dago."[3]

Anduaga eta Amonarrizen hitzetatik ondorioztatu daitekeenez, umorea Euskal Herriaren azpiratze eta menderatze prozesuan erabili izan diren baliabide anitzetako bat izan da. Hau da, Euskal Herrian indarkeria sinboliko gisa erabili izan da. Indarkeria mota hau ulertzeko, beharrezkoa da umorea eta politikaren arteko lotura aztertzea, umore etnikoa ezagutzea, baita euskal umore etnikoaren barrunbeak ezagutzea ere. Gai honekiko erreferentzia nagusia Anduagaren doktorego tesia da, Herri barrez: umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua, EHUn defendatua 2016an.

Umorea eta politika

Umorea politikoa da. Ia beti egiten du boterearen alde. Beti nazio baten alde. Hegemoniaren alde. Beti ‘bestearen’ kontra. Oso maiz, goitik behera. Umorea zer den eta zer ez definitzerakoan ere nazio-estatuak zer esan handia dute, besteak beste, bere autoritatea zilegitzerako orduan oso erabilgarria zaion baliabidea delako umorea. Norbanakoa botere harremanetan posizionatzen du umoreak. Sarritan umorea ‘politikoki zuzena’ den hori iraultzeko tresna dela saltzen da, baina, gehienetan, ‘politikoki zuzena’ dena zurkaizteko tresna izan ohi da[4].

Indarkeria sinbolikoa darabilen umorea goitik beherakoa da, hierarkizatua, ezinago bertikala. Eta horrexegatik, hain zuzen, du horrenbesteko arrakasta gehiengo onartutik bazter geratzen diren kolektibo horiei guztiei buruzko txisteek, eta berdin da borono ezjakin izan, marikoi lumadun zein machu picchu metroerdiko. Izan ere, jendartean mendeetan mamitutako egituren errailetan dabil umorea, ezagunak zaizkion txokoetan egiten du habia, han espero du txaloa eta algara. Hala, performance-an parte hartuko duten guztiek ongi ezagutzen dute aldamioa, hasierako eta amaierako posizioak ondo markatuak daude, legeak zein diren azaldu beharrik ez dago. Eta nola ez, hizkera markatuak erabileraren bermea du. Errepikatuaren errepikatuaz, umorearen bidez finkatu egiten da norberaren posizioa piramidean, barre onartuaren bidez itxura ematen zaio eguneroko egiturari, sendotu egiten dira jendartearen zimentuak. Bai, bere itxura arau-hauslean, pentsatu aldean asko du erritutik umoreak[5].

Horregatik bereizi behar da nork eragiten duen noren gainean umorea, nor den subjektua eta nor objektua, umore egilea eta umore gaia. Nork eta nori, alegia. Horrek markatzen baitu umorearen muga, grazia egitea edo grazia zipitzik ez izatea, eta are zilegi izatea edo ez, eta areago, legezko izatea edo ez. Hain zuzen, umoreak adierazten duen ertz interesgarrienetarikoa hortik eratortzen da.

Bestalde, “norberaren barre egitearen” inguruko diskurtsoa zabaldu da XXI mendean eta gainera kutsu positiboa dario, “sanoa” edo “beharrezkoa” dela esaten baita. Baina norberaren buruaz barre egitea zer den zehaztu beharko litzateke. Norberaren buruaz barre egiteko beharrezkoa da botere-harremanik gabeko testuinguru bat egotea, hau da, emaile, hartzaile eta ikusleak talde eta botere posizio komun bat konpartitzea eta ondorioz intimoa eta parekidea den inguru batean sentitzea, horrek berdinen arteko hartu-eman bat bermatzen baitu eta ondorioz, gutxiespenik gabeko autoparodia egitea ere bai (lagunarteko afari batean adibidez).[6]

Umorea Estatu-nazio modernoetan txertatzea

Nazioaren eta umorearen arteko harremana ez da berria, nazio modernoaren eraketan hasten dira agertzen lotura horren lehen zantzuak. XVIII. eta XIX. mendeetan, ordu arte indarrean egondako gizarte tradizionaleko egiturak aldaraztea dakarren estatu-sistema ezartzen da Europan. Mende luzeetan gertatuko diren aldaketa militar, ekonomiko, politiko, soziokultural eta administratiboek gizarte eredu tradizionala irauli eta herriaren borondate politikotik eraikitzen den ‘berdinen’ arteko gizarte bat sortzen da aurrenekoz. Baina ordu arte fedez edo obligazioz men egiten zitzaion sistema tradizionala desagerraraztearekin batera, sistema berriaren (eta haren instituzioen) biziraupena bermatu nahiko bazen, ezinbestekoa zen botere egitura berria zilegituko zuen sinesmen berri bat sortzea. Funtzio hori beteko duen sinesmen edo kontzientzia nazioa izango da. [7].

Nazioaren ulerkera modernoak hiritarren arteko elkartasun eta partaidetza sentimendua sortzen du aurrenekoz; berdina den zerbaiten kide izatearen konfirmazioa zabaltzen du gizartean, eta hiritar (eta estatukide) bihurtzen dituen identitate kolektibo bat eskaintzen die biztanleei. Ez da debaldeko esfortzua izango, ordea, nazioaren sorrerarekin gobernu berriaren (estatuaren) botereak beharrezkoa duen legitimitatea lortzen baitu. Nazioak estatuaren autoritatea bermatuko duen diskurtso/sinesmen/irudikari gisa funtzionatzen du, estatu egitura eta haren erakundeak (armada, zerga sistema, eskola...) hiritarren arteko bizikidetza eta egonkortasuna ziurtatzeko ezinbestekotzat bailitzan erakutsiz. Hala, nazio modernoa sistema berria zilegitzeko balioko duen kultur eraketa bat izango da, estatuak komeni zaizkion edukien arabera diseinatutakoa.

Estatuak beharrezkoa duen nazio sentimendu eta diskurtso hori eraikitzeko, beraz, biolentziaren monopolioa eta monopolio fiskala ez ezik, monopolio sinbolikoa ere eskuratuko du. Kultura edukiak eta erreprodukzio mekanismoak bere esku izanik, estatuak nahi bezalako irudia sor dezake bere nazioaren inguruan. Hala, aukeratuko ditu zeintzuk diren nazioaren heroi eta etsaiak, identitate irizpideak, familia eredua, tradizio eta ohiturak, hizkuntza eta erlijio/sinesmen ofizialak... Hiritarrek eduki horiek guztiak barneratuko dituzte, estatuak sortzen duen nazio kultura hori gizarteratzen duen heinean. [8].

Gizarteratze hori prozesu desberdinen bidez egingo da. Horietako batzuk esplizituak izango dira, erabaki-hartze politiko edo ekonomiko zehatzak eginez, non nazioa eta gizartea kudeatzeko jarrera aktibo bat egongo den. Baina naziogintzaren motor indartsuenak inplizituak diren prozesuetan gauzatzen dira, oharkabean egin edo erreproduzitzen diren praktiketan. Bigarren talde horri dagozkio, batetik, itxuraz naziogintzarekin loturarik zertan eduki ez badute ere, nazio eraketan argiki laguntzen duten praktika zehatzak. Horien artean, besteak beste, identitate kidetasuna indartzen laguntzen dutenak (kirol txapelketak edo nazio ospakizunak, kasu). Bestetik, egunerokotasunean etengabe errepikatzen diren ohiko jarduerak daude, inertziazkoak eta intuitiboak direlakoan nazio kultura jakin bati erantzuten diotenak: hizkuntza erabilerak (euskara-erdara), kontsumo joerak (bertakoa-kanpokoa), sinesmen eta balioak (propioa-arrotza, gu-haiek, egokia-desegokia, normala-anomaloa)... Uste eta ikuskera horiek guztiak, maila handi batean, nazio kulturak diseinatutakoak dira, eta eskolak, komunikabideek, kontrol sozialak edota kultura transmisioak berak irakatsiak. Bada, egunerokotasuneko praktikei sozialki egozten zaien izaera espontaneotik urruti, ondo eta asko neurtutako kultura nazional baten emaitza dira, zeinek, finean, estatu boterearen zilegitasuna bermatzea bilatzen duten. Hor kokatzen da umorea. [9].

Umore etnikoa

Umore etnikoak taldekide ez direnen ezaugarriak kolpatzen ditu, norberaren bertuteak agerian uzteko. Hau da, indarkeria sinbolikoaren baitan ardazten da.

Umorea identitate nazionalaren kidetasuna indartzeko tresna da, norberak bere errealitateak, ezagutzak eta kultura erreferentziak baliatzen dituelako umorea egiteko, eta erreferentzia horiek nazio kulturalak berak diseinatuak eta aukeratuak dira. Alegia, estatu-nazioak. Horregatik, estatuaren faltan, euskal nazioak ez du umore sen estandarrik, eta hori ezean bereganatu dugu Espainiako eta Frantziako estatuen umorea, gure sentitzeraino Vaya semanita bezalako saioak [10].

Euskal umore etnikoa

Umorerako gazteleraz gaizki moldatzen den euskaldunarena, giltza zaharra da. XVIII. mende amaieran Peñafloridako kondeak sortutako Txanton mozkortiaren pertsonaia da horren adibide. Txanton Garrote da euskaldunon gaineko umorearen arbaso arketipikoa: euskaldun baserritar arlotea, aldrebesa eta mozkorra, eta, beraz, eskarmentua merezi duena [11].

Arketipo egokia zaio umoreari Txanton Garrote. Azken batean, bera dago mendeetan iraun duen eskemaren sorburuan: analfabetoa da, mozkortu egiten da (ikusleak ez bezala, bistan da), ez da haien maila ekonomikora heltzen, eta ez izateagatik, ez du ganorazko izenik ere. Kalkoan eginak datoz ondotik Marcelino Soroaren Antton Kaiku eta Toribio Altzagaren Txanton Piperri, nahiz eta umore klasista zakarra doi bat arindu egin zen denborarekin, protoabertzaletasunak, ikur kostunbrista bihurtua, onartzeraino. [12].

XIX mendean zenbait astekari satirikoek mintzaera baldreseko baserritar arlotearen figuraren lepotik barre eragingo dute. El Ganorabaco 1865ean hasi zen argitaratzen Bilbon. Tankera horretako gehiago etorri zen ondoren: El Sinsorgo, El Coitao, El Thun Thun... Eta guztien artean, Jose Arrue ageri da maixu. Bera da Madrileko prentsara ere esportatuko den ereduaren berme:

¿No le conoses? Bernardo el de Rotasar es éste... De Cuba venir ha hecho en un vapor... Catorse años hiso allí... [13].

Francoren diktaduran, Erregimenak gogotsu heldu zion euskaldunaren inguruko irudi umoretsuari, euskara eta euskal hiztuna bereziki kolpatuz. Hautua ez zen ustekabekoa. XX. mende erdialdean euskal abertzaletasunaren diskurtsoak euskal nazioaren ikuspegi berri bat indartu zuen, eta arrazaren zentraltasunetik hizkuntzarenera (eta kulturara) egin zen jauzia. Frankismoak zauri berri bat ireki nahi izan zuen euskal abertzaletasunaren diskurtso hartan, eta muinera jo zuen, baita umorez ere. Erregimenak hizkuntzaren inguruan egin zuen irakurketak elkartu egin zituen hizkuntza/identitatea/harrotasuna, horietako bat kolpatzea aski izango zelarik beste biak ere erortzeko. Euskara debekatu eta zigortzeaz gainera, beraz, hizkuntzaren ospe-galera prozesu bat abian jarri zuen, atzerakoia, baldarra, mugatua edo landatarra delako usteak zabalduz umore bidez, eta hiztunen autoestimua (harrotasuna) zapalduz batera euskal identitatean erretena irekiz. Ezagunak dira, gaztelania hutsean ikas zezaten arduratu ziren gurasoen seme-alaben testigantzak, edo ama hizkuntza izanagatik ere euskara erabiltzen jarraitzeari behin betiko uko egin ziotenenak. Umoreak, lotsa sortzeko tresna gisa erabilita, hizkuntzaren gaineko hautematea aldatzeko balio izan zion Erregimenari, euskarak ordu arte izan zuen balio soziala irauliz[14].

Bestalde, Frankismo gorrienean, arrakasta itzela lortu zuen Radio Bilbao-n Jesus Prados Casadamon sesmatarrak Chomin del Regato-rena egiten. Ateraldiekin bezainbeste osten zion algara publikoari ahoskerarekin. Umore klasista (nekazaria jomugan) gaizki egindako gaztelerak eragiten zezakeen graziarekin nahasten zuen. Orobat, Alberto San Cristobalen Arlotadas. Cuentos y susedidos vascos liburua benetako hit-a bihurtu zen garai bertsuan[15].

XXI mendean ere plazaratu dira euskal arloteari erreferentzia egiten dioten lanak: Vaya Semanita telebista saioa, Ocho apellidos vascos eta Mission Pays Basque filmak edota Bocabeats Comedia antzerki-komedia.

Iñigo Aranbarriren ustez formula unibertsala darabilte guztiek ere, eta ezin klasistagoa oinarrian: gu ez garena da barregarri, eta aukeran, gu izateko ahalmenik ez duena. Ahalmen eta ahalduntze kontua baita umorea[16].

Anduagaren ustetan, umore etniko euskaldunaren kasuan “gure buruez” uste baino gutxiago barre egiten dugu, ez baita botere-harremanik gabeko testuinguruan ematen. Umore mota honetan euskaldunei egozten zaizkien ezaugarri hiperbolizatu edo tipifikatuak dira nagusi: mozkortiak, baldarrak, astapotroak, sexualki erreprimituak… izaten dira ezaugarri nagusiak. Hala, euskal umore etnikoa erabiltzen den gehienetan ez diogu gure buruari barre egiten, gure taldekide kontsideratzen ditugun (euskaldun bezala identifikatzen ditugun) beste kideei bazik (baserritarrak, giputxiak, Bilbotarrak eta abar)https://www.unibertsitatea.net/aktualitatea/uxoa-anduaga-umorea-zer-den-eta-zer-ez-den-botereak-definitzen-duela-erakutsi-dit-ikerketak.

Remove ads

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads