1979ko Euskadiko Autonomia Estatutua
From Wikipedia, the free encyclopedia
1979ko Euskadiko Autonomia Estatutua, Gernikako Estatutua izenaz ere ezaguna (izen ofizialez, Euskal Herriaren Autonomia Estatutua[1]), Euskadiko Autonomia Erkidegoa eratu zuen lege organikoa da. Gernikako estatutua deitzen zaio behin betiko testua Gernikan adostu zelako 1978ko abenduaren 29an. 1979ko urriaren 25ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek erreferendum bidez onartu zuten. Azaroaren 29an Espainiako Kongresuak onartu zuen eta abenduaren 12an senatuak.
- «Euskadiko Autonomia Estatutua» orriak hona dakar. 1936ko estatutuari buruzko artikulua hau da: «1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua»
Gernikako Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoan sistema parlamentarioa ezarri zuen. Foru sisteman oinarrituz, hiru herrialdeetako bakoitzak ordezkari kopuru bera jaso zuen Eusko Legebiltzarrean. Legebiltzarrak Lehendakaria izendatu behar du hauteskundeak egin ondoren. Lehendakariaren zeregin garrantzitsuena Eusko Jaurlaritza eratu eta gidatzea da.
Eusko Legebiltzarrak autonomia maila zabala dauka hainbat arlotan legeak egiteko: ekonomia jarduerak, kultura, herrizaingoa, etab. Era berean, Jaurlaritzak egiten duen eguneroko kudeaketa eta politika kontrolatzen ditu.
Autonomia estatutu honetan, euskal herriaren naziotasuna aipatzen da, eta autogobernua izatearren Espainiako Estatuaren barruan autonomia erkidegotzat eratzen dela (1. artikulua). Nafarroa Garaiak Hego Euskal Herriko gainerako hiru herrialderekin bat egiteko eskubidea duela aipatzen du (2. artikulua), betiere Espainiako konstituzioan jarritako 4. xedapen iragankorreko bidea betetzen badu. 6. artikuluak euskara euskal herriaren hizkuntza propioa dela dio, eta gaztelaniak bezala maila ofiziala izango duela agintzen du. Botere publikoek Euskal Herriaren aniztasun soziolinguistikoa kontuan izanik hizkuntza bien erabilera egokia bermatu behar dute, 6.2 artikuluaren arabera.
Estatutuaren xedapen gehigarriaren arabera "Estatutu honetan finkatu den errejimen autonomikoa onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriari herri gisa historikoki dagozkion eskubideei uko egiten zaienik; hauek legediak erabakitzen duenaren arabera eguneratu daitezke".