From Wikipedia, the free encyclopedia
Smilodon (antzinako grezieraz labana hortz esan nahi du), Machairodontinae subfamiliako desagertutako Felidae generoa da. Sable horzdun tigrea edo sable horzdun katua izenekin ezagutzen bada ere ez zuen gaur egungo tigre eta katuekin erlaziorik.
Smilodon | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Felidae |
Subfamilia | Machairodontinae (en) |
Generoa | Smilodon Lund, 1842 |
Datu orokorrak | |
Luzera | 175 cm |
Altuera | 100 cm |
Masa | 280 kg |
Ipar Amerikan azaldu zen Pliozenoaren amaieran (duela 2'5 milioi urte) eta Hego Amerikaraino iritsi zen. Ugaztun belarjale handiak ehizatzen zituen, bisonteak eta gameluak esate baterako. Duela 10.000 urte inguru iraungi zen, Ipar eta Hego Amerikako gainerako megafauna desagertu zen aldi berean. Genero honetako hiru espezie ezagutzen dira; Smilodon fatalis, Smilodon gracilis eta Smilodon populator. Jatorrizko espeziea S. gracilis izan zen, hiruetan txikiena, eta harengandik eboluzionatu zuten beste biek.
1830. hamarkadan Peter Wilhelm Lund naturalista daniarrak Brasilgo Lagoa Santa (Minas Gerais) herrian zegoen leize batean Pleistozeno aroko giza hezurrak (15 eskeleto) eta animalia erraldoien hezurrak aurkitu zituen. Tartean baziren masaileko hainbat hortz bitxi eta hiena bati zegozkiolakoan 1839an Hyaena neogaea espeziea deskribatu zuten 1839an. Hurrengo urteetan hainbat letagin aurkitu ziren eta Lundek felidoen genero ezberdin batenak zirela pentsatu zuen, hala ere hiena bihurtzeko trantsiziozko fosila zela esan zuen. Hyaenadon izena eman nahi izan zion genero berriari, baina dagoeneko izen hori hartuta zegoela konturatu eta Smilodon populator izendatu zuen 1842an. Antzingrekerazko σμίλη (smilē), "eskalpelo" edo "bi ertzetako labana", eta οδόντος (odontús), "hortza" erabili zuen eta "bi ertzetako labanaren itxura duen hortza" esan nahi du. Populator izenak aldiz "suntsitzailea" esan nahi du, izan ere inoiz izan den katurik handienaren hortzak zirela adierazi nahi baitzuen. 1846rako dagoeneko aurkituriko ale desberdinen hezurrekin hezurdura osoa aurkitua zuen, eta inguruko herrialdeetan fosil gehiago ere aurkituak ziren dagoeneko[1].
Ipar Amerikan XIX. mendearen bigarren erdialdean hasi ziren agertzen Smilodonaren fosilak[2]. 1869an Joseph Leidy paleontologoak hagin bat zuen masailezurra aurkitu zuen Hardin konderrian (Texas) zegoen bikezko ohe batean. Felis generokoa zela esan zuen eta Felis fatalis izena eman zion[3]. Izenak "hilgarria" esan nahi du. 1880an Edward Drinker Cope paleontologoak adierazi zuen F. fatalis-en masailezurra Smilodonaren antzekoa zela eta S. fatalis izena proposatu zuen[4]. Artikulu berean hirugarren espezie bat ere deskribatu zuen, S. gracilis.
Kalifornian Los Angeles inguruko La Brea eremuan bikezko (brea gazteleraz) aintzira ugari daude eta bertan hainbat animalia itsatsita gelditu dira azken hamarna milaka urtetan. Guztira 6.000 hegaztiren hondarrak, 3.500 ugaztunenak eta narrasti, anfibio eta arrain ugarirenak ere aurkitu dira[5]. Ugaztunen fosil guztietatik herena S. fatalis-enak dira eta adin tarte guztietako fosilak bildu direnez letaginen estadio guztien jarraipena egin ahal izan da. Dirudienez bertan harrapatuta geldituriko animalien usainak erakarrita bertan itsatsita gelditu ziren[6].
Smilodonak gaur egungo felido handien tamaina zeukan, baina hauek baino sendoagoa zen itxuran. Gerrialde txikia zuen, omoplatoak altu eta lepo gihartsua. Isats laburra zuen eta gorputzadar sendoak zituen, baina hankak txikiak ziren proportzioari dagokionez[7].
Hiru espezieak desberdinak ziren tamainaz eta pisuz. Txikiena S. gracilis zen, 55-100 kg hartzen zituen. Gaur egungo jaguar baten tamaina zuen. Hhurrengoa S. fatalis zen, 160-280 kg-tako pisua, metrobeteko altuera eta 1'75 metrotako luzrea, gaur egungo lehoiaren antzerakoa. Espezie handiena S. populator zen, 220-400 kg eta 1'20 metrotako altuera. Uruguaien aurkituriko garezur batek iradokitzen du S. populator espezieko ale hark 436 kg hartuko zituela.
Smilodonaren garuna txikia zen proportzioan, gaur egungo felidoekin konparatzen badugu. Hala ere usaimen erraboila garatuagoa zuen.
Animalia hau ezaguna bada izan zituen letagin luzeengatik da. S. populator-ek esate baterako 28 cm luzerakoak zituen[8]. Letagin hauek lirainak ziren eta zerra egitura txikiak zituzten aurrealdean eta atzealdean[9]. Ez zegoen sexu dimorfismorik, izan ere arrek eta emeek baitzituzten letagin luzeak[10]. Hain luzeak izanik denbora luzea behar zuten erabat osatzeko. S. fatalis-en kasuan 18 hilabete behar izaten zituen[5].
Garezurra sendoa zen eta muturra laburra eta zabala. Gaur egungo felidoekin konparatuta hezur zigomatikoak txikiak, sakonak eta oso arkeatuak ziren. Horren ondorioz Smilodonaren haginkada potentzia gaur egungo lehoiarena baino hiru aldiz txikiagoa zen[11]. Garezurrak gandorra zuen eta bekokia pixka bat ganbila zen.
"Sable horzdun tigrea" esaten denean Smilodon generoa etortzen zaigu gogora baina sable-hortz kontzeptua ekomorfo bat da, hau da, dagoeneko iraungita dauden harrapar askok izan zituzten letagin oso luzeak, eboluzio konbergentearen ondorioz. Gorgonopsia, Thylacosmilidae, Machaeroidinae, Nimravidae, Barbourofelidae eta Machairodontinae azpifamilietan agertu ziren letagin luze hauek. Azken honetako kideak dira Smilodonak.
Lehenengo sortu zen Smilodon espeziea S. gracilis izan zen. Megantereon-aren ondorengoa zen eta duela 2'5 milioi urte eta 500.000 urte artean bizi izan zen. Pliozeno garaian Megantereon-a Eurasiatik etorri zela pentsatzen da, garaikidea zuen Homotherium-arekin batera. Pleistozeno garaiaren hasieran Amerikako elkartruke handia gertatu zen, kontinentea osatu baitzen eta iparraldeko eta hegoaldeko espezieen migrazioak gertatu ziren. S. gracilis-ek hegoaldea ere kolonizatu zuen orduan[12]. Duela 1'6 milioi urte S. fatalis agertu zen Ipar Amerikan eta denbora pasa ahala S. gracilis ordezkatu zuen[13]. Duela milioi bat urte hegoaldean S. populator eseziea azaldu zen. S. fatalis eta S. populator duela 10.000 urte inguru desagertu ziren.
Rincón et al. taldeak 2011ean egindako Felidoen kladograma da jarraian dagoena. Hori osatzeko fosilak eta DNA azterketak hartu zituzten kontutan[12].
Felidae |
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Inguruko harrapari nagusia izanik animalia handiak ehizatzen zituen Smilodonak. La Brean aurkituriko S. fatalis-en hezurren isotopoek erakutsi dute bisonteak (gaur egungoak baino handiagoak) eta gameluak harrapatzen zituela[14]. Garaiko Canis dirus otsoa eta Panthera atrox lehoia lehiatzaile zituela pentsatzen da, baina horiek zelai zabalak hobesten zituzten bezala Smilodonak landaretza baxuko eremuak nahiago zituen[15]. Florida aldean (Estatu Batuak) aurkituriko S. gracilis-en hortzen isotopoek aldiz pekariak eta llama antzeko Hemiaucheniak ehizatzen zituela adierazten dute[16].
Smilodonak hegoaldera hedatu ahala harrapakinak aldatuz joan ziren. Hego Amerikako S. populator-en isotopoek honako dieta hau erakusten dute; Toxodon platensis, Pachyarmatherium, Holmesina, Panochthus, Palaeolama, Catonyx, Equus neogeus zaldia eta Caiman latirostris kaimana. S. populator-ek eremu zabaletan zein basoetan ehizatzen zuen[17].
Eztabaidagaia da Smilodonaren ehizatzeko era. Ikusmen binokularra zuen eta jauzi egin zezakeen, ez ordea zuhaitzetara igo[2]. Lasterka egiteko jaioa ez zen, hanka eta isats laburregiak baitzituen[18]. Horregatik landaretza artean ezkutatu eta eraso azkarrak egingo zituela ondorioztatu da. Aurreko hanka indartsuak erabiliz animalia bota eta ondoren letaginak sartuko zizkiola erakutsi du 2007an egindako ikerketa batek[18]. Hipotesi batzuen arabera letaginekin harrapakinaren sabela erasotzen zuen baina gehienek uste dute letagin luze horiek harrapakinaren eztarrian sartu eta itotzeko erabiltzen zituela. Ahoa 120º irekitzeko gaitasuna zuen baina esan beharra dago ordea horzkada ez zela gaur egungo felidoen besteko potentea[11]. Harrapakina ehizatu ondoren letaginekin haragia zatitzen zuen, baina ez zen gai hezurrak hausteko[2].
Smilodona taldekoia ala bakartia zen ere ez da zehaztu oraindik. Afrikan gaur egun aurkitzen diren harrapariek animalia baten laguntza deia entzun eta taldean erasotzen dutela ikusi da eta Smilodonak antzera jokatuko zuela proposatu izan da. La Brean harrapaturiko animalia baten inguruan Smilodonen hezur ugari aurkitu izanak hori baieztatuko luke. Bide berean aipatzen da hioide hezurrak iradokitzen du Smilodonak orro egiteko gai zirela eta elkarren artean komunikatuko zirela[19].
Beste aldeko hipotesiaren oinarrian Smilodonaren burmuin txikia dago, izaera taldekoia izateko txikiegia aukeran[20]. Burmuinaren tamaina eta bizitza sozialaren arteko erlazio hori zalantzan jartzen dutena ere badira. Bakartasunaren aldeko beste argudio bat da Smilodonaren ehizatzeko metodoak ez duela talde lanik eskatzen[21].
Ipar Amerikan habitat aniztasun handia izan zen Smilodona bizi izan zen Pleistozeno garaian, mamut iletsuak bizi ziren iparraldeko estepa izoztu zabaletatik hasi eta hegoalderago zeuden sabana eta baso azpitropikaletaraino. Basoak sastrakadiak eta belardi zabalak mosaiko baten gisa txandakatzen ziren. Ipar Amerikako hegoaldeko eremuetan zaldiak, bisonteak, antilopeak, oreinak, gameluak, mamut amerikarrak , mastodonteak eta lurreko nagiak bizi ziren. Letagin luzeko beste felido batzuk ere baziren harraparien artean, Homotherium eta Xenosmilus, eta otsoak, hartzak eta lehoi amerikarra ere bai[2]. Harrapari horien arteko lehiaren erruz S. fatalis ez zen S. populator bezain handia bihurtu.
S. gracilis Hego Amerikan sartu zen Amerikako elkartuke handian eta S. populator-era eboluzionatu zuen. Homotherium ere sartu zen baina ez zuen hainbesteko arrakastarik izan. Aurretik Arctotherium hartza iraungi zen eta Phorusrhacidae "hegazti beldurgarria" zen kontinenteko harrapari nagusia baina Smilodonak azkar hartu zuen haren lekua eta lehiarik ezean tamaina handituz joan zen[2].
Duela 10.000 urte Pleistzenoko megafauna desagertu zen eta haren barnean Smilodona ere bai. Belarjale handien desagertzearen ondorioz izan zitekeen, Smilodonak ez baitzen animalia txikiagoak ehizatzera moldatuko[22]. Beste hipotesia batek dio lehiakide berriak azaldu zirela Ameriketan; alde batetik Homo Sapiens taldeak garai hortan iritsi ziren[23], eta bestetik felidoen taldeko harrapari txikiago baino abilagoak agertu ziren.
Aurrehistorian girotutako hainbat film eta dokumentaletan agertzen da Smilodona. BBC-ren Walking with Beasts dokumental sailean "hegazti beldurgarri" bati egiten dio aurre, eta Smilodon talde bat ere ageri da, arra bere posizioa defendatu nahian[24]. Ice Age animaziozko filmeko pertsonaia nagusietako bat ere Smilodona da[24]. Suaren bila (1981)[25] eta 10,000 BC (2008)[26] filmeetan ere agertzen da. Azkenik beldurrezko Sabertooth filmea ere badago, 2002an telebistarako egin zena[27].
Smilodonaren itxura oso ezaguna da Ameriketan eta hainbat herrialdetan zigiluetan ikusi izan da, hala nola Ekuadorren, El Salvadorren, Estatu Batuetan...
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.