Hong Kong
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Hong Kong[1] ofizialki Txinako Herri Errepublikako administrazio eskualde berezia, Txinako Herri Errepublikan dauden bi eskualde administratibo berezietako bat da[Oh 1], Macaorekin batera. Ekialdeko Asian kokatua, hegoaldeko Txinako itsasoak inguratzen du lurraldea hegoaldean, eta kontinenteko Txinak iparraldean, eta mendebaldean Macaorekin egiten du muga, Perla ibaiaren deltaren beste aldean[2]. Guztira, 1104.4 km²-ko azalera du Hong Kongek, Kowloon eta Lurralde Berriak uharteen artean banatuta. Penintsula batez eta zenbait uhartez osatutako eskualdea da. Ekialdeko Txinako itsasoko portu garrantzitsu bat da (Perla ibaiaren deltan). 1997. urtera arte, Erresuma Batuaren kolonia izan zen[3][4].
Hong Kong eta Macao —portugaldar kolonia ohia— Txinako bi administrazio eskualde bereziak dira. Bi eskualde horietan, ez da sistema ekonomiko sozialista aplikatzen, merkatu libreak agintzen du bertan. Hong Kongek autonomia maila handia mantendu du kanpo-harremanetan eta defentsan izan ezik. 2008aren bukaeran, 7.000.000 biztanletik gora izatea espero zen.
Hong Kongeko historiak hainbat garai hartzen ditu, eta Neolitikoan[5] lehen erdi itsasertz kokalekuetaraino doa. K.a. 214[6] eta 1842 artean, Txinako Inperioarena izan zen, eta hainbat komandantzia eta konderriren jurisdikziopean egon zen, Opioaren lehen gerraren ondorioz, britainiar kolonia bihurtu arte Nankingo Ituna sinatutakoan[7]. Protektoratua mende eta erdi baino gehiago egon zen indarrean. Garai hartan, eskualdeak eraldaketa handia izan zuen, batez ere azpiegiturei emandako bultzadarengatik[8][9], populazioaren hazteagatik eta atzerriko[10][11][12][13] eta industriako[14][15] inbertsioengatik. Aipatzekoa da Bigarren Mundu Gerran japoniarrek lurraldea okupatu zutela 1945era arte, Britainiar Inperioak kontrola berreskuratu zuenean[16]. Hala ere, 1997. urtearen erdialdean, behin betiko transferitu zitzaion subiranotasuna Txinari[15], naiz «Herrialde bat, bi sistema» printzipioa dela eta, Hong Kongek herrialdeko beste eskualde batzuek baino autonomia-maila handiagoa duen[17].
Txinak ez bezala, Hong Kongeko sistema politikoak botere-banaketa gordetzen du, eta Hauteskunde Batzordeak hautatutako buruzagi exekutiboa du buru, eta, ondoren, Txinako Herri Errepublikako Estatu Kontseiluak izendatzen du[18]. Zerbitzuen sektorera[19] bideratutako merkatu askeko ekonomia du, eta, gainera, merkatuko kapitalizazioari dagokionez, munduko balore-burtsa handienetako bat du[20]. Halaber, Hong Kongen, hainbat eraikuntza eta ingeniaritza lan garrantzitsu daude, hala nola Tsing Ma zubi esekia[21], Hong Kongeko nazioarteko aireportua[22] edo Hong Kong-Zhuhai-Macao zubia[2]. Bestalde, Hong Kongeko kultura iragan historikoaren mendebaldeko eraginen eta printzipio eta elementu txinatar tradizionalen arteko hibrido bat da[23], besteak beste, feng shuiaren filosofia, zeina garrantzitsua baita zenbait alderditan, hala nola egitura diseinuan eta eskualdeko lurralde-plangintzan[24].
Remove ads
Etimologia
«He-Ong-Kong» adierazpena 1780an agertu zen lehen aldiz[25] erreferentzia eginez marinel britainiarren eta tokiko arrantzaleen arteko harreman-gune izan ohi zen eremuari, Ap Lei Chau uhartearen (Aberdeen ere deitua) eta Hong Kong uhartearen hegoaldeko kostaldearen artean kokatutako hargune txiki bat[26]. Izen erromanizatuaren jatorria ezezaguna bada ere, hēung góng kantoneraren ahoskeraren irudikapen fonetiko bat dela onartzen da, zeinaren esanahia, euskaraz, «portu usaintsu» edo «intsentsu-portu» den[27][28][29]. Usaintsu hitzak erreferentzia egin diezaioke Perla ibaitik datorren ur-etorriak portuan duen zapore gozoari, edo Kowloon iparraldeko itsasertza inguratzen duten intsentsu-fabriken usainari. Victoria portua ezarri aurretik, intsentsua Aberdeengo portutik gertu biltegiratzen zen esportatu ahal izateko[29]. Hong Kongen etimologiari buruzko beste teoria bat John Francis Davisengandik etorri zen, lurraldeko bigarren gobernadore kolonialarengandik, zeinak izena Hoong-keang hitzetik datorkeela —uhar gorria— gogoetatzen duen, uharteko ur-jauzi batek isurtzen zuen zoruaren kolorearen islari erreferentzia eginez[30].
1810etik aurrera, etengabe erabili zen Hong Kong izen sinplifikatua[31], nahiz eta hitz bakar gisa ere idazten zen. Azken ohitura hori mende batez baino gehiagoz egon zen errotuta gizartean, 1926ra arte, gobernuak, ofizialki, bi hitzez osatutako terminoa onartu zuen arte[32]. Hala ere, garai kolonialaren hasieran sortutako erakunde batzuek oraindik ere izen hori mantentzen dute, hala nola Hongkong and Shanghai Hotels edo Hongkong and Shanghai Banking Corporation[33][34].
Remove ads
Historia
Sakontzeko, irakurri: «Britainiar Hong Kong»
Historiaurrea eta Inperio aldia

Hong Kongeko giza kokalekurik zaharrenak Neolito garaikoak dira, duela 6000 urte ingurukoak. Bertako lehen biztanleak Yue tribuen erdi itsasertzekoak ziren[5], lurralde kontinentaletik emigratu eta uhartean arroza landatu zutenak[35]</ref>. Bere nagusitasuna K.a. 221. urtean Txinan sendotu ondoren, Qin dinastiako Qin Shi Huang enperadoreak Yuek okupatutako eskualdeak konkistatu zituen; hala, K.a. 214. urtean, Hong Kong bere lurraldeari erantsi zion[6].
Qin dinastiak bere lurraldeak komanderiatan antolatu zituen —gaur egungo probintzien baliokide diren administrazio-banaketak— hala nola Nanhai (txineraz, 南海郡), Hong Kong eta Guangdong hiriek osatzen zuten. K.a. 210. urtean, Qin Shi Huangen heriotzak matxinada ugari eragin zituen Txinan, adibidez, Zhao Tuo jeneralarena hegoaldean, non Nanyueko Erresuma ezarri baitzuen (txineraz, 南越) —Vietnamgo aurrekaria—, hiriburutzat Panyu (txineraz, 番禺区) izan zuena[36]. K.a. 112. urtean, Han dinastiak Nanyue konkistatu zuen[37]. Jin dinastiaren eta Tang dinastiaren aginte-denbora gehienean, Hong Kong Bao'an konderrikoa izan zen (txineraz, 宝安区), eta, azkenik, Dongguango prefekturarena (txineraz, 东莞市) Ming dinastia arte. Hong Kongeko gertakizun bati buruzko erregistrorik zaharrena Joss House Bay penintsulako harri gaineko inskripzio batean dago, eta, Tung Lung Chau uhartean, harrizko pagoda bat eraikitzeari buruzkoa da, Song Zhenzong enperadorearen erregealdian —iparraldeko Song dinastia— 1012. urtean. Grabatua 1274koa da, Duzong enperadorea buru zuen hegoaldeko Song dinastiakoa[38][39][40]. Gutxi gorabehera, 1075. urtean sortu zen Li Ying College, Hong Kongeko lehen erakunde akademikoa[41].

Hegoaldeko Song dinastiak gaur egun Kowloon hiria den lurraldea okupatu zuen laburki, 1279an mongolek konkistatu zuten arte, Yamengo guduaren ondoren Yuan dinastia ezarri zutenak[42]. Errefuxiatu txinatarren etorrerak biztanleriaren gorakada nabarmena ekarri zuen Hong Kongera, zeina bost klan edo familiak zuzentzen zuten: Tang (txineraz, 鄧), Hau (txineraz, 候), Pang (txineraz, 彭), Liu (txineraz, 廖) eta Man (txineraz, 文)[42]. Yuanen gainbehera arte, 1368an, batez ere Nekazari, Arrantzale eta piratek okupatu zuten uhartea —horien artean Cheung Po Tsai zegoen—. Ming dinastian, Hong Kong Xin'an konderriak gobernatu zuen garaia, (txineraz, 新安縣), Kowloonera inguruko probintzietako etorkin batzuk iritsi ziren[43]. 1513an, Jorge Álvares esploratzaile portugaldarra izan zen eskualdea bisitatu zuen lehen europarra[44]. Azkenean, Portugaleko merkatari batzuk Hong Kongera iritsi ziren, eta Tamão izena eman zioten merkataritza-gune bat ezarri zuten, Txinako hegoaldearekin merkataritza-trukeak egin asmoz. 1520ko hamarkadan, merkatariak kanporatu ondoren Portugal eta Hong Kongen artean nolabaiteko tirabira izan bazen ere[45], bi lurraldeen arteko harremanak 1549an berrezarri ziren. Ia hamarkada bat geroago, 1557an, Portugalek errentamendu iraunkorreko kontratu bat eskuratu zuen Macaorentzat[46].
XVI. mendearen erdialdean, Ming dinastiaren garaian, Haijin deituriko politika isolazionistak sartu ziren indarrean, itsas merkataritza eta itsasertzeko asentamendua murriztu zituztenak. Geroago, Qing gobernuak Hong Kongeko etxebizitzak eta kostaldeko laboreak suntsitzea agindu zuen zonalde horietako baserritarrak kontinenteko lurraldera joatera behartzeko[42]. Ondorioz, 16.000 pertsona inguruk bizilekua aldatu zuten[47], eta Hong Kongeko lur gehienak lurgorri geratu ziren[48]. Aldi kolonialaren aurreko hurrengo urteetan, Hakka etnia bihurtu zen uharteko populazio-talde nagusia.
Kolonia aldia
Sakontzeko, irakurri: «Britainiar Hong Kong»
Aurrekariak
1624an, Kangxi enperadoreak Haijin politikak bertan behera utzi zituen atzerritarrei Txinako portuetara sartzen uzteko[49]. Qing gobernuak, 1757an, merkataritza-eragiketak zorrotzago arautzeko, kantonamendu sistema ezarri zuen errusiarrak ez ziren atzerriko ontziei Guangzhouerako sarbidea mugatzeko[50]. Txinako tea eskari handiko produktu bihurtu zen Britainiar Inperioan, Txinarekin harreman komertzial bat ezartzeko interesa nabarmenagoa bihurtu zelarik 1793tik aurrera[8], baina, Txinara misio diplomatiko bat bidali zuenean, Qianlong enperadoreak atzera bota zituen haien proposamenak[51]. Tearen truke, britainiarrek landutako produktuak eta opioa esportatzen zituzten Txinara. Opioak kontsumo-krisia eragin zuen Asiako herrialdean, eta, 1839an, agintariek desagerrarazi egin nahi izan zuten substantzia konfiskatuz, suntsituz[52] eta opioaren salerosketa ezeztatuz[53]. Horrek britainiarren erantzun militarra ekarri zuen, eta opioaren lehen gerra ekarri zuen, 1842an amaitu zen gatazka qingtarren porrotarekin eta Hong Kong uhartea britainiarren esku uztearekin. Urte horretako abuztuaren 29an, Nankingo Ituna sinatu zen, eta, horren bidez, Hong Kong kolonia britainiarra bihurtu zen[7].
Kowloon eta Stonecutters uhartearen lagatzea

.
Hong Kongeko egoera politiko berriak onura ugari ekarri zizkion uhartearen azpiegitura publikoari; 1862an eta 1890ean, hurrenez hurren, lehen gas eta elektrizitate konpainiak sartu ziren[8]; 1885ean, Peak Tram funikularra eta 1910ean amaitutako Kowloon–Canton Railway trenbide-linea[9]. Hala ere, pirateria eta izurri buboniko gisako gaixotasunak, Qing politika batzuek irlarekiko zuten etsaitasunarekin batera, gobernuak merkatariak erakartzea eragotzi zuten. Hong Kongeko bizi-baldintzak hobetu egin ziren Taiping matxinadaren ondoren. Matxinada zela eta, txinatar dirudunek herrialdearen zurrunbilotatik ihes egin zuten, eta britainiar kolonian finkatu ziren[10]. Opio-trafikoaren inguruan Erresuma Batuaren eta qingtarren arteko desadostasunek eta tirabira iraunkorrek opioaren bigarren gerrara eraman zuten; qingtarrak, berriro, garaituak izan ziren, eta Kowloon penintsula eta Stonecutters uhartea utzi behar izan zizkieten britainiarrei 1860ko Pekingo Konbentzioan[54]. Gerraren amaieran, Hong Kong behin-behineko postu aurreratu izatetik merkataritza gune nabarmen izatera pasa zen. 1850eko hamarkadako hobekuntza ekonomiko azkarrak atzerriko inbertsioa erakarri zuen, interesdun potentzialek lurraldearen etorkizunean gero eta konfiantza handiagoa zuten heinean[11].
Lurralde Berriak eremuaren errentamendua
1895ean, Txina eta Japonia arteko lehen gerraren amaieran, Txina babesteko esku hartu zuten herrialde batzuek, hala nola Alemania, Frantzia eta Errusia, lurraldea lagatzea eskatu zuten, eta horrek Hong Kong inguruko eskualdearen kontrola bilatzera bultzatu zituen britainiarrak[55]. Ondorioz, 1898an, Britainia Handiak Lurralde Berriak eremuaren errentamendu-kontratua sinatu zuen laurogeita hemeretzi urterako [56]. Nahiz eta klausula batek, hasiera batean, txinatarrek Kowloon kaira sarbidea izatea ahalbidetu, 1899ko abenduan britainiar agintariek berau baliogabetzeko agindua eman zuten, eta eskualdea osorik okupatu zuten. Hurrengo bost hamarkadetan, kolonia are gehiago zabaldu zen, merkataritza-jarduera areagotzearekin batera[9]. 1911n, Hong Kongeko Unibertsitatea zabaldu zen, eskualdeko goi-mailako hezkuntzako lehen institutua[57] , eta, 1924an, Kai Tak Nazioarteko Aireportuak operazioak hasi zituen. Aipatzekoa da koloniak 1925 eta 1926ko Kanton eta Hong Kongeko greben ondoren ekonomiaren moteltze luze bat ekidin zuela[58].[13].
1937an, Bigarren Txina-Japonia gerraren hasieran, Geoffry Northcote gobernadoreak eremu neutral izendatu zuen Hong Kong bere portu libre izaera babesteko[59]. Gobernu koloniala balizko eraso baterako prestatu zen, emakume eta haur britainiar guztiak ebakuatuz 1940an[60]. Japoniako Armada Inperialak Hong Kong eraso zuen 1941eko abenduaren 7an, Pearl Harbor eraso zuen goiz berean[61]. Hong Kong ia lau urtez okupatu zuen Japoniak, Britainia Handiak 1945eko abuztuaren 30ean berriz kontrolari ekin aurretik[62]. Garai horretan, uharteko merkataritza jarduera eten egin zen, baita elikagaien hornidura eta zerbitzu publikoak ere. Bertako hainbat biztanle Portugalgo Macao koloniara joan ziren bizi baldintza hobe baten bila[16].
Gerraren ondoren, Hong Kongeko biztanleria asko handitu zen gerra zibiletik ihesi zihoazen txinatar etorkinen etorrerarekin, eta, 1949an, Txinako Alderdi Komunistak herrialdearen kontrola hartu ondoren muga zeharkatu zuten errefuxiatuekin[8]. Egoera horren ondorioz, okupak ugaritu egin ziren eskualdean. 1953ko abenduaren 23an, sute handi batek hainbat eraikin suntsitu zituen, eta gobernuak etxebizitza publikoen programa bat agindu zuen, zeinaren lehen etapak 600.000 biztanleri egin baitzien mesede eta, azken urteetan, 2,1 milioi pertsona baino gehiago hartzen dituen milioi erdi apartamentu baino gehiagotan[63]. 1950eko hamarkadan, Hong Kong Asiako lau tigreen lehen ekonomia industrializatu bihurtu zen[14], Koreako gerraren ondorioz Nazio Batuen Erakundeak Txinari 1951n ezarritako merkataritza-enbargoaren eraginez[16]. Populazioa azkar hazten ari zela eta, ehungintzaren manufaktura-industriaren —1960ko hamarkadako esportazioen zenbatekoaren ia erdia suposatzen zuena— eta turismoaren gorakadarekin[64], gobernu kolonialak erreformak hasi zituen azpiegitura eta zerbitzu publikoak hobetzeko[65].
Koloniaren azken hamarkadak

1970eko hamarkadan, gobernu-ekimen pare bat nabarmendu ziren, eta, harrezkero, ezartzen jarraitzen dute. Lehenengoak 1972tik aurrera Lurralde Berriak eremuan kokalekuak sortzeko programa batekin zerikusia izan zuen. Horren garapenak Hong Kongeko lurralde-antolamenduari lagundu zion; bestea, berriz, 1976ko Parke Nazionalen Dekretua izan zen, horren bidez, landa-parkeak eta eremu bereziak sortzea baimendu zen; eta, gaur egun, Hong Kongeko azaleraren % 40 inguru hartzen dute[64]. Lan- eta jabetza-kostuek gora egin zutelako lurraldearen lehiakortasuna eskulangintzan pixkanaka jaitsi bazen ere, zerbitzuen sektorean oinarritutako ekonomia bihurtu zen. 1990eko hamarkadaren hasierarako, Hong Kong munduko finantza- eta bidalketa-zentro gisa ezarri zen[66].
Koloniak zalantzazko etorkizuna izan zuen Lurralde Berriak eremuaren errentamendu britainiarraren amaiera hurbildu ahala, eta Murray MacLehose gobernadoreak Hong Kongen estatusaren auzia planteatu zion Deng Xiaoping buruzagi txinatarrari 1979an[67]. Asmo bereko beste bilera bat egin zuten 1982an, Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroak eta herrialdeko agintariek[64]. Txinarekin izandako negoziazio diplomatikoen emaitzak ekarri zuen 1984ko Britainia Handiaren eta Txinaren arteko Adierazpen Bateratua; hartan onartzen zen Erresuma Batuak 1997an transferituko zuela kolonia eta Txinak, berriz, administrazio-eskualde berezi gisa eratuko zuela, transferentzia egin eta hurrengo bost hamarkadetan lurraldea garatzeko beharrezkoak ziren sistema ekonomiko eta politiko kapitalistak gordez[68]. Operazioaren gertutasunak emigrazio uholdea eragin zuen eskubide zibilen, zuzenbidezko estatuaren eta bizi-kalitatearen higaduraren beldur zirenen artean; Izan ere, 1987tik 1990erako aldian, 62.000 pertsonak utzi zuten lurraldea[69]. Hong Kongen Txinarako behin betiko transferentzia 1997ko uztailaren 1ean gertatu zen, mende eta erdi pasatxo britainiarren mende egon ondoren[64].
2000. urtetik gaurdaino
Transferentzia egin eta berehala, Hong Kongek hainbat krisialdi jasan zituen. Irtenbide gisa, gobernuak dibisa-erreserba garrantzitsuak erabili zituen Hong Kongeko dolarraren diru-parekotasunari eusteko 1997ko Asiako finantza-krisian[8]. Hala ere, susperraldi ekonomikoa eten egin zen H5N1 hegazti-gripearen[70] agerraldi baten eta etxebizitza-superabit baten ondorioz[71]; ondoren, 2003ko SARS izurritea etorri zen, eta orduan izan zuen lurraldeak bere historiako dezelerazio ekonomikorik larriena[72]. 1997an formalizatu zen Txina kontinentaleko egoiliarrei ere aplika dakiekeen bizileku-eskubidea. Neurri horrekin, Hong Kongera 68.000 haur inguru sartzea ahalbidetu zen 1997 eta 1999 bitartean. Era berean, 1998ko urtarrilean, Etorkin Berrientzako Zerbitzuen Zuzendaritza Batzordea eta Etorkin Berrientzako Enplegu eta Orientazio Zentroa ezarri ziren[73]. Kriminalitate-tasa oso baxuak izan arren, indarkeriazko gertaera batzuk izan dira, hala nola 2000. urtean gertatutako «Hello Kittyren hilketa» deiturikoa[74].

Subiranotasuna transferitu ondorengo eztabaida politikoak oinarritu dira eskualdearen garapen demokratikoan eta gobernu zentralak «herrialde bat, bi sistema» printzipioarekin bat egitean. 1994a[75], garai kolonialeko azken Kontseilu Legegileak erreforma demokratikoak leheneratu ondoren, 2003an, tokiko gobernua saiatu zen, arrakastarik gabe, segurtasun nazionaleko legeak aldarrikatzen oinarrizko legearen 23. artikuluarekin bat etorriz[76], eta, hala, herritarren mobilizazioa sortu zen (harrezkero urtero uztailaren 1ean egiten dena) interes politiko eta sozial desberdinekin[77]. 2014an Buruzagi Exekutiboaren hauteskundeak baimendu baino lehen, gobernu zentralak presidentegaiaren aurre-hautaketa inplementatzeko erabakiak protesta batzuk eragin zituen, eta Aterkien Iraultza izenez ezagutuak izatera pasa ziren[78]. 2016ko Kontseilu Legegileko hauteskundeen ondoren hauteskunde erregistroan izandako desadostasunek[79] eta legegile hautetsien deskalifikazioak eskualdearen benetako autonomiaren inguruko kezka piztu dute, West Kowloon abiadura handiko trenaren geltokian lege nazionala ezarri eta Txinara ustezko delitugileak epaiketara bidaltzea ahalbidetuko duen estradizio-legea proposatzearekin batera[80][81]. Aurrerago, 2019 eta 2021 artean, protesta jendetsuak piztu ziren Pekinek erreklamatutako presoen estradizioa errazten duen lege bat indargabetzeko helburuarekin, disidente politikoen aurka erabil zitekeelakoan[82]. Bestalde, gobernua Hong Kong munduko finantza-zentro nagusietako bat izan dadin saiatzen ari da[83], eta, horrez gain, beste arlo batzuk lehenetsi ditu, hala nola robotikan inbertitzea, Singapur eta Japonia gisako herrialdeekin lehiatzeko[84].
Remove ads
Inguru naturala eta kokapena
Hong Kong Txinako hegoaldeko itsasertzean dago, Macaotik 60 kilometrora eta Perla ibaiaren deltaren hego-ekialdean. Ekialde, hegoalde eta mendebaldean, Txinako hegoaldeko itsasoarekin egiten du muga, eta, iparraldean, Guangdong probintziako Shenzhen hiriarekin. Hiriak 1.104 km²-ko azalera dauka, batez ere Hong Kong uhartea, Lantau uhartea eta Kowloon penintsulan eta 200dik gorako uharte txikiagoetan.
Hiriko azalera gehiena, gune menditsu eta aldapatsuek osatzen dute, eta, hiriko azaleraren % 25ek bakarrik balio du eraikitzeko. Horrez gain, Hong Kongeko gobernuak inguruko mendi eta itsasaldearen % 40 babesturik dauka; bertan, eraikuntza debekatuta dago, eta animalien erreserba sare bat osatu da. Hiriko auzo berriak Kowloon penintsula eta New Territories edo Lurralde Berriak eremuetan eraiki dira, Hong Kongeko jatorrizko sorrera gunetik iparraldera.
Hiriko punturik altuena Tai Mo Shan-en dago, itsasoaren mailatik 958 metrora. Hong Kongeko itsasertza aldakorra da, hondartza, badia, ibai eta amildegi asko baititu.
Klima
Hong Kongek klima subtropikala du, eta Asia hegoaldeko montzoiaren menpe dago. Urteko euriteen bi herenak maiatzetik irailera jausten dira. Tenperatura nahiko epela da urte osoan zehar, eta, uda garaian, inoiz iritsi izan dira tifoiak.
Remove ads
Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Hong Kongen banaketa administratiboa»
Kowloon (九龍)
- Kowloon City barrutia (九龍城)
- Kwun Tong barrutia (觀塘)
- Sham Shui Po barrutia (深水埗)
- Wong Tai Sin barrutia (黃大仙)
- Yau Tsim Mong barrutia (油尖旺)
Lurralde Berriak (新界)
- Hong Kongeko uharteak (離島)
- Kwai Tsing barrutia (葵青)
- Iparraldeko barrutia (北區)
- Sai Kung barrutia (西貢)
- Sha Tin barrutia (沙田)
- Tai Po barrutia (大埔)
- Tsuen Wan barrutia (荃灣)
- Tuen Mun barrutia (屯門)
- Yuen Long barrutia (元朗)
Hong Kong uhartea (香港島)
- Erdialde eta mendebaldeko barrutia (中西區)
- Ekialdeko barrutia (東區)
- Hegoaldeko barrutia (南區)
- Wan Chai barrutia (灣仔)
Remove ads
Demografia eta biztanle_zenbatespen
Hiriak ia zazpi milioi biztanle zituen 2006. urtean[87] (6,99 milioi zehazki). Hiriko ugaltze tasa 0,95 ume emakumeko da, hots, munduko batez-bestekorik baxuenetakoa, baina, nahiz eta hazkunde naturala txikia izan, Txinatik datozen hainbat etorkinen etorrera dela eta, biztanleria ez da azken urteetan gutxitu, urtez urte 45.000 biztanle gehiago irabazten baititu hiriak.
Hong Kongeko biztanleriaren % 95 txinatar jatorrikoa da, gehienak kantondarrak. Biztanleriaren gainontzeko % 5a indiar, nepaldar, vietnamdar eta Europa eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorritakoek osatzen dute.
Remove ads
Garraioa

Hong Kongeko MTR edo metroa
Sakontzeko, irakurri: «Hong Kongeko metroa»
Hiriko metro sareak hamar linea eta 150 geltoki dauzka guztira, horietatik 68 metro arinekoak. linearen izenak honakoak dira: East Rail linea, Kwun Tong linea, Tsuen Wan linea, Island linea, Tung Chung linea, Tseung Kwan O linea, West Rail linea, Ma On Shan linea, Airport Express linea eta Disneyland Resort linea.
Tranbia

Hiriko tranbiak munduko bi solairuko bakarrak dira. 1881. urtean proposatu zuten lehen aldiz tranbiak ezartzea, baina, garai hartan, inork ez zuen halako hiri txiki batean garraio publiko sare bat eraikitzeko dirua gastatu nahi izan. Handik hamarkada batzuetara, XX. mendearen hasieran, tranbia martxan jarri zen. Gaur egun, tranbia sarea 13 kilometro luze da.
Aireportuak
| Kokapen Hiria | NAZE | NAGE | Aireportuaren izena |
| HONG KONG | |||
| Hong Kong | VHHH | HKG | Hong Kongeko Nazioarteko Aireportua (Chek Lap Kok) |
Remove ads
Azpiegiturak
Sakontzeko, irakurri: «Hong Kongeko portua»
Hong Kongeko portua edukiontzi gehien mugitzen duen Txinako portua da, Shanghaiko portuarekin batera. Hori dela eta, edukiontzi garraioaren zama errazteko, hamaika terminal daude portuan; handienak, 9 hegoalde terminalak, 490.000 metro koadroko azalera du.
Argazkiak
Hiriko dendak Bi solairuko tranbia Hiriko gobernuaren egoitza Ikuspegia Victoria gainetik
Ikus, gainera
Oharrak
- ingelesez: Hong Kong Special Administrative Region of the People's Republic of China; txinera tradizionalean: 中華人民共和國香港特別行政區, Kantoneraren Yale erromanizazioa: Jūng'wàh Yàhnmàhn Guhng'wòhgwok Hēunggóng Dahkbiht Hàhngjingkēui.
Erreferentziak
Bibliografia
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
