LG Electronics
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
LG Electronics Inc. (koreeraz: 엘지 전자; RR: Elji Jeonja) elektronika multinazional bat da, 1958. urtean Hego Korean sortua. LG Korporazioaren parte da, eta bere egoitza Yeouido-dongen dago, Seulen, Hego Korean. Lau negozio-unitate estrategikoz osatuta dago: etxetresna elektrikoak, aire girotze, informatika eta telebista, audio eta bideo gailuak.[1] Enpresak 128 operazio ditu mundu osoan, 70.000 langilerekin. [2][3]
Remove ads
Historia
1958 - 60ko hamarkada

1958. urtean sortu zen GoldStar izenez (koreeraz: 금성), Koreako Gerra ostean herrialdean bertan sortutako kontsumo elektronikaz hornitzeko. Hitachi multinazionalarekin zuen harreman onei esker, GoldStar Hego Koreako lehen irratiak ez ezik, telebistak, hozkailuak, aire-girogailuak eta arropa-garbigailuak ere ekoiztu zituen.[4]
1995eko otsailaren 28an beste bi konpainiarekin fusionatu zen: Lucky Chemical, GoldStar eta GoldStar Cable. Fusio honetatik Lucky-Goldstar agertu zen, geroago LGra laburtu zena.
1970eko hamarkada - 1990eko hamarkada
1970ean publikora zabaldu zen konpainia. Hortik gutxira, 1976. urterako, milioi bat telebista ekoizten zituen urtero.[5] 1982an Koreatik kanpoko lehen lantegia ireki zuen, Huntsville, Alabaman (AEB). 1994an LG Electronics izena eta bere gaur egungo logoa hartu zituen enpresak. 1999an Zenith telebista ekoizle amerikarra bereganatu zuen, eta Philips LCD enpresarekin sozietate taldeaniztun bat ezarri zuen, geroago LG Display izango zenarekin.[6]
2000 - Gaur egun

2002an LG Electronics enpresatik banandu zen, izena mantenduz. Hortaz, esan daiteke GoldStar izenez hasi zen enpresa jadanik ez dela existitzen. Hala ere, 2005ean enpresa Mundu Marken zerrendan (ingelesez Top Global Brand deritzona) sartu zen eta 2006an % 14 hazi zen enpresa.[7] 2009an bere kide den LG Display munduko LCD fabrikatzailerik handiena izan zen. Handik gutxira, 2010ean, telefono adimendun industriara sartu zen LG Electronics.
2012. urtean LG Electronics eta beste bost enpresek Europar Batasunak ezarritako isunak jaso zituzten. 1.470 milioi euroko isunetik 295,6 milioi ordaindu behar izan zituen LG Electronicsek telebisten prezioak ezartzeagatik kartel baten ia hamar urtetan zehar.[8] Urte berean munduko 84 hazbeteko lehen ultra-HD telebista ekoizten hasi zen enpresa.[9]
2015ean Giza Eskubideei lotutako tirabira batean izan zen enpresa, The Guardian aldizkariko Rosa Morenok, LGk azpikontratatutako telebista muntaketa fabrika bateko langilea izan zenak, idatzitako artikulu bat argitaratu zenean. Morenoren arabera, esku biak galdu zituen enpresan eta ez zuen jaso laguntza nahikorik.[10]
2017an LG Electronicsek demandak jaso zituen haien telefono adimenduen hardware matxuren kudeaketa zela eta. Hurrengo urtean enpresako telefono hauen produkzioa Vietnamera mugitu zen. Ordura arte Hego Koreako lantegietan ziharduten langileak beste fabrika batera mugitu ziren.[11]
2020an 4.400 milioi dolarreko galerak izan zituen enpresak eta, horregatik, hurrengo urtean LG Electronicsek telefono adimenduak egiteari utzi egin zion.[12][13][14] Urte bereko ekainean YouTube plataformako Hardware Unboxed erabiltzaileak bideo bat argitaratu zuen, LGko ordezkari bat enpresak sortutako pantaila baten berrikuspena manipulatzen saiatu zela salatuz.[15]
Remove ads
Produktuak
Telebistak

LG Electronicsek munduko lehen Internet telebista ekoiztu zuen 2007an, Net Cast Entertainment Access izenarekin. Funtzionalitate gehiago inplementatzean, LG Smart TV izenarekin merkaturatu ziren 2011tik aurrera. 2013an enpresaren lehen OLED telebista merkataratu zen. Urte horretan, blog bateko erabiltzaile bat konturatu zen LG Smart TV telebisten pribatutasun-politikan ezarri gabeko datu batzuk LG eta haien kideei bidaltzen zizkiotela. Datu hauen artean ikusitako kanal eta emanaldiak ez ezik, telebistan txertatutako USB memoria gailuen barneko artxiboen izenak ere badaude.[16][17]
LG Electonicsek ekoiztutako telebisten urrutiko kontrolek Hillcrest Labsek sortutako Freespace teknologia erabiltzen dute keinu bidezko nabigazioa gauzatzeko, eta DragonNaturallySpeaking teknologia ahotsaren bidezko kontrola gauzatzeko.[18][19] 2014. urtetik aurrera, LG Smart TV telebista batzuek webOS sistema eragilea erabiltzen dute.[20]
Gailu mugikorrak
LG Electronicsek telefono mugikorrak, tabletak, portatilak eta erloju adimentsuak ekoiztu ditu bere historian zehar.
Telefonoei dagokionez, Hego Koreako merkatuan soilik aritu ziren 1995tik 2000ra arte, eta merkatu globalean 2021era arte. Haien produktuen artean LG Chocolate (2006) mugikorra zegoen, ukimen-pantaila teknologia zabaltzen hasi zena. LG Prada eta LG Shine mugikorrak (2007) munduko ukipen-pantaila kapazitiboko lehen telefono mugikorrak izan ziren.[21] Honek guztiak enpresak ukimen-paintailen aintzindari izatea eragin zuen.[22]


Enpresaren telefonoen artean nabarmenak dira LG Cookiea (2008), ukimen-pantailako prezio oneko mugikorra; Optimus serieko LG Optimus 2X (2010) eta LG Optimus 3D (2011) telefonoak, dual-coredun eta 3 dimentsioko pantailadun munduko lehen mugikorrak, hurrenez hurren; LG Flex (2013) telefonoa, enpresak egindako pantaila malgudun lehen mugikorra; LG G3 (2014) telefonoa, 1440p-ko pantailadun lehen mugikorra; LG V20 (2016) telefonoa, kalitate handiko kamera eta audioarekin; eta LG G6 (2017) telefonoa, 5,7 hazbeteko pantailarekin, 128 GBeko memoriaduna eta kalitate handiko audioduna.[23][24][25][26]
Esan bezala, 2021eko uztailean LG Electronicsek bere telefono adimendu produkzioa alde batera utzi zuen. Erabaki hau Samsung, Oppo eta Xiaomi moduko enpresen lehia zela-eta hartu zen.[27][28]
Etxetresna elektrikoak

LG Electronicsek hozkailuak, arropa-garbigailuak, lehorgailuak, xurgagailuak, aire-girotze gailuak eta mikrouhin labeak ekoizten ditu. 2014ko ekainean enpresak sortutako etxetresna adimentsuak merkaturatu zituen Hego Korean. Tresna hauek HomeChat mezu zerbitzuaz baliatzen dira gailuak kontrolatzeko. Zerbitzu honek LINE erabiltzen du, Naver konpainiaren mezu aplikazioa.
2021eko abenduan, enpresak iragarri zuen arropa-garbigailu modelo berri bat probatzen zegoela. Modelo honek CO2 likidoa erabiltzen du detergente bezala, ur zikinik sortu barik eta gas hondakina sortzen. Bi urtetan zehar probatuko dituzte makina hauek, segurtasuna bermatzeko asmoz.[29]
Remove ads
Babesletzak
Enpresaren babesletza nabarmenetarikoak hurrengokoak dira:
- Alemaniako Bundesligako Bayer 04 Leverkusen taldea (2013)
- Formula 1, Global Partner eta Technology Partner moduan (2009-2013)
- Londreseko Fashion Week
- Birminghameko LG Arena[30]
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads