Hungariera

hizkuntza From Wikipedia, the free encyclopedia

Hungariera
Remove ads

Hungariera edo magyarrera[1] (magyar nyelv; hungariarren berezko izenetik eratorria – magyarok /ˈmɒɟɒrok/) uraldar hizkuntza bat da, ugriar adarrekoa, mansiera eta khantierarekin batera.

Datu azkarrak Datu orokorrak, Lurralde eremua ...

Haren beste ahaide europar batzuk finlandiera eta komiera dira. XIX. mendearen amaiera arte hungarieraren ahaidetasuna beste uraldar hizkuntzekin zalantzan zegoen, haren lexikoan jatorri ezezaguneko hitz asko daudelako, baina Errusiako uraldar hizkuntzetan –komiera, udmurtera, mokxera, mariera– hungarierazko erroekin ahaidetasuna duten erro asko aurkitu zituzten.

Morfologiari dagokionez, hizkuntza eranskaria da, beste ugrofinlandiar hizkuntza guztiak bezala. Fonetikari dagokionez, hamalau bokal ditu eta haien iraupena oso garrantzitsua da, horrek hitzen esanahia alda dezakeelako.

Hiztunen kopuru esanguratsua duten Europako hizkuntza ez indoeuropar bakanetakoa da: hamabi-hamabost milioi bat hiztun ditu, batik bat Hungarian, bai eta Errumanian, Eslovakian, Serbian, Ukrainan, Kroazian, Austrian eta Eslovenian ere. Estatu horietan guztietan ofiziala da, bai eta Europar Batasunean ere.

Remove ads

Etimologia

«Magyar» (mоgor, antzinako hungarieran) hitzak bi zati ditu: lehenengoa –mōś– mansiarren berezko izenarekin alderatzen da eta agian uraldar *mańćɜ «gizaki, gizon» hitzetik eratorria. Bigarren osagaiaren jatorria ezezaguna da, baina agian finlandiar yrkö «gizon» hitzarekin ahaidetasuna du.

Historia

Duela 900-1000 urte, gutxi gorabehera, hungariarrek Siberia eta Ural utzi eta Panoniako ordokietaraino bizitzera joan ziren, baita Transilvaniaraino ere. Eslaviarren bertaratzea ez bezala, hungariarrena nahiko berandu jazo zen. Hungariarrek borroka asko egin behar izan zuten: eslaviarren aurka hegoalde eta iparraldean, alemaniarren aurka mendebaldean eta errumaniarren aurka ekialdean, baliabideengatik. Horregatik, hizkuntzak —errumanierak bezala— eslaviarren hitz asko hartu zituen: egun, lexikoaren % 20 inguru osatzen dute. XII-XIII. mendeetan Hungariako Erresumak eslaviar lurraldeen zatia menperatu zuen.

1526an Hungariak otomandarren aurkako guda galdu ondoren, Hungariako Erreforma protestantea —150 urte iraun zuen— jazo zen; horrek hungarieraz inprimatutako literaturaren agerpena eragin zuen. «Hungarieraren ortografia» hizkuntza hartan inprimatutako lehen lana izan zen.

1541-1699 urteetan, hungariar gehienak Turkiaren menpean bizi izan zirenez, turkieraren eragina gora egin zen. Transilvania, berriz, lurralde erdi-burujabe bihurtu zen.

Austriar inperioaren zatia bihurtu ostean, Hungariak errepresioa jasan zuen eta alemanak eragin bizia izan zuen hizkuntzan, baina Austria-Hungariako inperioaren garaian, ofiziala bihurtu zen: 1867-1918 hungarieraren «urrezko urteak» izan ziren, mende erdi hartan hiztunen kopuruak indar handiz gora egin zuelako (adibidez, 1915ean, hungariarrak ez zirenen artean hiztunen kopurua % 15,3 zen eta 1880an, % 5,6). Transilvaniako hiri askotan hungarieraz hitz egiten zuten bakarrik (Cluj-Napocan, adibidez). Garai horretan, nazio askotako jendeak hungariera ikasten zuen: juduek, alemaniarrek, errumaniarrek, eslovakiarrek, serbiarrek, kroaziarrek etab. Hala ere, 1918 urtearen ostean, erabilera larriki murriztu zen eta egun Hungaria, Transilvania, Voivodina, Eslovakia eta Transkarpatian nagusiki erabiltzen da.

Remove ads

Idazketa

Hungarieraren lehen idazketa errunak izan ziren (rovás írás, /róvax írax/ ahoskatua), baina kristautasunaren onarpenaren ostean, hungariarrak latindar alfabetoa erabiltzen hasi zen. Egun, errunak batzuetan edergai gisa bakarrik erabiltzen dira.

Gaur egungo idazketa:

Informazio gehiago Letra, Izena ...

Ezaugarriak eta egitura

Fonetika

Artikulu nagusia: Hungarieraren fonologia eta grafia.

Bokalak

Hungarierak hamalau bokal ditu; finlandierak ez bezala, ez du diptongorik, diptongoidoak bakarrik (hau da, hots batzuk beste hots batzuen antzeko entzuten dira: ó, ő, ű bokalak u-aren antzekoak izan daitezke eta é bokala, i-aren antzekoa). Ez du erredukziorik ere (alegia, bokal batzuk ahozko hizketan aldatzen edo ahoskatzen ez direnean): bokalak zehaztasun handiz ahoskatu behar dira.

Laburrak (a, e, i, o, ö, u, ü) edo luzeak (á, é, í, ó, ő, ú, ű) dira eta iraupena oso garrantzitsua da: vad «basati» — vád «egozte»; tör «hausten du» — tőr «sastakai»; a / á eta e / é bikoteek ere irekitasun ezberdina dute.

Hungarierak, beste hizkuntza eranskari askok bezala (euskarak ez), singarmonismoa du, hau da, hitz bateko bokal guztiek atzekoak (a, á, o, ó, u, ú) bakarrik edo aurrekoak (e, é, i, í, ö, ő, ü, ű) bakarrik izan behar dute: barnulásotokról, zöldülésetekről; horregatik atzizkiak hitzaren bokalen arabera aldatzen dira: falon «harresian», képen «irudian», tükrön «ispiluan».

Kontsonanteak

Hungarierak kontsonante sabaikariak ditu (ny, euskarazko «ñ» «andereño» hitzean bezala ahoskatua, ty eta gy, hurrenez hurren, euskarazko «tt» eta «dd» bezala).

Prosodia

Azentua beti lehen silaban dago (beste ugrofinlandiar hizkuntzetan bezala, udmurteraz izan ezik).

Morfologia

Morfologiari dagokionez, euskara eta beste ugrofinlandiar hizkuntza guztiak bezala, hizkuntza eranskaria da.

Izenak

Izenek numeroak (singularra eta plurala), kasuak eta artikuluak (zehaztua eta zehaztu gabea) dituzte; ez dute generorik.

Plurala -k, -ok, -ak eta -ek atzizkien bidez adierazten da, barruko bokalen arabera: erdő «baso» — erdők «basoak»; madár «txori» — madarak «txoriak»; férfi «gizon» — férfiak «gizonak»; város «hiri» — városok «hiriak»; ember «gizon, gizaki» — emberek «gizonak, gizakiak, jende».

Jabetza, turkiar hizkuntzetan bezala, baina ez euskaran, atzizkien bidez adierazten da: könyvem «nire liburua»; könyved «zure liburua»; könyve «haren liburua».

Kasu ugari ditu:

Informazio gehiago Kasua, Atzizkiak ...
Informazio gehiago Kasua, Atzizkiak ...

Aditzak

Aditzek bi denbora bakarrik dituzte: lehenaldia eta orainaldia. Geroaldiaren ordez, orainaldia erabiltzen da gehienetan; geroaldia aditz osagarriaren –fog– bidez osa daiteke, baina ez da beharrezkoa.

Ez dago «izan» bezalako aditzik: Nekem van egy ágy «Ohea dut» (esaldi honek hitzez hitz «Nirekin dago ohe bat» esan nahi du); era berean, Ő egy ember «Hura gizona da», hitzez hitz «Hura bat gizon» da.

Konjugazioaren atzizkiak aldatzen dira, esaldian objektu zehatza egotearen ala ez egotearen arabera: Olvasom az újságot «Egunkaria irakurtzen dut», Újságot olvasok «Egunkari bat irakurtzen dut».

Izenondoak

Hungarierazko izenondoak ez dira kasuen arabera aldatzen horien ondoren izen bat dagoenean; horrelakoetan izenek hartzen dituzte kasuen atizkiak: a gyönyörű erdő «baso ederra», a gyönyörű erdőbe «baso ederrera». Ez da horrela, adibidez, baltiar-finlandiar hizkuntzetan (finlandieran edo bepsaeran).

Remove ads

Hiztunen banaketa geografikoa

Erakundeak

Magyar Tudományos Akadémia Nyelvtudományi Intézete edo «Hungarierazko Zientzia Akademiaren Hizkuntzetarako Ikerketa Institutua» erakundeak hizkuntza arautzen du.

Dialektoak

Ikus Hungarierazko dialektoak artikulua.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads