Bakterio

From Wikipedia, the free encyclopedia

Bakterio
Remove ads

Bakterioak (izen zientifikoaz, Bacteria) zelula biologiko mota bat dira. Mikroorganismo prokariotoen domeinu handi bat osatzen dute. Tipikoki, mikrometro batzuk luze dira, eta itxura oso ezberdinak dituzte, esferatik soka formara eta hortik, espiralera. Bakterioak izan ziren Lurrean agertu ziren lehen izaki bizidunak eta, gaur egun, habitat gehienetan dira: lurzoruan, uretan, airean eta beste bizidunen barnean ere. Gainontzeko bizidunek onartzen ez dituzten habitat gogorrenetan eta latzenetan bizi daitezke: 0º C-tik beherako tenperaturetan eta 100º C-an ere; itsasoko sakoneran, 5.000 metrotik behera, ikaragarrizko presioak jasanez; habitat azidoetan (pH=1) eta urik gabeko tokietan; baita hondakin erradioaktiboen tartean ere[1]. Bakterio gehienak ezezagunak zaizkigu, eta ezagutzen diren bakterio filumen erdian baino ez daude laborategian hazi diren espezieak[2]. Haien ikerketari bakteriologia deritzo, eta mikrobiologiaren ataletako bat da.

Datu azkarrak Sailkapen zientifikoa, Datu orokorrak ...

40 milioi bakterio inguru daude lurzoru gramo batean, eta milioi bat bakterio zelula ur mililitro garbi batean. Gutxi gorabehera, bakterio daude Lurrean[3], landare eta animalia guztiak batuta osatzen duten biomasa baino gehiago[4].

Ugalketa erdibitze prozesuaz eta beste mekanismo konplexuagoez egiten dute. Oxigenoaren beharraren arabera, bi multzotan banatzen dira: aerobioak (oxigenoa behar dutenak) eta anaerobioak (oxigenorik behar ez dutenak). Itxuraren arabera: baziloak (luzangak), kokoak (biribilak), espiriloak (kiribilak) eta bibrioak (kakotx itxurakoak). Gram izeneko tindaketa hartzen badute, Gram positiboak dira eta, hartu ezean, Gram negatiboak. Lehenengo bakterioa Anton van Leeuwenhoek zientzialari herbeheretarrak aurkitu zuen 1683an. Espezie batzuk patogenoak badira ere, gehienak ez dira kaltegarriak gizakiarentzat; are gehiago, oso onuragarriak dira sinbiosia gertatzen denetan edota zenbait industri prozesutan. Bestalde, materiaren zikloetan (karbonoa zein nitrogenoarenean) parte hartzen dute, eginkizun garrantzitsua osatuz.

Lurreko ekosistemetan betetzen duten zeregina garrantzi handikoa izaten da. Horregatik, esan ohi da bakteriorik gabe ez legokeela ez gizaki, ezta animalia edo landareen bizitza Lur planetaren gainean.

Remove ads

Taxonomia

Bizidun guztiak hiru domeinutan sailkatzen dira egun: Arkeobakterioak, Bakterioak (Eubakterioak ere deituak) eta Eukariotoak. Lehenengo biek Prokariota eremua osatzen dute [5].

Arkeobakterioak eta Eubakterioak Moneroen erreinuan sailkatu dira duela gutxi arte. Biak organismo prokariotoak direnez, ontzat jo da urte askotan sailkapen hori. Arkeobakterioak genetikoki hobeto ezagutzen direnetik banandu egin dira eubakterioetatik, talde propio bat osatuz.

Bakterioen jatorria ikertzea oso lan korapilatsua izaten da. Mikrobiologo askoren ustez, orain dela 3.000 milioi urte gaur egungo arkeo eta eubakterioen arbaso komuna bizi izan zen, termofilo anaerobio bat, Lurreko garai hartako bizi baldintza gogorretan moldatua. Arbaso horrengandik gaur egungo Arkeobakterioak eta Eubakterioak sortu ziren, duela 2.500 milioi urte [6]. Azkenean, orain dela 1.500 milioi urte inguru gaur egungo Eukariotoak azaldu ziren, Eubakterioetatik eratorriak. Eukariotoen jatorria gaur egungo eukariotoen arbaso baten (pro-eukarioto) eta eubakterio baten arteko harreman sinbiotikoan datza, zientzialari ugariren ustez.

Remove ads

Morfologia

Thumb
Bakterioen itxura desberdinak

Bakterioen tamaina mikra baten ingurukoa da. Bakterio txikienak Mycoplasma generokoak dira, 0,25 mikrako zabalera dutenak. Thiomargarita namibiensis da gaur egun ezagutzen den bakterio handiena, 0,5 mm-ko luzera izanik (mikroskopiorik gabe ikus daiteke, salbuespena dena prokariotoen artean) [7]. Bakterio gehienak 0,5 eta 5 mikrako luzeren artean kokatzen dira.

Itxuraren aldetik bakterioak oso askotarikoak dira. Ezaugarri morfologikoek bakterioak sailkatzeko eta identifikatzeko egun munta txikia badute ere, mikrobiologiaren hasieran (XIX. mendean) bakterioak ezagutzeko tresna bakarra zen. Horregatik, bakteriar genero asko itxuraren arabera izendatu ziren: Bacillus, Streptococcus, Staphylococcus eta Vibrio, besteak beste.

Bakterio gehienak esferikoak dira (kokoak) edo luzangak (baziloak). Tarteko formak ugariak dira ere (kokobaziloak). Kakotxa itxurakoak (bibrioak), itxura helikoidalekoak (espiroketak) eta espiralak direnak (espiriloak) urriagoak dira [8] [9].

Kokoen artean zenbait aldaera daude: diplokokoak (koko bikotea), estreptokokoak (ilaretan daudenak), estafilokokoak (koko mordoetan) edo sarzinak (kubo formatan)[10].

Remove ads

Egitura

Eukariotoen aldean, zelula prokariotoaren egitura sinpleagoa da. Bakterio guztietan material genetikoa aske dago zitoplasman, ez dago nukleorik edo mintz nuklearrik. Horretan datza eukariotoekiko funtsezko desberdintasuna.

Jarraian aipatuko dira bakterio egitura ohikoenak, batzuk bakterio guztietan ez dauden arren:

Thumb
Bakterio-egitura:
A-Pili; B-Erribosomak; C-Kapsula; D-Zelula horma; E-Flageloa; F-Zitoplasma; G-Bakuoloa; H-Plasmidoa; I-Kromosoma zirkularra; J-Zelula mintza.
  • Zelula horma: mureina molekulaz osatuta dago. Mureina N-azetil-glukosaminaz eta N-azetil-muramikoz osatutako molekula da, lau aminoazidoekin lotuta [11] Zelula hormak bakterioa babesten du presio osmotikoaren aurrean [12]. Zenbait antibiotikok (penizilinak, kasu) zelula hormaren sintesia eragozten dute: bakterioak berehala hiltzen dira, "shock osmotikoaren" ondorioz, babesik gabe geratzen baitira zelula horma barik. Bakterio guztiek ez dute zelula horma berdina. Batzuetan (Gram positiboetan) horma hori lodiagoa da, besteetan (Gram negatiboetan) baino.
  • Zelula mintza: eukariotoen mintzak bezalakoa da, salbuespen batekin: ez dute esterolik.
  • Zitoplasma: zitoplasman aske agertzen dira erribosomak. Baita bakterioaren kromosoma zirkularra ere, DNA molekula biribil erraldoia. Elikagai-erreserbazko inklusioak edo bakuoloak oso ohikoak dira, eta poli-hidroxi-butiratoz osatuta daude.
  • Kromosoma eta plasmidoak: DNA molekula zirkularra da, eta oso tolestuta dago (lineala balitz milimetro bat neurtuko luke; bakterio gehienen diametroa 1-2 mikrakoa izanik) [16]. DNA horrek ez ditu protamina edo histona bezalako proteinarik, eukariotoena bezala. Kromosomaz kanpoko DNA molekula txikiagoak daude askotan, plasmido izenekoak )[17]. Erreplikazio independentea dute kromosoma nagusiarekiko.
  • Flageloak: ez dira bakterio guztietan agertzen. Bakterioaren mugimendua eragiten dute. Flageloen kopurua eta kokapena oso baliagarriak dira bakterioak identifikatzeko [18].
  • Finbriak eta Pili: bakterio Gram negatiboetan agertzen dira gehienbat, eta bakterioaren kanpoaldean kokatutako luzakinak dira. Finbriak motzak eta ugariak dira, eta pili luzeagoak eta urriagoak. Finbriei esker bakterioak substratuetan finkatzen dira. Piliek bakterioen arteko trukaketa genetikoa ahalbideratzen dute.
  • Endosporak: bakterio Gram positibo batzuek (Bacillus eta Clostridium, adibidez) erresistentzia egitura batzuk sortzen dituzte aurkako ingurune batean bizirauteko: endosporak [19]. Egitura horiek ez dute metabolismorik, baina bakterioaren informazio genetikoa eta erribosomak mantentzen dituzte. Endosporak bakterio barnean sortzen dira, eta haien kokapena oso baliotsua da bakterioak identifikatzeko. Endosporak bakterio latenteak direla esan liteke. Izugarrizko erresistentzia dute beroarekiko, erradiazioekiko eta lehortzearekiko. Inguruko baldintzak hobetzen direnean endosporak desagertzen eta bakterio begetatibo bihurtzen dira.[20].
Remove ads

Gram tindaketa

Sakontzeko, irakurri: «Gram tindaketa»
Thumb
Escherichia coli mikroskopioan ikusita Gram tindaketaz; bakterio Gram negatiboa da

Laborategian erabiltzen den Gram tindaketak bakterioak bi multzotan banatzen ditu: Gram positiboak (koloratzaile nagusia atxikitzen dutenak) eta Gram negatiboak (kolorante nagusia galtzen dutenak). Tindaketa hori oso lotuta dago zelula hormaren egiturarekin: Gram positiboek zelula horma lodiago eta trinkoago dute, eta horren ondorioz erabilitako lehen koloratzailea (bioleta kristala) errazago finkatzen dute [21].

Tindatze prozeduran bioleta kristala, lugol, alkohol eta safranina erabiltzen dira. Gram positiboak bioletaz tindaturik agertzen dira, eta Gram negatiboak, gorriz (bioleta kristala galtzen baitute safraninaren kolorea hartuz).

Gram tindaketa oso lagungarria da laborategian bakterioak identifikatzeko. Bakteriar identifikazioan saio biokimikoek eta antigenikoek munta handia badute ere, Gram tindaketak baiezta dezake aurreko probek emandako diagnostikoa [22].

Remove ads

Ugalketa

Thumb
Erdibiditze prozesuaren bidez ugaltzen dira bakterioak.

Bakterioek ugalketa asexuala dute, erdibiditzearen bitartez gauzatua (erdibiditzeari fisio binarioa ere deitzen zaio): bakterio-ama batengandik bi zelula kume sortzen dira. Bi zelula horiek berdinak dira eta amaren ondare genetiko bera dute [23].

Erdibitu aurretik kromosomaren erreplikazioa gertatzen da. Horrela, zelula kume bakoitzak jatorrizko kromosomaren zati bat jasoko du [24]. Ondoren, zelula-ama erditik zatitzen da, zelula mintzaren inbaginazioa gertatzerakoan eta zelulen tarteko zeharkako zelula horma berria eratzerakoan.

Ugalketaren erritmoa desberdina da bakterioen artean, azkarrago izanik inguruneko baldintzak (tenperatura, pH, elikagaiak...) onak direnean. Bakterio gehienak, hala ere, 20-40 minutuoro erdibitzen dira; horren ondorioz, 24 orduan bakterio bakar batek 5.000 milioi ondorengo sor ditzake, Lurrak duen biztanle kopurua bezainbeste.

Bestalde, bakterioek material genetikoa elkartrukatzeko zenbait mekanismo dute. Ez dira benetako mekanismo sexualak, baina para-sexualitate batez mintza liteke. Hiru dira mekanismo horiek: konjugazioa, transformazioa eta transdukzioa

Remove ads

Metabolismoa

Bakterioengan metabolismo mota guztiak daude. Aniztasun metaboliko hori generoen artean ez ezik, genero baten barruan ere gertatzen da, espezie bakoitzak bere ezaugarri metabolikoak eduki baititzake [25] [26].

Karbono, energia eta elektroi emaileen arabera egiten da sailkapen metabolikoa, bai bakterioengan zein bizidun guztiengan. Karbono iturriaren arabera, bakterioak autotrofoak (karbono iturria karbono dioxidoa denean) ala heterotrofoak (karbono iturria karbono molekula organikoak direnean) izan daitezke. Energia iturriaren arabera, bakterioak fototrofoak (energia iturria argi-energia denean) ala kimiotrofoak (energia iturria molekulen oxidazioa denean) sailka daitezke [27].

Bakterio autotrofo gehienak fototrofoak dira ere. Fotosintesia egiten dute, atmosferako CO2 eta eguzkiaren argi-energia erabiliz, landareen antzera (Zianobakterioak, adibidez). Beste autotrofo fototrofoek fotosintesi berezia egiten dute, ura erabili beharrean (landareen modura) azido sulfhidriko erabiliz (sufrearen bakterio berdeak, kasu). Fotosintesi mota hori (fotosintesi anoxigenikoa) bakterioengan besterik ez da gertatzen.

Badira bakterio autotrofoak kimiotrofoak direnak: CO2 da karbono iturria, eta energia molekula inorganikoen oxidazioarekin lortzen dute (Nitrosomonas, Nitrobacter....). Bakterio kimiolitotrofo deritzonak dira.

Bakterio heterotrofoak kimiorganotrofoak dira, hots, karbonoa eta energia molekula organikoetatik lortzen dute (glukosatik, adibidez). Atal honetan daude bakterio gehienak, aerobioak zein anaerobioak. Gizakiaren patogeno guztiak talde honetan sartzen dira ere.

Oxigenoarekiko tolerantziaren arabera, hiru taldetan sailkatzen dira: aerobioak (oxigenoa behar dutenak), anaerobioak (oxigenorik gabe bizi daitezkeenak) eta fakultatiboak (oxigenoarekin zein oxigenorik gabe bizi daitezkeenak). Azken talde horretako mikroorganismoek, oxigenorik gabe hazten direnean, hartzidura batzuk gauzatzen dituzte.

Thumb
Bakteriar koloniak hazkuntza-ingurune elikagarri batean, Petri plakan

Laborategiko hazkuntza-inguruneetan hazteko, bakterioek karbonoa ez ezik, nitrogenoa, sufrea eta fosforoa behar dute ere. Halaber, gutxi bada ere, zenbait elementu metalikok: burdina, magnesioa, potasioa, kaltzioa, kobaltoa... Bakterio batzuek hazkuntza-ingurune oso aberatsak behar dituzte, elikagai organiko eta hazkuntza faktore askorekin, haiek ezin baitituzte sintetizatu molekula organikoak; saprofito gehienak, ordea, molekula inorganikoekin eta molekula organiko sinple batzuekin bizi daitezke [28] .

Karbono dioxidoa karbono organikoa bihurtzeaz gain (fotosintesiaren bitartez), bakterio batzuk gai dira atmosferako nitrogenoa nitrogeno organiko bihurtzeko. Bakterio horiek (Zianobakterioak, Rhizobium, Azotobacter, Rhodospirillum...) nitrogenoaren finkapena burutzen dute, eta ez dute behar nitrogeno organikorik ezta inorganikorik ere hazteko. Eginkizun oso garrantzitsua betetzen dute nitrogenoaren zikloan.

Remove ads

Ekologia

Bakterioak moldagarritasun ekologiko handiena duten bizidunak dira: horrek esan nahi du ia Lurreko habitat guztiak kolonizatu dituztela. Batzuk iturri termal sutsuetan bizitzeko gai diren (80 °C-ko tenperaturetan); beste batzuk itsaso artikoetan daude, 0 °C-tik gertuko tenperaturetan; batzuk pH neutro edo alkalinoko ingurugiroetan hazten dira; beste batzuek muturreko azidotasuna (pH=1 duten uretan egon daitezke) jasaten dute arazo barik. Bestalde, espezie asko ingurugiro anaerobioetan ere bizi daitezke, oxigenorik gabe, organismo eukariotoek egin ezin dutena (legamien salbuespenarekin). Era berean, hainbat bakterio ingurugiro oso lehorretan ere bizitzeko gai dira, eta batzuk osmotoleranteak dira, hots, presio osmotiko handietan bizi daitezke.

Asko lurzoruan bizi dira. Bertan eginkizun oso garrantzitsua dute, lurzoruaren dinamika baldintzatzen dutelako [29]. Esaterako, funtsezko lana dute humusaren eraketa prozesuan, lurzoruaren materio organikoaren degradazioan edo mineralizazioan eta hainbat elementuren (karbonoa, nitrogenoa, sufrea, fosforoa...) ziklo biogeokimikoetan [30]. Azken alderdi horri dagokionez, nabaria da bakterioek egiten duten nitrifikazio edo nitrogenoaren finkapena prozesuek, besteak beste, haien munta lurzoruaren emankortasunean (derragun, bidenabar, Lurreko ziklo biogeokimiko guztietan bakterioek parte hartzen dutela, eta funtsezko zeregina dutela horietan).

Ur mota guztietan ere daude: ur gazi zein gezatan, itsasoetan, ibaietan, lakuetan edo ur-putzuetan, baita ur kutsatuetan ere. Ur geza, bereziki, gizakiari gaixotasunak sortzen dizkioten bakterio patogenoen gordailua da: patogeno gehienak giza gorozkietatik datoz eta gizabanako berriak infektatzen dituzte ur kutsatua edaten dutenean, batik bat gaitz gastrointestinalak sortuz. Laburbilduz, bakterioek Lurreko ekosistema guztiak kolonizatu [31] eta ekosistema horietan aldaketa garrantzitsuak egiten dituzte, ekosistemaren iraupenerako beharrezkoak. Hortaz, bakteriorik gabe gainontzeko bizidunek ez lezakete luzaroan bizirik iraun, eta Lur planeta antzua bihurtuko litzateke [32].

Remove ads

Beste bizidunekiko elkarrekintzak

Bakterioak ez dira isolatuak bizi, sarritan elkarrekintzak baitituzte beste bizidunekin, hots, onddo, protozoo, landare eta animaliekin. Elkarrekintza horietan beste bizidunak (ostalaria) onura ala kaltea jaso dezake: harreman horiei esker, landareek eta animaliek, usu, bizi ahal izateko behar dituzten substantziak lortzen dituzte. Adibidez, atmosferako nitrogenoa ezinbestekoa da landare zein animalientzat, baina horiek ez dezakete asimila. Zorionez, bakterio batzuek nitrogeno finkatzeko gaitasuna dute, nitrogenoa amonio bihurtuz. Landareekin harreman estua dute bakterio horiek, eta hala landareak nitrogeno organikoa eskura du [33]. Bakterioak, beraz, nitrogenoaren asimilazioaren kate biologikoan lehenengo mailan daude.

Era berean, animaliekin dituzten harreman sinbiotikoetan bakterioek funtsezko zeregina dute haien prozesu fisiologikoetan. Esaterako, errumenean dauzkaten bakterioei esker, behiek eta animalia hausnarkariek belarreko zelulosa digeri dezakete [34]. Halaber, gizakiok dugun heste-flora bakteriarrak bitamina batzuen ekoizpenean parte hartzen du [35].

Bakterioek beste bizidunekin dituzten elkarrekintzak bi motatakoak dira: sinbiotikoak edo parasitarioak.

Bakterio sinbiotikoak

Sinbiosia bi espezien arteko harreman estu eta iraunkorra da, elkartutako bi espeziei onura dakarkiena. Harreman sinbiotikoan espezien arteko elkarrekintza guztiz beharrezkoa da, bata bestea gabe ezin baita bizi.

Errizosferan (landareen erroen inguruko eremuan) bizi diren bakterioek lotura estuak dituzte landareen sustraiekin. Bakteriorriza deritzonak dira elkartze horiek. Landareen eta bakterioen arteko eragin-trukerik aipagarriena landare lekadunen eta bakterio nitrogeno-finkatzaileen (Rhizobium, esaterako) artekoa da. Bakterioek atmosferako nitrogenoa amonio bihurtzen dute, landareak asimila dezakeen nitrogeno mota, alegia [36]. Landareak harreman horretatik begi-bistako onura ateratzen du (nitrogeno organikoaren horniketa bermatuta dauka), eta bakterioak ere bai (landarearen sustrai-noduluetan babesa eta elikagaia lortzen du).

Beste sinbiosi mota baten adibidea animalien heste-florarena da. Gure hesteetan, esate baterako, 500 espezie desberdinetako 10 bilioi bakterio inguru bizi dira: beste bakterio patogenoen aurrean babesa ematen digute, hainbat bitamina (K bitamina, biotina, kobalamina...) ekoitzi, elikagaien digestioan lagundu, gure immunitate-sistemaren funtzionamendua hobetu...[37] [38]. Onura horiek direla eta, heste-florako bakterio horiek saldu egiten dira janari probiotiko moduan [39]. Sinbiosi horretatik, bestalde, bakterioek ere beren hazkunderako behar dituzten baldintza onenak eskuratzen dituzte, elikagai asko dituen habitat babeslea baitute.

Bakterio parasitoak

Thumb
Bacillus anthracis patogenoa (bazilo luzanga), karbunko gaitzaren eragilea, likido zefalorrakideoaren lagin batean.
Thumb
Klebsiella pneumoniaearen bi bakterio patogeno leukozito baten barruan

Beste bizidunekin bizkarroi-harremana duten mikrobioei patogeno deritze. Bakterio patogenoak gaixotasun askoren eta heriotza batzuen kausa dira. Tetanosa, sukar tifoidea, kolera, sifilia, tuberkulosia edo legenarra bezalako gaitzak, besteak beste, eragiten dituzte. Nekazaritzan eta abelzaintzan ere kaltegarriak dira, landare eta animaliei sortzen dizkieten gaitzengatik.

Bakterio patogenoen artean, bi kategoria daude: patogeno hertsiak eta oportunistak. Lehenengoek gaixotasuna sortzen dute beti (besteak beste, Clostridium botulinumbotulismoaren eragilea–, Clostridium tetani –tetanosena–, Vibrio cholerae –kolerarena–...)[40]. Bigarrenek, aldiz, gaitza sortzen diete immunitate-sistema ahulduta duten pertsonei soilik (hots, infektatutako pertsona batzuek ez dute gaitzarik garatzen, baina beste batzuek –ahulenek– bai). Pseudomonas aeruginosa, hainbat Staphylococcus.... bigarren multzo horren adibideak dira [41].

Bakterio patogenoen aurkako tratamendu klinikoa antibiotikoen erabileran datza.

Remove ads

Gaixotasun bakteriano batzuk

Beheko taulan bakterioek eragindako gaixotasun garrantzitsuenak daude:

Informazio gehiago Gaitza, Sintoma nagusiak ...
Remove ads

Erabilera industriala

Sakontzeko, irakurri: «bioteknologia»

Mikroorganismoak eta bakterioak ezagutu aurretik ere gizakiak aspalditik etekina ateratzen zien elikagai eta edarien ekoizpenean. Duela 8.000 urte sumertarrek eta babiloniarrek garagardoa ekoizten zutelako zantzuak baditugu, adibidez. Halaber, txinatarrek gazta eta jogurta egiten zuten orain dela 6.000 urte. Prozesu horietan guztietan bakterioek eta legamiek zeregin oso garrantzitsua dute [42] [43].

Gaur egun organismoak (eta, batez ere, mikroorganismoak) gizakiarentzako produktu edo zerbitzu onuragarriak lortzeko erabiltzen dituen teknologia motari bioteknologia deritzo.

Bioteknologiak bakterioen erabileraren bidez aplikazio ugari garatu ditu, hainbat enpresa eta industria-jardueratan (elikagaigintzan, nekazaritzan, farmazia-industrian, industria kimikoan, etab.).

Bakterioek, besteak beste, honako prozesu hauetan parte hartzen dute [44]:

  • farmazia-industrian: antibiotiko ugari bakterioetatik eskuratzen dira [46].. Txertoen ekoizpenean bakterioak erabiltzen dira;
  • hondakin kimiko eta petrolioaren biodegradazioan: bakterio batzuek hidrokarburoak darabiltzate karbono eta energia iturri modura; bakterio horiek oso baliotsuak dira petrolio-isurketak garbitu ahal izateko, eta arrakastaz erabili dira zeregin horretan (biorremediazioa)[48];
Remove ads

Bakteriologiaren historia

Bakteriologiaren historia, halabeharrez, oso lotuta dago mikroskopioaren historiarekin [50] : bakterioak mikrobio ikusezinak direnez, lehenengo mikroskopio modernoak agertu aurretik (XVII. mendean) bakterioen mundua guztiz ezezaguna zen, nahiz eta zientzialari aitzindari batzuek Pizkundean iradoki gaixotasun infekziosoen jatorrian gure gorputzean sartzen ziren izaki kutsakorrak egon [51].

Anton van Leeuwenhoek herbeheretarra izan zen bakterioen unibertsoa lehenbizikoz ikusi zuena, XVII. mendean. Zientzia zale (amateurra baitzen) horrek irudia ia 300 aldiz handiagotzen zuten lehenengo lente modernoak asmatu zituen, eta ur-putzuetako urak eta bere gorputzeko laginak aztertuz protozooak eta bakterioak (animakulu deitu zien) aurkitu eta deskribatu zituen [52].

Hurrengo 150 urtean, poliki bazen ere, mikroskopia garatu zen eta mikroskopioen ahalmenak askoz gehiago perfekzionatu ziren. 1820 inguruan mikroskopio optiko modernoak agertu ziren. Horrek Ehrenberg zientzialari alemaniarraren ikerketak ahalbidetu zituen, mikrobioei buruzkoak. Ikerlari horrek 1828an erabili zuen bakterio izena lehenbizikoz [53].

Baina bakterioen munduaren garrantziaz ohartu zen lehenengo zientzialaria Louis Pasteur izan zen, XIX. mendearen erdialdean. Mikrobiologia eta bakteriologiaren aitatzat jotzen da Pasteur, zalantza barik zientziak eman duen jenio handienetako bat. 1859an hartzidura alkoholikoaren atzean mikrobioak zeudela frogatu zuen, eta gero gaixotasun infekziosoen eragileak mikrobio batzuk zirela proposatu, lehenengo txertoak sortu eta mikrobioak hiltzeko prozedurak (pasteurizazioa) asmatu zituen, besteak beste [54]. Pasteurren beste garaikide Robert Kochek gaitzen teoria germinala proposatu zuen, gaixotasun infekziosoen jatorrian mikrobioek duten erabateko garrantzia azpimarratzen duena.

Mikroskopioen hobekuntzaz gain, beste faktore batek nabarmen lagundu zuen bakteriologiaren garapenean: hazkuntza-inguruneen agerpena, 1880 inguruan. Robert Koch izan zen aitzindarietako bat arlo horretan [55]. Hazkuntza inguruneek ahalbidetu zuten bakterioak laborategian kultibatu ahal izatea, beren azterketa eta ikerketa erraztu zuena.

Horrekin batera, laborategiko teknikak ere garatu ziren, eta Gram tindaketak eta Ziehl-Neelsenenak bakterioen identifikazioan funtsezko laguntza eman zuten (1884an) [56].

XX. mendearen hasierako bi mikrobiologo handiri ikerketa garrantzitsuak zor zaizkie bakteriologiaren arloan: Martinus Beijerinck eta Sergei Vinogradskiri.

Kimioterapiaren arloan jauzi kualitatiboa ekarri zuen Paul Ehrlich-en aurkikuntza, arsfenamina botikarena, sifiliaren bakterioa hiltzen zuena. Lehenengo botika antibakteriano eraginkorra izan zen [57]. 1929an Flemingek penizilina aurkitu zuen, lehenengo antibiotikoa, aro berri baten atea ireki zuena.

1950 eta 1960ko hamarkadetan egindako ikerketek bakterioen fisiologia, genetika eta biokimikaren xehetasunak ezagutzera eman zituzten. Ingeniaritza genetikoa eta bioteknologiaren agerpenak ere bakterioen taxonomian aurrerapen garrantzitsuak ahalbidetu dituzte. Hola, 1977an Carl Woesek arkeoak domeinu berri batean sartzea proposatu zuen, bakterioetatik bereiziz [58]

Remove ads

Bitxikeriak

  • Nahiz eta ospe txarra izan, bakterio gehienak ez dira kaltegarriak izaten. Ia 16.000 bakteriar espezie ezagutzen dira gaur egun, eta horietatik 538 soilik dira patogenoak (% 3,5)[59].
  • Hazkuntza-ingurune batean hazitako kolonia batean 109 bakteriar zelula daude, Lur planeta gainean bizi garen gizaki kopuru bera. Listu tanta batean 100 milioi bakterio daude. Zientzialarien ustez, mundu osoaren bakterio kopurua 5x1030koa da.
  • Giza gorputzean hamar aldiz bakterio gehiago daude giza zelulak baino, batez ere digestio-aparatuan.[60] Gorotzekin egunero bilioi bat bakterio baino gehiago kanporatzen dugu.
  • Bakterioak (edo euren arbaso primitiboak) izan ziren Lurreko lehenengo bizidunak. Orain dela 3.300 milioi urte agertu ziren, eta anaerobioak ziren, garai hartan Lurreko atmosferan ez baitzegoen oxigenorik,
  • Endosporak hainbat bakteriok sortzen dituzten zelula bereziak dira, oso erresistenteak eta bakterioa sor egoeran luzaro mantendu dezaketenak. Minnesotako zientzialari talde batek lortu zuen 7.000 urteetan sor egoeran egon ziren endosporak "berpiztea" [61].

Sailkapena

Koko Gram positiboak

Bazilo Gram positiboak

Koko Gram negatiboak

Bazilo Gram negatibo aerobioak

Bazilo Gram negatibo anaerobio fakultatiboak

Gram negatibo anaerobioak

Espiroketak

Mikobakterioak

Beste batzuk

Galeria

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads