Santa Sofia

From Wikipedia, the free encyclopedia

Santa Sofiamap
Remove ads

Santa Sofia[1] edo Jainkotiar Jakinduriaren eliza, batzuetan Hagia Sofia, (grezieraz: Άγια Σοφία; turkieraz: Ayasofya) antzinako kristau basilika bat da, gero meskita eta tarte luze batez museoa izan da (Ayasofya Müzesi), Istanbulen kokatua. 2020ko uztailaren 27tik aurrera, berriro ere meskita bat da.

Datu azkarrak Kokapena, Estatu burujabe ...

537an eraikia Erdi Aroaren hasieran, oso ezaguna egin zen batez ere bere kupula erraldoiagatik.[2] Garai hartako munduko eraikin handiena izan zen eta eraikuntza lan paregabea. Bizantziar arkitekturako lan gailena da eta esaten denez «arkitekturaren historia aldatu zuen».[3]

Antemio Tralleskoa eta Isidoro Miletokoa arkitektoek ia oinplano karratuko gisan eraiki eta petxinen gainean jarritako erdiko kupula batekin estali zuten. Kupula lau arkuren gainean dago, arkuei beste hainbeste zutabek eusten diete. Bi kupulaerdik egiten dute erdiko kupularen hormabular lana eta harresi irekiak kontrahormek ziurtatzen dituzte. Gainera, bizantziar mosaiko ederrak ditu.

2007an, munduko 7 mirari berriak aukeratzeko zerrendako eraikinetako bat izan zen.[4]

Remove ads

Historia

Eraiki zenean, Hirutasun Santuaren bigarren pertsonari eskaini zitzaion, Jesusi, alegia. 532 eta 537 urteen artean eraiki zen, Bizantziar Inperioko hiriburu Konstantinoplan (gaur egun, Istanbul), enperadore Justiniano I.a zelarik.

Konstantinoren basilika primitiboaren gainean eraiki zuten, bost urtean. Antemio Tralleskoa matematikaria eta Isidoro Miletokoa fisikaria lanen arduradunak izan ziren. Agatias historialariaren hitzetan, «materia solidoari geometria aplikatzen» saiatu ziren. Justinianok —enperadore horren kronista ofizial Prokopio Zesareakoak dioenez»—, Santa Sofia amaitua ikusi zuenean, honako hau oihukatu zuen: «Salomon, gainditu zaitut!» (Νενίκηκά σε Σολομών).[5]

Bizantzioko eraikuntzetan ez dago Santa Sofia bezalakorik. Hura izan zen sortaldeko kristau arkitekturaren abiagunea. Mendebaldekoak beste bide bat hartu baitzuen, garrantzi handiagoa emanez eraikuntzaren kanpoaldeari; haietan barnealdeak ez ziren hain zabalak ez hain bikainki apainduak.

Kristau elizatzat erabili zuten mila urtez baino gehiagoz, Santa Sofia dagoen lekuan izandako lehen eliza 360. urtean sagaratu zutenetik,[6] 1453ko Konstantinoplaren erorialdira arte. XV. mendeko urte hartan, meskita bihurtu zuten otomandarrek.[7] Sofia tenpluan babes hartu zuten beldurturiko biztanleek, otomandarrek hiria erasotzean. Santa Sofia meskita bihurtzean gehitu zitzaizkion lau minareteak, baita barneko medailoi apaingarriak ere.

1935ean, museo bihurrarazi zuen Turkiar Errepublikaren fundatzaile eta lehendabiziko presidente Mustafa Kemal Atatürkek.[8]

2020ko uztailaren 24ak berriro ere meskita izendatu zuen Recep Tayyip Erdoğanek.[9]

Lehen eliza

Thumb
Santa Sofiaren gaueko ikuspegia.

Kokapen horretan eraiki zen lehenengo elizaren aztarnarik ez da geratzen; grezieraz Μεγάλη Ἐκκλησία (Megálē Ekklēsíā, eliza handia) edo latinez Magna Ecclesia esaten zioten.[10]

Garaia haietan maiz gertatzen zen eran, tenplu pagano bat zegoen lekuan eraiki zuten. Jauregi inperiala eraikitzen ari ziren eremutik gertu jaso zuten eliza, Hagia Irene eliza txikiagoaren alboan, hura izan baitzen katedrala Santa Sofia amaitu zen arte. Sokrates Eskolastikoak (380-440) egin zuen eliza honen kronika, eraikuntza 325ean hasi zela esanez, Konstantino Handiaren agindupean, eta Konstantzio II.ak amaitu eta inauguratu zuela 360 otsailaren 15ean.[11] Hastapenean, Megálé Ekklàsi (eliza handia) deitzen zioten grezieraz, hiriko handiena zelako. Apelazio hori erabiltzen jarraitu zen V. mendera arte; orduan, Hagia Sophia edo Santa Sofia izena hartu zuen, eta izen horri eutsi zion Ekialdeko Erromatar Inperioa amaitu arte, 1453an.

Adituek uste dute lehen eliza hura latindar basilika tradizional bat bezala eraikia izan zela, galeriak eta egurrezko sabai bat zituela, eta aurrean atari bat. Garai hartan, munduko monumenturik bikainenetakotzat jotzen zuten, Ekialdeko Erromatar Inperioko eliza nagusien parte.

Bigarren eliza

Thumb
Teodosio II.ak eraikitako elizaren harri zati bat, Jainkoaren bildotsa erakusten duena.
Thumb
Bigarren elizako haitzurdinezko blokeak.

V. mendearen hastapenetan, Konstantinoplako patriarka Joan Krisostomo, fanatismo erlijiosoak sastatuta, gatazkan sartu zelarik Arkadio enperadorearen emazte Elia Eudoxia enperatrizarekin, 404ko ekainaren 20an erbestera zigortu zuten. Orduan, herria matxinatu egin zen, eta ondorengo istiluetan, lehenengo eliza erre egin zuten, ia osorik.[11]

Teodosio II.ak (408-450) bigarren eliza bat eraikitzeko agindu zuen, eta 415eko urriaren 10ean inauguratu zuen. Baina Rouginos arkitektoak diseinatutako eraikin honek ere ez zuen asko iraun, Nikako istiluen garaian erabat erre baitzuten, 532ko urtarrilaren 13 eta 14 artean. Bigarren eliza honetako haitzurdinezko bloke batzuk kontserbatu dira eta egungo elizaren (hirugarrenaren) lorategian daude ikusgai, 2 m-ko sakonera duen lubaki batean. Ikus daiteke iraganean marmolezko bost urratseko mailadi batez hiru ateko sarrera baten bidez nartexera iristen zela. Eliza honen zabalera 60 m zela ere egiaztatu ahal izan zen.[12] Hala ere, indusketekin ez zen ekialderantz jarraitu egungo elizari kalterik ez egiteko eta, beraz, zaila da luzera zehaztea.[12]

Hirugarren eliza

Thumb
Dekorazio landuaren xehetasuna goiko solairuan.

Bigarren eliza suntsitu eta egun gutxi batzuetara, 532ko otsailaren 23an, Justiniano I.a enperadoreak hirugarren basilika bat eraikitzea erabaki zuen, aurrekoak baino handiagoa eta dotoreagoa. Justinianok Isidoro Miletokoa fisikaria eta Antemio Tralleskoa matematikaria aukeratu zituen arkitekto gisa; Antemio, baina, urtebete geroago hil zen. Eraikuntza Prokopio Zesareakoa erromatar historialariak deskribatu zuen De Aedificiis obran;[13] honela azaltzen zuen:

« Eliza honetara otoitz egitera joaten zaren bakoitzean, berehala ulertzen duzu lan hau ez dela egin giza ahalmenagatik eta trebetasunagatik, baizik eta Jainkoaren eraginagatik, zeren eta Jainkoak flotatu egiten baitu, pentsatuz Bera ezin dela urruti egon, baizik eta Berak aukeratu duen leku honetan bizitzea estimatu behar duela[…][14]  »

Inperioko toki guztietatik eramandako materialarekin eraiki zen basilika, besteak beste Efesoko Artemisaren tenplutik ekarritako heleniar zutabeak.[15]

Thumb
Kanpo aldeko ikuspegi orokorra. Bi minarete nabarmentzen dira, gainerakoak baino garaiago.

Harri handiak urruneko harrobietatik eraman zituzten: porfiroa Egiptotik; haitzurdin berdea Tesaliatik; harri beltza Bosforo eskualdetik; eta harri horia Siriatik. Hamar bat mila langile kontratatu zituzten eraikuntzan. Berehala, arkitektura lan bikain baten aitorpena jaso zuen, arkitektoen ideia sortzaileak frogatuta, beharbada, Heron Alexandriakoaren teorietan oinarritu zirenak, halako espazio ireki handi baten gainean tamaina izugarrizko kupula bat ezartzeko. Enperadoreak, Eutikio patriarkarekin batera, 537ko abenduaren 27an zabaldu zuen basilika berria, ospakizun eta zeremonia handiarekin. Eliza barruko mosaikoak, hala ere, ez ziren osatu Justino II.a enperadorearen erregealdira arte (565-578).

Thumb
Kupula.

553ko abuztuan eta 557ko abenduaren 14an izandako lurrikarek pitzadurak sorrarazi zituzten basilikaren kupuletan. Kupula nagusia erabat hondoratu zen 558ko maiatzaren 7ko lurrikaran, talkak aldarea eta zinborioa suntsitu zituelarik.[16] Enperadoreak berehalako berriztapena agindu zuen, Isidoro Miletokoaren iloba Isidoro Gaztearen zuzendaritzapean. Oraingoan, material arinagoak erabili ziren, eta kupula 6,25 m igo zuen; hala, 55,6 m-ko barne altuera du gaur egun.[17] Berreraikitze lanak 562an amaitu ziren. Ekialdeko Paulo Silentiario poetak ekfrasi motako poema epiko luze bat idatzi zuen, Konstantinoplako Eutikio patriarka buru zuen basilika ostera zabaltzeko, 562ko abenduaren 23an.[18]

Thumb
Kristo pantokratorraren mosaikoa.

726an, Leon Isauriarra enperadoreak agindu ikonoklasta batzuk eman zituen, irudiak gurtzearen aurka, eta armadari Santa Sofiako ikono guztiak suntsitzeko agindua eman zion. Irudi erlijioso eta estatua guztiak Santa Sofiatik erretiratu ziren. Lasaitasun denboraldi labur baten ondoren, baina, Irene Atenasekoa enperatrizak (797-802) ikonoklasmoa are gehiago gogortu zuen. Teofilo enperadoreak (829-842), era berean, islamiar artearen eragin sakona izan zuen, eta grabatutako irudi guztiak debekatu zituen. Brontzezko ate bat ipinarazi zuen, bere monogramak erakusten zituena, elizaren hegoaldeko sarreran.[19]

Basilikak kalte gehiago jasan zituen, lehenik su handi baten ondorioz 859an, eta beste behin lurrikara baten ondorioz, 869ko urtarrilaren 8an, kupularen zati bat erorarazi zuena.[20] Basilio Mazedoniarra enperadoreak berreraikitzea agindu zuen.[21]

Beste lurrikara handi batek, 989ko urriaren 25ean, kupula handia suntsitu zuen. Basilio II.a Bulgaroktonoa Ekialdeko erromatar enperadoreak Trdat armeniar arkitektoa (armenieraz: Տրդատ ճարտարապետ) aukeratu zuen kupula konpontzeko. Berriztatze lanak egin zituen mendebaldeko arkuan eta kupularen zati batean.[22] Elizaren suntsiketaren norainokoa nabarmendu zen, berreraiketak sei urte iraun baitzuen. Elizak 994ko maiatzaren 13an ireki zituen ateak berriro.[23]

Laugarren Gurutzadan, Mendebaldeko gudarosteek Konstantinopla mendean hartu zutenean, eliza arpilatu zuten. Nizetas Koniates Ekialdeko greziar-erromatar historialariak Konstantinoplaren harrapaketa deskribatu zuen.[24] Erlikia asko Mendebaldeko elizetara bidali zituzten eta zenbait museotan ikus daitezke. Konstantinoplaren okupazio garaian (1204-1261), Santa Sofia katedral erromatar katoliko bihurtu zuten. Balduin I.a Konstantinoplakoa enperadore koroatu zuten bertan, 1204ko maiatzaren 16an, Ekialdeko erromatar zeremonia batean. Enrico Dandolo, hiria mendean hartu zuten kroaziarren buru egiten zuen Veneziako dukea, elizan lurperatu zuten. Jatorrizko hilobia otomandarrek suntsitu zuten eliza meskita bihurtu zutenean, baina hilobia adierazten duen aztarna bat ikusgai dago oraindik.[25]

1261ean, paleologoek hiria berreskuratu zutenean, eliza arpilatuta eta erdi erorian zegoen. Mikel VIII.a Paleologo enperadoreak (1261-1282) berrikuntza lan batzuk egin zituen, bereziki mendebaldeko eustormak eraikitzeko. 1317an, Androniko II.a Paleologoak piramide formako eustormekin indartu zituen iparraldeko eta hegoaldeko hormak, pisuagatik kanporantz bereizteko joera baitzuten.[26]

Meskita

Thumb
Marmolezko pitxerra, Pergamokoa.

Mehmed II.ak 1453an Istanbul okupatu zuenean, eliza suntsituta zegoen. Sultanak hura erreformatzeko eta meskita bihurtzeko agindu zuen. Absideari Meka aldera zuzendutako mihrab bat gehitu zitzaion.[27][28][26] Kupula txikienetako baten gainean, egurrezko minarete bat eraiki zuten. Ez zituzten ukitu, ordea, jatorrizko eraikuntza eta barrualdea apaintzen zuten irudien mosaikoak. Suleiman I.aren (1520-1566) agintera arte ez ziren mosaikoak argamasa geruza batez estali. Mehmed II.aren agintaldian, beste adreiluzko minarete gehigarri bat altxatu zen hego-ekialdean eta eustorma berri bat elizaren ekialdean. Ipar-ekialdeko minarete fina Bayezid II.ak gehitu zuen.[26] Beste biak, zirkunferentzia handiagoarekin, Mimar Sinan arkitektoak eraiki zituen Selim II.a sultanaren garaian (1566-1574).

Otomandar sultanek, beren handitasuna gorde nahirik, islamiar arteaz apainarazi zuten Santa Sofia. Horrela, Muras II.aren agintepean (1574-1595), lonja bat eraiki zuten muezzinarentzat, dekorazio finez hornitua. Haitzurdinezko bi ontzi eraman zituzten Pergamotik, eta sarreraren alde banatan jarri. Otoizgileen garbiontzi gisa erabili zirenez, ur txorrotak jarri zizkieten.[26] Mihrabaren alboetan jarritako bi kandelarioak Budatik eraman zituzten, Suleiman I.ak Hungarian egindako kanpainen garaian. Haitzurdinezko minbarra eta kupularen azpiko ezkerreko prediku aulkia Murad IV.aren garaikoak dira (1623-1640).

Elizaren hegoaldean, liburutegi bat dago, 26.750 libururekin.[29]

Thumb
Barruko medailoietako bat, 7,5 m diametro duena, Izzet Efendi kaligrafoak margotua.[30]

Eliza, Iznikeko lauzez apaindua dago. Turkiako arkitekturaren adibiderik ederrenetako bat da patio aurreko garbiketa putzua. Mahmud I.aren aginte garaian gizonen eskola bat eta otoitz denborak zehazteko lan gela bat gehitu zituzten. Lorategiaren ekialdeko txokoan, otomandar sultanen lau mausoleo daude. Hemen ere antzinako bataiotegi bat ikus daiteke, ondoren mausoleo bihurtu zena.[31]

Otomandar Inperioko berriztapen handienak Abdulmezid I.aren (1823-1861) garaian egin ziren. Gaspare Fossati suitzar arkitektoaren gidaritzapean, kupula egonkortzeko burdinazko zirrindola bikoitzak erabili ziren. Berunezko taulak berritu eta zutabe okerrak zuzendu ziren.[32] Suntsitutako mosaikoak konpondu zituzten, gurutzearen irudikapenak eta irudiak zaharberritu zituzten.[33] Sultanaren lonjaren forma garaikidea ere Fossatiri zor zaio.[32] Garai hartakoak dira, halaber, hormetatik zintzilikatutako arabiar jatorriko plakak, 7,5 m diametro dutenak eta Kazasker Mustafa İzzet Efendi kaligrafoak margotuak. Kupula handiaren barrualdea apaintzen duen Koranaren bertsoa ere kaligrafo beraren lana da.[34]

1934ko urriaren 24an, Santa Sofia eliza museo bihurtu zuten Kemal Atatürk presidentearen aginduz. Laurogeita sei urte geroago, 2020ko uztailaren 10ean, Recep Tayyip Erdoğan presidenteak meskita bihurtzeko dekretua sinatu zuen, Turkiako auzitegi administratibo nagusiak 1934ko dekretua bertan behera uztea lortu ondoren.[9]

Kronologia

  • 360 – Santa Sofia inauguratu zen, Konstantinoren agintean.
  • 404 – Jatorrizko teilatua deuseztatu zen sute batean.
  • 415 – Santa Sofia zaharberritu zen eta Teodosio II.ari eskaini.
  • 532 – Santa Sofia berriz erre zen eta egitura guztiz suntsitu, inguruko beste elizekin batera. 93 egun ondoren berreraikuntza hasi zen.
  • 537 – Berreraikuntza amaitu zen dekorazio eta apaingarri ugarirekin.
  • 553 – Lurrikarak Santa Sofia kolpatu zuen, ekialdeko arkua ahulduz.
  • 558 – Beste lurrikara batek zartadura eragin zuen bi erdien artean. Hilabete gutxi batzuen ondoren, kupula nagusia erori zen ekialdeko kupulardiarekin batera. Aldarea, ziborioa eta anboia suntsitu ziren.
  • 562 – Berreraikuntza burutu zen.
  • 726 – Erlijiozko ilustrazio eta eskultura-lanak kendu zituzten.
  • 842 – Berriz dekoratu zen.
  • 859 – Sute handi batek eliza kaltetu zuen.
  • 869 – Lurrikarak kupulaerdi baten erortzea eragin zuen.
  • 989 – Beste lurrikara handi batek mendebaldeko kupula bota zuen.
  • 994 – Eliza berriz ireki zen berreraikuntza lanen ondoren.
  • 1204 – Santa Sofia katedral katoliko bihurtu zen.
  • 1261 – Santa Sofia eliza ortodoxo izatera itzuli zen.
  • 1344 – Lurrikarak kalteak eragin zituen.
  • 1346 – Zati batzuk erori ziren eta eliza itxi zuten.
  • 1354 – Berriz ireki zen berreraikuntza lanen ondoren.
  • 1453 – Konstantinoplaren erorialdiaren ondoren, meskita bihurtzeko agindu zuen Mehmed II.ak. Jainkozko liturgia (meza ortodoxoa) eten zen.
  • 1573 – Kanpoaldea aldatu zen meskiten ohiko itxura izateko.
  • 1717 – Barneko zaharberritzea hasi zen.
  • 1734 – Zenbait eraikuntza gehitu zizkioten, hala nola liburutegia eta madrasa (eskola koranikoa).
  • 1847 – Meskita itxi zen zaharberritze lanak egiteko.
  • 1849 – Meskita berriz ireki zen.
  • 1919 – Jainkozko liturgia (meza ortodoxoa), 1453an eten zena, jarraitu eta osatu zen, greziar apaiz militar batek emana.[35]
  • 1935 – Eraikina museo bihurtu zen, meskita izateari utziz.[36]
  • 2019 – Erdogan presidenteak berriz meskita izatea iradoki zuen.[9]
  • 2020 – Berriro meskita izendatu zuten.
Remove ads

Arkitektura

Thumb
Jatorrizko Hagia Sofiaren ebaketa
Thumb
Oinplanoa :
a) Galeriaren oinplanoa (goiko erdia)
b) Behe solairuaren oinplanoa (beheko erdia)

Bizantzioko arkitekturak Justinianoren garaian (527-565) lortu zuen heldutasuna. Santa Sofia da haren agintaldian egin zen eraikuntza lanik garrantzitsuena, arkitekturaren historiako funtsezkoetako bat. Antemio Tralleskoak sortu zuen proiektua eta Isidoro Miletokoak gauzatu zituen eraikitze lanak. Justinianok berak jarraitu zituen garaiko katedral handiena eraikitzeko lanak. Munduko handiena izaten jarraitu zuen mila urtez, Sevillako katedrala amaitu zen arte.[37]

Eraikuntzaren arkitektura nagusiki barne espaziala da, hau da, kanpoaldearen itxura barnealdearen emaitza funtzionala da eta, otomandarrek bereziki aldatua. Historian zehar, minarete, ezproi eta beste arintze batzuekin aberastu izan da. Eraikinaren ideia zen eraiki beharreko kupula handia lau arkuren bidez eutsia izatea, bultzadak desbideratuko zituzten kupulaerdi eta hormabularren bidez indartuak. Horrela, hormigoirik erabili beharrik ez zen, adibidez, Erromako Agriparen Panteoian erabili zen gisan.

Oinplanoa 71 x 76,2 m-ko laukizuzen bat da, ia laukia.[2] Kupula, 55,6 m garaiera eta 31,24-30,86 metro arteko diametroa duena, lau puntutan danborrik gabe eutsita dago, eta berrogei leihok banandutako beste hainbeste hormabularrez inguratua dago. Prokopiok zioenez, «zerutik, urrezko kate baten bidez zintzilikatua» dagoenaren itxura du.[38] Kanpoaldetik, eliza handiaren masa handia harmoniaz altxatzen da. Kupulak antzinako basiliketan oso arrotza zen zentraltasun bat ezartzen zuen, baina petxina eta ahaleginak alboetako nabeei emanez, baita argiaren erabileraren fintze bati esker, «ez dirudi oinarri solidoan jarrita dagoenik».[38]

Kupula

Ohiko basilika oinaren arabera egin zen eraikuntza, baina kupula handi batekin eta bultzada berdintzeko sistema batekin: luzera ardatzean jarritako bi kupulaerdi, ardatz horri buruz diagonal jarritako bi nitxorekin. Zama banatzeko sistema hori zela-eta, ez zen zutaberik jarri beharrik izan basilikaren habearteak bereizteko. Erromatarren eta paleokristauen garaiko basiliketan, berriz, ezaugarri nagusietako bat ziren zutabeak.[39]

Zutabeak, eraikuntzaren euskarri nagusiak, harriz egin ziren, adreilu morteroetan izaten diren uzkurtze eta zabaltze efektuak ez izateko. Zutabe nagusiek 44 metroko karratu bat eratzen zuten eta haien gainean lau arku handi eraiki ziren. Arku horien erpinen eta arkuak elkartzen dituzten petxinen gainean eraiki zen kupula nagusia, berrogei nerbiok ataldua barrutik eta beste hainbeste nerbio laburrek sendotua kanpotik; nerbioetan tartekaturik leiho txiki batzuk egin ziren kupula argitzeko eta pisua arintzeko.[40]

Thumb
Kupula, labeko ganga eta absidea.

Kupulak kanporantz egiten duen indarrari eusteko, bi kupulaerdi egin ziren luzerako ardatzean. Kupulaerdiek kupula nagusiaren diametro berdina dute eta, arestian esan den bezala, ardatzari buruz diagonal jarrita dauden bina nitxotan deskargatzen dute beren bultzada. Zehar ardatzean, berriz, iparraldeko eta hegoaldeko arkuen tinpano hormetan deskargatzen da bultzada, hormotan zulatuta eta elkarren gainean jarrita dauden bi arku ilaren (sei arku txiki goikoan eta lau handi behekoan) arkuen zutabeen bitartez.[41]

Eraikitze lanean arazo handiak sortu ziren eta sortu ahala konpondu behar izan zituzten arkitektoek. Lau arkuen bultzada zela eta, eraiki ahala okertu zen eraikuntza, eta kupula egiten hastean hark estali beharreko espazioa uste baino gehiago zabaldu zela ohartu ziren. 558an kupula lurrera erori zen, lurrikara batzuen ondoren, eta berriro eraiki zuten 563an, aurrekoa baino bost metro garaiago. 975ean, beste lurrikara baten ondoren, mendebaleko kupulaerdia lurreratu zen eta berriro eraiki behar izan zuten. Gero, atari handi bat erantsi zioten mendebalean, eta 10.000 metro koadrotik gora hartzeraino handitu zen azkenerako.[42]

Nartexa

Ate Inperiala zen sarrera nagusia, exo- eta esonartexen artean. Enperadoreak bakarrik erabiltzekoa zen. Atariaren gainean dagoen mosaikoak Kristo eta enperadore izengabe bat irudikatzen ditu.[43] Kanpoko nartexetik doan aldapa luze batek goiko galeriara darama.

Barnealdea eta dekorazioa

Bizantzioko arkitekturaren xedea zen barne espazioak sortzea, eta Santa Sofiako eraikitzaileek ere, joera horri jarraiki, barneari eman zioten lehentasuna, kanpoaldearen kaltean, Santa Sofia kanpotik ez baita oso ikusgarria. Kupula, kupulaerdi eta nitxoen arteko loturak espazioa horizontalean eta, areago oraindik, bertikalean luzatzen den itxura ematen du. Kupula sail horri eusteko ez hormarik, ez, itxuraz, zutaberik egoteak areagotu egiten dute barrunbearen efektua. Zutabeak alboko habearteetatik ikusita baizik ez dira nabarmentzen, baina fustearen marmolezko azal polikromoa hondoko hormaren idulkiarekin nahasten eta berdintzen da.[23] Barneko dekorazioaren eginkizuna espazioari handitasun efektua ematea zen.

Kolore askotako haitzurdin azalek estaltzen zituzten zutabeak, pilareak eta horma zokaloak. Zorua, berriz, marmol gris ilunezkoa zen. Horma garaiak, gangen azpia eta kupulak, berriz, mosaikoz hornitu ziren: gurutzeak eta izarrak urrezko hondo batean. Kapitelak eta arku tarteak hosto itxuran zizelkatu ziren. Kupula handiaren erdian, apaingarri gisa, mosaiko bat zegoen: gurutze handi bat zirkulu batean sartua. Gainerakoan, aldarearen eta koruaren artean, urrezko lanparak eta zilarrezko xaflak zeuden apaingarri gisa.[44]

Dekorazioak sortzen zuen efektua argiak areagotzen zuen. Leihoak estrategikoki banatuak eta beira koloreztatuez estaliak zeuden. Argitasuna handituz-handituz zihoan alboko habearteetatik erdikora. Han, erdiko habeartean, kupula nagusiko leihoek eta arlotetako tinpanoetakoek oso ondo argiztatzen zuten eraikuntzaren erdigunea.[45]

Bestalde, mosaikoak berariaz jarri ziren urrezko lanparen kolore horixkaz argi egin zezaten gaueko elizkizunetan.

Remove ads

Izen bereko beste eliza batzuk

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads