Sumer

From Wikipedia, the free encyclopedia

Sumer
Remove ads

Sumer[1] (edo Shumer, Sumeria, Šumer) antzinako Mesopotamiako, Eufrates eta Tigris ibaien arteko lurralde oparoan, hegoaldean. Ez zen inoiz estatu bat izan, lurralde bat baizik, eta bertako hiri-estatuak politikoki eta administratiboki burujabeak ziren.

Datu azkarrak Sumer 𒅴𒂠; EME.ĜIR15, Geografia ...
Thumb
Ur hiriko gerra panela, K.a. XXVI. mendea

Sumertarrek[2] munduko lehen zibilizazio (hirietan oinarritutako kultura eta administrazioa) sortu zutela esaten da, bertan hasi baitzen idazkera eta horrekin batera, agertu ohi diren estatu mailako administrazioa eta antolaketa modua. Haien jatorria ezezaguna da eta hipotesi ugari daude: zabalduenen arabera, bertako gizataldeen eta Iran zein Indiakoen arteko nahasketaren ondorio dira sumertarrak.

Sumertarrek euren lurraldeari Kengi (ki) zeritzoten. Termino horren akadierazko forma mat Sumeria da, hots, Sumerren lurraldea.

Remove ads

Neolitoa

Neolitoa munduko hainbat tokitan sortu zen, eta gune zaharrena Asia hego-mendebaldean egon zen. Abereen etxekotzea, pertsonak leku berean errotuta egotea, eta lurraren laborantza Ilgora Emankorretik zabaldu ziren. Eskualde emankorra zen, ibai handiek eta haien adarrek ureztatua, eta populazioa handitu eta kontzentratu egin zen, hiriak sortuz.

Aipatzekoa da hiri-iraultzaz dugun informazio asko Gordon Childe historialari eta arkeologoari esker dugula. Europako historiaurrea ikertu zuen eta 1950ean The Urban Revolution (Hiri iraultza) liburua argitaratu.

Lehen hiriak, hiri-iraultza, Mesopotamian gertatu zen, Tigris eta Eufrates ibaien arteko lurraldean. Ondorengoak baina hala ere, beste hiri goiztiarrak izan ziren Egiptoko Nilo ibai inguruan eraiki zirenak eta Indus aranekoak.[3] Denak, ibaien inguruan sortu ziren.

Remove ads

Neolitotik Brontze Arora

Obeid Aroa (ca. K.a. 6500 - K.a. 3800) ere deitua. Mesopotamia beherean lehenengo giza kokalekuak, jadanik, Neolitoan aurki ditzakegu, adibidez, Jarmo (K.a. 6700. urtetik - K.a.6500 urtera). Kalkolitoan edo Kobre Aroan Hassuna-Samarra kultura (K.a. 5500 - K.a. 5000) , El Obeid (K.a. 5000-K.a. 4000), Uruk (K.a. 4000-K.a. 3200) eta Yemdet Nasr (K.a. 3200-K.a. 3000) garatu ziren. Garai horietatik ez da idazkunik geratzen eta aurkitu diren kaskezurretatik ere ezin da informazio handirik atera herri horien jatorria ezagutzeko: burezurren artean badira dolikozefaloak eta baita brakizefaloak ere eta, halaber, armeniarren aztarnak. Haien eskulturetatik ere saiatu dira informazioa ateratzen, baina nekez jakin daiteke oso pertsona idealizatuak ziren edo benetan horrelakoak ziren. Sumertar herriaren jatorria eztabaidan dago oraindik, gorago azaldu dugun bezala. Aditu batzuen ustez, sumertarrak, agian, estepetatik bertaratu ziren, baina beste teoria baten arabera, Indus ibaiaren ondoko Mohenjo-Daro hiriaren sortzaileak eta handik joan ziren (K.a. 2600-K.a. 1800).

Remove ads

Uruk Aroa

Thumb
Uruk Aroan idazteko buztinezko taulatxoak hasi ziren erabiltzen. Taula hotean, garagardoaren banaketaz idatzi zuten. K.a 3100-3000. 9.4 cm x 6.87 cm.
Thumb
Mesopotamia Beherako antzinako hiri nagusiak.

Uruk Aroa K.a. 3800ean hasi zen eta K.a. 3200ean bukatu, eskualde horretako Kalkolitoaren azken milurtekoan. Eufrates ibaiaren behe ibilguan dagoen herri txiki bat da Uruk, Obeidetik kilometro gutxira, eta aroari izena eman dio, hain zuzen ere, bertan egin direlako aurkikuntzarik garrantzitsuenak. Uruk Bibliako "Erec" da, eta arabieraz "Warka" izena jaso zuen. Garai eta inguru horietan gizateriarentzat ezinbesteko garrantzia izango duten bi aurkikuntza gertatu ziren: gurpila, K.a. 3500. urtean, eta idazketa, K.a. 3300. urtean; azken urte horretakoak dira idazkera kuneiformez idatzitako lehenengo buztinezko taulatxoak. Idazketa horietan sumertarrak indoeuroparrak ez zirela baieztatzen da, ezta afro-asiarrak oro har, semitak edo elamitak ere, taulatxoen hizkuntza eranskaria baita. Egile batzuek uste dute Uruk Aroaren azken etapa, Jemdet Nasr Aroa kultura (K.a. 3200 - 3000) garatu zela, beste batzuen iritziz, ordea, Yemdet Nasr kultura, berezko nortasuna izan zuen garaia izan zen,[4] Aro dinastikora eraman zuen trantsizio unea.

Uruk hiria izan zen gehien induskatu zen tokia eta bere izena eman zioten eskualdeko eta garaiko kulturari. Hiriak koloniak zituen Goi Mesopotamian, Sirian… baina koloniek ez zuten Urukekiko menpekotasunik, eta horren ordez, aliantza sareak josi ziren. Hiri horiek guztiak ibaien ondoan kokatuta zeuden, ureztatzeko zein horren gestiorako toki aproposenak zirelako.

Thumb
Lehoiaren ehizaren estela. Uruk. Jemdet Nasr aroa. K.a. 3000-2900

Uruk hiria bera gaur egungo Warka (Irak) hirian zegoen kokatuta eta inguruko natura baliabideak ere bere barne hartzen zituen. Hiriaren erdian Eanna tenplu multzo harresitua zegoen eta bertan bi jainko nagusi ziren: Inanna, emankortasunaren jainkosa eta Anu zeruaren jainkoa. Tenplu multzoaren inguruan tributuak kobratu eta beste hainbat administrazio lan egiten zituzten. Gainera, truke bidezko merkataritza gune bilakatu zen eta bertan, lehenengo idazketa taulatxoak agertu ziren. Tenplu multzoak 250 hektareako azalera izatera iritsi zen.

K.a. 3100 urte inguruan, Uruk hiriko inguruko koloniak hiriarekin zituzten harremanak eteten hasi zen eta hainbat gune suntsitu egin ziren. Oro har, hiriak despopulatu eta asko eta asko aurreko asentamenduetara itzuli ziren. Egoera horretan, hiriek eta ondorioz Urukek nagusitasun eta zentraltasun guztia galdu eta tenpluak abandonatu ziren [3]

Uruk kulturako gizartea

Thumb
Uruk IV mailako Eannan aurkitutako eraikin bateko pilastra dekoratuak

Oro har, ibaietan nekazaritza lantzen zen, lurra egokia zelako eta uraren kanalizazioarekin lana errazten zelako. Estepetan abeltzaintza eta ehiza egiten zen eta paduretan arrantza zen nagusia. Biztanleriaren hazkundeak eta ekoizpena handitzeak eragin handia izan zuen, izan ere, gertatu zen ez zela beharrezkoa biztanle guztiak elikadura ziurtatzeko lan egitea, pertsona asko beste gauza batzuetan espezializatzeko aukera emanez. Horrela, biztanle bakoitzaren ahalegina lan bakarrean kontzentratzen zen eta gaitasunak garatu ziren, hala nola, artisautza, oihalgintza edota metalen fundizioa. Hirietan espezialisten auzoak sortu ziren.

Artisautzan eltzegile gurpil altuak sortu ziren eta horrela zeramika finagoa egiten zuten eta gehiago ekoiztea lortu zuten. Gainera, brontzearen eta gurpilaren erabilerak zabaldu ziren. Merkataritzan produktuen trukeen kopuruak gora egin zuten eta Siria zein Anatoliaraino hedatu ziren sareak finkatu zituzten. Burokrazian, soberakinen birbanaketa antolatzeko funtzionarioak izendatu zituzten, baita beraien lana erraztu zein estandarizatzeko idazkera asko garatu ere bai.[3]

Antolamendua

Thumb
Urukeko apaiz-erregea. K.a 3000

Egiten zuten lan motaren araberako gizarte taldeak berezitu ziren eta hierarkizazioa gertatu zen; alde batetik, elite erlijioso-politikoa zegoen, ondoren artisau espezialistak eta azkenik gainontzeko biztanleria.

Bestalde, teokrazia indartu zen gizarte horretan; tenpluaren boterea gailendu zen eta haiek baliabideen kontrola zuten, lurjabe nagusiak izatearekin batera. Espezialista erlijiosoek (apaizek) funtzio erlijioso, politiko eta militarrak eskuratu zituzten. Gainera, beraien boterea legitimatu eta gaitasun sozialak indartzeko ikonografia erabiltzen zuten; nagusitasuna bermatzen zuten irudi handiagoekin, bizardunekin eta jantzi bereziekin.

Hirien monumentalizaioari ekin zioten.- Hiri garrantzitsuek eta batez ere, tenpluek, garrantzia eta boterea eskuratu zutenez, monumentalizatu egiten ziren; horrela, plataforma itxurako goialdean eraiki eta boterea aldarrikatzeaz gain, uholdeetatik babestea bermatzen zuten. Horrela, eremu sakratuak eraikitzen zituzten.

Idazkera

Kultura horretan adobezko taulatxoetan idazten zuten eta ezagutzen diren zaharrenak Uruk hirian bertan agertu ziren o.a.a. 3300-3200 urte bitartean. Idazkera hau tenpluetan garatu zen, kontabilitatean erabiltzen baitzen gehienetan, hala nola, produktuak eta pertsonak jarraitzeko edota materialen bilketa jasotzeko, zergak kontrolatzeko.

Hasieran, idazteko piktogramak erabiltzen zituzten, baina denborarekin idazkera abstraktuagoa egitera jo zuten, sistema egonkorragoa garatuz. Piktograma horiek Ekialde Hurbileko beste hizkuntza batzuetan ere agertu direla. Sinatzerako orduan, zigilu txikiak erabiltzen zituzten, autoritate marka eta oniritziaren ikur zirela. Idazkera honek gizartearen antolamendua eta ekonomia ulertzen lagundu du, eta,[3] esan gabe doa, idazkeraren historia.

Remove ads

Aro Dinastiko Zaharra

Thumb
Putreen estela: hor, Lagasheko Eannatum erregeak Ummaren aurka lortutako garaipena azaltzen den. K.a. 2450.

Aro hori K.a. 2900tik K.a. 2340 urtera doa. Uruk kulturaren zabalpenak Mesopotamia osoan gertatu zen. Uruk desagertzean, beste hiri batzuk sortu ziren inguruko lurraldeetan eta hiri-estatu bezala eraiki ziren, Sumeriako eskualdeari forma emanez.[3] Hiri berriek amankomuneko ezaugarri bat zuten: harresia eraikitzen dutela inguruan, eta hortik ondoriozta daiteke haien arteko gerrak eta hirien aurkako erasoak ohikoak zirela.

Gizarte eredu horren zabaltzearekin batera idazketarena etorri zen. [5] Idazkera abstraktua erabiltzen jarraitu zuten eta horrek argiago edo erabilgarriagoa egin zuen idaztea. Tipologia berriak garatu ziren: dokumentu administratiboez gain, historiografikoak zein literarioak ere agertzen hasi ziren.[3] Gainera, oha laburrak idaztetik testu luzeagoak osatzera pasa ziren eta izenak edota datu soilak idatzi beharrean, ekintzak edo egoerak deskribatzen hasi ziren. Horrela, kanpaina militarrak, tenpluen eraikuntzak edota lehen lege kodeak azaldu ziren. Azken hori oso sinplea zen eta gizartea antolatzeko modu zehatza azaltzen zuen. Lagash hirian, adibidez, 120 errege-inskripzio aurkitu ziren.

Nahiz eta idazkera ezagutu, garai honen historia oso gutxi ezagutzen da. Lagashen aurkitutako sumertar erregeen zerrendan ageri diren datak ezinezkoak dira. Antza denez zerrenda horiek berantiarrak dira, hau da, K.a. XVII. mendean hasi ziren idazten eta sortzerakoan helburua historia gordetzea baino, erregeen leinuen antzinatasuna azpimarratzea izan zen. Erregeen izenen inguruan ere zalantza handiak daude: batzuk benetan izan zirela ikusi baldin bada ere, beste askorentzat ez da datu historiko fidagarririk aurkitu. Beraz, aipatutako zerrendetan datu historikoekin batera, elezaharretakoak nahasten ziren.[6] Hau da, ondorengo gizarteak legitimazioa bilatzeko sortutako garai mitikoen baitan kokatu ziren errege haiek. Adibidez, Gilgamex, Urukeko errege mitikoa, agertzen da.

Hiri-estatua oinarrizko antolamendu unitatea bihurtu zen eta Sumerian 35 inguru egon zirela uste da. Hiri horiek inguruko lurraldea hartzen zuten bere behar ekonomikoak asetzeko. Gainera, horietako asko ibai ertzetan kokatzen ziren, baliabideak eskura izateko eta kanalizazioak egin ahal izateko. Sumeria ez zen inperio bat eta boterea hirien artean banatzen zen. Hala ere, hiri guztiek ez zuten botere maila berdina; alde batetik, Nippur zen botere erlijiosoaren erdigunea eta bertan haizearen Enil jainkoa zegoen. Bestalde, Kishek garrantzi mitologiko zein estrategikoa irabazi zuen, bi ibaiak bertan elkartzen zirenez, merkataritzarako gune hobeezina baitzen. Gainera, dilubio ondoren, erregetza bertan kokatu zela uste zuten.

Hiri-estatuen arteko botere lehiak

Hiri-estatuen sorreran ez ziren gatazka handiak ematen, baina K.a III. milurteko hasierako hazkundearen eraginez, liskarrak sortu ziren; lur berrien okupazioak beharrezko lehengaiak eskuratzea ahalbidetzen zuen, eta horrek hirien arteko gatazkak sortarazi zituen. Gainera, lur horrek ere populazioaren zati bat bertan kokatzeko eta barne gatazkak ekiditeko nahi zituzten.

Lurrak handitzean eta gatazkak sortzean, buruzagi militarrak izendatzea beharrezkoa bihurtu zen. Horrela, errege-apaizek boterea galdu zuten Sumerian, eta lugal titulua zuten buru militarrek eskuratu zuten. Orokorrean, apaizgoa eta botere sekularraren bereizketa bat ematen hasi zen, nahiz eta erlazionatuta egoten jarraitu. Apaizek gerrarako gaitasuna galdu zuten, baina jainkoek babestutzat aurkezten ziren, beraien burua legitimatuz. Hala ere, baliteke hiritarren batzarrak egon izana eta erregea aukeratzea, hasieran, bederen.[7]

Errege-apaiz figurak jarraitu zuen eta En zuen izena, eta bere emazteak Nin. Gainera, Ensi izeneko gobernadorea zegoen, jainkoaren aurrean erregea ordezkatzen zuena. Hiriguneetan jauregiak eraikitzen hasi ziren eta tenpluak bezain garrantzitsuak izatea lortu zuten garai horretan. Tenplua (é izena) administrazio gune nagusia zen eta jauregia edo etxe handia (é-gal izena) erregea eta gortesauen bizilekua zen.

Botere banaketa gizartean

Sumerian ere gizartea mailakatua zegoen eta desberdintasun sozialak sakondu ziren; goialdean Lu estraktua zegoen, agintariek, apaizek, funtzionarioek eta jauregi/tenpluko artisauek osatzen zutena. Ondoren, Mashda jende-multzoa: hiritar askeak, nekazariak, artisauak eta langileak. Azkenik, esklaboak, gerretako atxilotuak eta kanpotarrak zeuden, nahiz eta esklaboek hainbat eskubide izan eta beraien seme-alabak askeak ziren.

Estatu burokratikoa eratu zen eta botereak nekazari zein herritarren gainean agintzen zuen. Hori, ordea, erreforma ediktuen bitartez egiten zen, errege jakin baten administrazioak plazaratutako agiriaren bitartez, hain zuzen ere.

Lurren banaketa

Abeltzaintzarako lurrak ereiteko etekin txikikoak ziren, baina beharrezkoak ehunak, haragia eta beste lehengai batzuk lortzeko. Lur horiek hirietako mugetan kokatzen ziren. Bestalde, nekazaritzarako lurren %25-30 artean tenpluaren esku zegoen eta lur eremu batzuk zuzenean tenplua mantentzeko baliatzen ziren eta beste batzuk artisauek lantzen zituzten. Gainerakoak alokatu egiten ziren. Beste % 75-70ak jauregien eta pribatuen esku egoten ziren.

Hiri-estatuen arteko harremanak

Bi harreman mota erabili ohi zituzten; gatazkak zeudenean, arrazoia lurren okupazioak eragiten ohi zen. Modu horretan, Lugalzagesik, Ummako erregeak, hegoaldeko kontrola eskuratu zuen K.a. 2400-2300 bitartean.

Bigarren, diplomazia harremanak edota aliantzak lotzen ziren. Horiek baketsuak izaten ziren eta askotan oparien trukeez berresten ziren. Hala ere, aliantzek ez zuten denbora luzez irauten.

Lagash-Umma gatazka (K.a. 2500-2350)

Gatazka horrek inguruko informazio ugari aurki daiteke Saien edo Putreen Estelaren errege-inskripzioan. Bi lurraldeen artean zegoen lur lauengatik sortu zen gatazka, Gu’edena izenekoa. Hain izan zen gatazkatsua, ezen 150 urte iraun zuen konfrontazioak, baina azkenean, Umma benetako garaile gertatu zen.[3]

Remove ads

Akadtar nagusitasuna

Thumb
Gudeako agintariaren estatua, Lagash hiriaren patesi (K.a.2120. urte ingurukoa).

K.a. XXIV. mendean, K.a. 2350. urtearen inguruan, Sargon Akadekoak, akadtar jatorriko usurpatzaileak, Kish hiria menderatu zuen. Hiriburu berri bat sortu zuen, Agade eta gainontzeko sumertar hiriak konkistatu zituen, Lugalzagesiri, Ummako erregeari garaituz. Ordura arte Umma izan zen hiri nagusia baina garaipen horren ondoren boterea Sargonen eskuetara pasa zen. Hau izan zen historiaren lehen inperioa, Sargonen ondorengoek jarraituta. Inperioa mantentzeko errebolta askori aurre egin behar izan zuten, garrantzitsuena Naram-Sin konkistatzailearen bilobak aurrera eraman zuena. Akadtarren nagusitasunarekin sumertar hizkuntza eta kulturaren dekadentzia hasi zen. Inperioak K.a.[8]

K.a. 2340tik K.a. 2190 ingurura arte iraun zuen. Haren desagerpena matxinaden eta herri amorriten, bereziki gutien inbasioen ondorioa izan zen sumertar iturrien arabera. Inperioa erori eta ordutik aurrera, lurralde osoa horrelako tribuen mende gelditu zen eta hiri-estatuetan bortxaz ezarri ziren ere bai. Batez ere txikitutako Agade hiriaren inguruan bildu ziren. Sumertar kronikek herri horien deskribapenak eta balorazioak oso ezkorrak egin zituzten, sumertarrentzat, barbaroen hordak ziren.

Lagaxeko dinastia

Dena dela, ez zuten lurralde osoa bere agindupean jartzea lortu. Hiri batzuetan, hegoaldean batez ere, berpizte ekonomikoa izan zuten eta arteen loratze berri bat bultzatu zuten. Hori gertatu zen, adibidez, Lagax (Lagaš) hirian, hiriko ensia zen Gudea agintaldian, nabarmen. Halaber, Lagashen urrutitik ekarritako materialak (diorita, urrea, Libanoko zedroa, Indus araneko kornalina) aurkitu egin dira indusketetan eta horrek merkataritza mantendu zela esan nahi du zalantzatik gabe. Hegoaldeko hiriek, bestetik, Uruk eta Ur, IV. eta II. dinastietan goraldi garaia ezagutu zuten. Gutiengandik urrun zeuden eta euren askatasuna gordetzeko zerga altuak ordaintzen zizkieten.

Thumb
Sumertar emakume baten alabastro/kareharrizko buru hau Khafajahtik zetorren (egun, Dyalan, Irak) eta Chicagoko Unibertsitateko Ekialdeko Institutuak induskatu zuen. Garaia Dinastikoa III.

Sumertar pizkundea (Ur hiriko III. dinastia)

Thumb
Ur hiriko III. dinastiaren lurraldea eta bere eraginpeko eskualdea, Xulgiren erregealdian. K.a. 2092 à 2045.

Garai hori K.a. 2112tik - K.a. 2004 urtera arteko da. Buztinezko taulatxo batean aurkitutako informazioaren arabera, K.a. 2100ean Utu-hengalek, Urukeko erregeak gobernatzaile gutiak garaitu eta kanporatu zituzten. Haren arrakastak, ordea, ez zuen luzaro iraun, Ur-Nammuk, Ur hiriko erregeak, lurralde osoaren hegemonia eskuratu baitzuen. Garai horri Ur hiriko hirugarren dinastia, edo Ur III izena ematen zaio, izan zen, baita ere, Sumertar Pizkundea. Hegemonia horren ondorioz sortu zen inperioa Sargon Akadekoak lortu zuen parekoa izan zen, agian gehiago. Sargonengandik inperio bateratzailearen ideia hartu zuten, alegia, eta haien erregeen denominazioan ere akadtarrena imitatu zuten: "Sumer eta Akadeko erregeak".

Garai honetan, zentralizazio administratibo eta ekonomikoa nabarmena da erdialdeko eta hegoaldeko Mesopotamian. Bere erregeek lurraldea probintziatan banatu zuten, bakoitzaren buru tokiko boterearen menpeko funtzionario bat jarriz, "ensi", "xagin" edo gobernadore militar baten laguntza izan zezakeena, eta periferian "Xukal Mah" -ak administratzen zituzten. Garai horretan, lege-kode bat idatzi zen, ureztatze-lanak egin ziren, komunikazioak hobetu ziren eta monumentuak eraiki ziren, bake eta oparotasun garai bat lortuz. Taulatxoek atzerriko dinastiekin ezkontza diplomatikoak izan zirela adierazten dute.

Hiru aginte-eskualde bereizten ziren garai horretan; hasteko, periferian lurralde independenteak kokatzen ziren. Jarraian, Susa, Assur eta Mari hirietan gobernariak bizi ziren eta bukatzeko, inperioaren erdigunean, Nippur hiriburu erlijiosoa, Uruk dinastiaren jaioterria eta Ur hiriburu nagusia zeuden.[9]

Ur-Nammuren ondoren, haren seme Xulgik boterea eskuratu zuen: elamdarren inperioaren aurka borrokatu zen lehen eta, ondoren, Zagros mendietan babesten ziren tribu nomaden aurka. Xulgiren garaian, beraz, Ur hiriak Mesopotamia eta Irango ordokiko mendebaldeam agintzen zuen. Xulgiren ondoren, seme Amar-Suen etorri zen eta, geroago, anaia Shu-Sin eta beste bat, Ibbi-Sin. Ibisin ren erregealdian (K.a. 2028-2004), Ur dinastiaren gainbehera hasi zen.

Azken horren garaian Arabiatik amorreoen erasoak areagotu ziren eta K.a. XXI. mendean azken sumertar inperioa erori zen. Ur hiriko dinastia amaitzearen arrazoi "militarra" amorriten erasoak izan ziren, baina ez bakarra; alde batetik, lurraren produktibitate arazoak egon ziren eta bestalde, ibaien uholde bereziki handiek nomaden bizimodua oztopatu zuten. Amorrita hainbat herri multzoen deitura zen, mendebaldeko jendea batu zuena, hain zuzen ere. Semita hizkuntza erabiltzen zuten eta Akad garaitik ezagunak ziren. Aipatzekoa da III. milurteko amaierarako, haietariko asko bizi zirela Behe Mesopotamian.[3]

Hortik aurrera nagusitasuna akadtar kulturarena eta, geroago, Babiloniarena izan ziren. Dena den, nolabait, haiek izan ziren sumertarren oinordekoak.

Thumb
Harri hau pisu bat da. Xulgi erregearen sinadura darama.

Sumerren amaiera

Ur hiriko hirugarren dinastiak krisi politiko eta Elamen erasoa pairatu ondoren, K.a. 2004 inguruan erori zen. Poliki-poliki sumerreraren garrantzia itzaltzen joan zen. K.a. XIX. mendearen inguruan sumerrera Mesopotamian kanpoko hizkuntzaren trataera zuen eta erlijio-hizkuntza gisa baztertuta geratu zen. Bestetik, sumertar hiri nagusiak (Nippur, Ur) hizkuntza eta kulturaren fokuak izaten jarraitu zuten hasieran, eta Babiloniako lehen dinastiaren garaian (K.a. XVIII. mendean) berrindartu ziren modu batez. Baina matxinadetan parte hartu ondoren hiri horiek abandonatu eta Sumerreko eliteak Akad herriaren aldeko beste hirietara ihes egin zuten; han haien tradizioekin jarraitu zuten oraindik.[10] Sumertar hiriak berriro jendeztatu zirenean, ordea, K.a. XV. mendea baino lehen, Babiloniako Kasita dinastiaren garaian, Sumer herriaren aztarnak eta hizkuntza desagertuak ziren.[11]

Remove ads

Erlijioa

Sakontzeko, irakurri: «Mesopotamiako mitologia»
Thumb
Tel Tellohko (antzinako Girsu) terrakota (lur egosia). Besarkatuta dagoen bikotea, Inanna eta Dumuzi direla interpretatu da. Erliebea Amorreoen garaikoa da (Babiloniako Lehen Dinastia), circa K.a. 2000-1600.

Sumerko erlijioa politeista zen. Bere, eta bere oinordekoen historia luzean hainbat aldaketa eman ziren haien panteoian eta jainko eta jainkosen funtzioetan eta garrantzian aldaketak eman ziren. Bestalde, mitoen moldaketa eta berridazketa ugari egin ziren, askotan, interes politikoei begira. Horregatik, epopeia baten protagonista bezala, pertsonai edo jaiko/jainkosa ezberdinak ager daitezke. Edo adibidez, aita-ama anai-arreba diferente egon daitezke mito batean edo bestean.

Hiri-estatuetan erlijio politeista praktikatzen zen eta lurralde osoan erlijio bera zuten. Hala ere, hiri bakoitzean jainko-jainkosa nagusi bat gurtzen zuten, hala nola, Ur hirian Nanna zen jainko nagusia, Uruk hirian Inanna eta Nippurren Enil. Hiri horietako jainkoak antropomorfikoak ziren, fisikoki gizaki itxura hartzen zuten, elementu bitxiekin. Hala ere, gizakion beharrak zituzten, hala nola, jatea, arropa janztea… eta haien erosotasunerako gizakiek eskaintzak egin behar zizkieten. Oro har, tenpluak ziren eraikin edo erakunde erlijioso nagusiak, eta bertan erlijioa praktikatzeaz gain, material eta baliabideen birbanaketa egiten zen.

Thumb
Edalontzi baten zatia, Nisaba izan daitekeen jainkosaren erliebearekin. Idazkuna badu ere, Entemenarena, Lagaxeko agintaria, circa K.a. 2430, klorita, Pergamo Museoa, Berlin

Sumertarrak aitzindariak izan ziren erlijio kontuetan. Guk dakigula, haien mitoetan lehen aldiz agertu ziren Itun Zaharrean aipatzen diren hainbat istorio. Hala nola, Uholde Handia, lehen gizakia buztinaz egina izanarena, etab.

Jainko-jainkosa garrantzitsuenen artean, bi traida zeuden:

Triada edo hirukote kosmikoa:

  • An: Zeru-jauna. Jainko lehenetariko bat. Jainko/Jainkosen erregea. Uruk hirian zuen bere tenplurik nagusiena. Bere emaztea Uras edo Ki (Lurra) edo Antum izan zen. Innana bere alaba zen. Uholde Handia bidali zuen lurrera. Adardun kaskoarekin irudikatzen ohi zen. Bere zenbaki sakratua 60 zen. Triada kosmikoko kidea zen Enlil eta Eniki-rekin batera. Akadieraz, Anum deitzen zen. Gizakiengandik urrun zegoen jainko bezala ikusten zuten, horregatik, nahiz eta duintasunez, lehen jainkoa zen, Enlil, eta ez bera, izan zen jainkorik gurtuena lehen aro historikotan.
  • Enlil: Aire-jauna. Lur azalaren eta airea edo eguratsaren jainkoa. Bere zenbaki sakratua: 50. Nippur-en zuen bere tenplurik garrantzitsuena. Babiloniako garaietan, Mardukek hartu zuen bere lehen postua. Jainko merkataria ere izan zen. Bere zenbaki sakratua 50-a zen. bere emaztea Ninlil zen, baino batzuetan Inanna ere izan zen.
  • Enki: Lur-Jauna; akadieraz, Ea. Bere tenplurik garrantzitsuena Eridun zegoen. Sumerentzat lurra uraren gainean eta urez inguratuta zegoen, igerian zegoen uharte baten moduan. Enki, ur horien eta lur azalera ateratzen dien uren (ibaiak) jainkoa zen. Azti handia zen eta. Jakinduria praktikoaren eta artisten jainkoa. Apsu-an bizi zen. Bere zenbaki sakratua 40 zen.

Izarretako hirukotea:

  • Nanna-Suen edo Zu-en: Ilargiaren jainkoa; akadieraz, Sin. Bidegabekeriaren aurka zegoen jainkoa zen. Bere zenbaki sakratua 30 zen. Bere hiri sakratua Ur izan zen eta geroago, Harran ere. Oso jainko maitatua zen. Bere emaztea Ningal izan zen.
  • Utu: akadieraz, Shamash. Eguzkiaren jainkoa, Nannaren semea eta Inannaren anaia. Jaiko-eguzki askok bezala, justizia eta legea eta ordenaren jainkoa zen, bekatua zigortzen zuena. Jainko ezkorra zen, idorra ekartzen zuena. Dena zekien dena ikusten zuelako, eta orakuluak ere botatzen zituen. Gauez hildakoen erreinura jaisten zen. Hainbat ezaugarrietan Apolo grekoaren antza dauka. Bere zenbaki sakratua 30 zen.
  • Inanna: akadieraz, Ixtar. Artizarra. Bere zenbaki sakratua 15a zen. Sexuaren eta gerraren jainkosa. Akadtarren garaian Nannaren alaba. An-en alaba eta emazte bezala agertzen da, eta beste batzuena. Lehoiarekin irudikatzen zaio askotan. Sexualitatearen jainkosa bezala, biluzik irudikatzen zaio eta gerrako jainkosa bezala, jantzita eta lehoiarekin. Testu kuneiformeetan ihi sorta bat da bere ikurra. Jainkosa hau Ekialde Hurbil osoan gurtua izan zen, funtzio eta irudikatzeko modu antzekoekin baina izen ezberdinekin, batzuk Ixtar izenaren bilakaerak: Astarte, Astoret, Al-lat, Anath, Artemisa, Afrodita, Atenea, Tanit...

Badakigu sumertarrak garai historikoen hasieratik, semitak ziren akadtarrekin nahasita bizi izan zirela, Sargon I. errege akadtarra, 2300. urtean bere erreinua zabaldu haurretik, garai aurredinastikoetan, alegia. Sargon ondoren, akadiera izan zen Sumerko hizkuntza ofiziala. Akadieraz idatzi ziren erlijio-liburu, jainkoen zerrenda edo mito gehienak, nahiz eta sumeriera mantendu zen erlijio hizkuntza bezala. Horregatik saila da bereiztea zein mito eta jainko-jainkosa diren sumertarrak eta zeintzuk akadtarrak. Nahasketa horretatik sortutako erlijioa gerora ere mantendu zen. Babiloniarrek (2000. urtea – 539 K.a.), akadtar eta sumertar haien nahasketa politiko-kulturala, Mesopotamiako ( Sumer - Akad - Asiria - Babilonia) erlijioaren azken jarraitzaileak izan ziren. Hauen garaietan idatzi ziren epopeia eta poema garrantzitsuenetarikoak nahiz eta aldaketa eta berrikuntza garrantzitsuak ere egin ziren.

Remove ads

Arkitektura

Thumb
Ur hiriko Zigurat Handia, berreraikia (egungo Irak)

Tenplua zen sumertarren hirietan ekonomiaren eta erlijioaren erdigunea eta gainerako etxeak tenpluaren inguruan kokatzen ziren. Eraikuntza multzo bat zen, santutegiak, kaperak, biltegiak, lantegiak eta eskribentzako bulegoak zituena. Eraikuntza multzoaren erdian, plataforma baten gainean, hiriko jainkoaren tenplua zegoen.

Hasieran, plataforma horiek ez ziren oso handiak, baina gero eta altuagoak egin zituzten, adreiluzko egitura erraldoi karratuak bihurtu arte: ziguratak. Ezagutzen den zigurat zaharrenetako bat Uruk hirikoa da, K.a. 3000. urte ingurukoa. Adreiluzko horma makurtuak dituen tontor moduko bat da, 12 metro garai. Tenplua plataformaren gainean zegoen eta bertara iristeko eskailerak eta aldapak zituen. Santutegiko hormak oso sendoak ziren, karez zurituak eta uniformeki banatutako sakonunez eta irtenunez apainduak.

Cella zen tenpluko gune nagusia, tenpluaren luzera osoa hartzen zuen areto estu bat. Hego-mendebaleko aldean zuen sarrera, halako moduan non sinestunek angelu guztiak inguratu behar zituzten bertara iristeko (ardatz hautsiko sarbidea). Iparralderago, Diyalako eskualdean, Khafadjeko tenplua dago, Tenplu obala ere deitua, Urukekoa ez bezalako eredu baten arabera egina baita. K.a. 2700. urte aldera eraiki zen. 103 metroko luzera eta 74 metroko zabalera zuen, hiru mailatan mailakatutako plataforma garai baten gainean eraikia zen, eta inguru osoan zuen harresi obal bikoitz batez hiritik bereizia. Beste tenplu batzuek bezala, biltegiak, sukaldeak eta eskribauentzako langelak zituen barruan.

Hilobi arkitekturan, aipagarriak dira Ur hirikoak. Partikularren hilobiak hobi lauki-zuzen soilak ziren; han hondoan uzten zen hilaren gorpua, harenak izandako zenbait gauzarekin. Errege hobiak, berriz, konplexuagoak izaten ziren. Lau hobi mota bereiz daitezke: lau ganbera eta malda dituena; ganbera bakarra eta adreiluzko ganga dituena; lubakia duena eta ganberarik ez; eta ganbara bakarra eta barnean patioa duena. Guztiak dira harriz edo adreiluz eginak.

Remove ads

Eskultura

Thumb
Tell Asmar-eko jainkozalearen eskultura, harzurizkoa (K.a. 2750-2600)

Sumertarren eskulturaren oinarrizko forma zilindroa eta konoa ziren. Egiptoarrena, berriz, kuboa izan zen. Mesopotamiako eskulturak oinarrizko forma horri eutsi zion beti, are forma konplexuagoak hartu zituenean ere.

Dinastien aurreko arotik egosi gabeko buztinez eta terrakotaz egindako buru batzuk besterik ez dira gorde, pintura hondakinak dituztenak. Guztietan aipagarriena Uruk hirian aurkitutako emakume burua da, gurtzeko eskultura batena, segur aski.

Osorik gorde diren eskultura zaharrenak Tell Asmarkoak dira. Handienak 75 cm ditu eta landarediaren jainkoa irudikatzen du, Abu. Gainerakoek, handienetik hasita, ama jainko bat, apaizak eta izaki jainkotiarrak irudikatzen dituzte. Estatuaren tamainarekin alderatuz, oso begi handiak dituzte denek, eta jainko-jainkosek besteek baino begi nini handiagoak gainera. Hala gorputzak nola aurpegiak eskematikoak dira, begiek beregana dezaten arreta osoa.

Remove ads

Metalgintza eta bitxigintza

Metalak lantzeko antzean brontzea beste material batzuekin konbinatzen zen, zur, urrezko xafla eta lapis lazuliarekin. Lanik aipagarrienetako bat Urko akerra da, Urko hilobietan aurkitua (K.a. 2600 urte inguru); metro erdiko goratasuna du, eta euskarri gisa erabiliko zen segur aski : aker bat da eta zutik dago, zuhaixka loratu batean bermaturik.

Tarazea lanak ere esanguratsuak dira, hau da, zurean txertatutako maskor eta harri puskez egindako mosaiko modukoak, hala nola Urko mosaikoa (British Museum, Londres), 20 x 48 cm-ko zurezko kutxa baten apaingarria: bertan, gerrako eta bakealdiko eszenak eta gai mitologikoak irudikatzen dira.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads