Persiera
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Persiera[1][2] فارسی fārsi (NAF: [/fɒːɾˈsiː/] ahoskatua), baita farsi ere, gehienbat Iranen mintzatzen den indoeuropar hizkuntza da. Tajikistanen, Afganistanen, Georgian, eta India eta Pakistango eskualde batzuetan ere hitz egiten da[3][4][5]. Gutxi gorabehera, 46 milioi hiztunek dute lehen hizkuntzatzat.
Euskaraz, hizkuntza horren izena persiera da[1][2], baina jatorrizko farsi izenaz ere ezaguna da. ISOk, Persiar Hizkuntza eta Literaturaren Akademiak, eta beste iturri askok horrela izendatzen dute hizkuntza. Fārsí hitza da persierazko hizkuntzaren egungo izendapena[6].
Remove ads
Sailkapena
Hizkuntza irandarren artean, Irango mendebaldeko taldeko hizkuntza indoeuroparra da. Mendebaldeko irandar hizkuntzak bi azpitaldetan banatzen dira: hego-mendebaldekoak (zabalduena persiera da) eta ipar-mendebaldekoak (kurduera nagusi da)[7].
Izena
Persiar hitza latineko persiànus hitzetik eratorria da, Persiaren adjektibo-esapidea, Grezierazko persisetik (Περσίς) eratorria, pārsa (𐎱𐎠𐎼𐎿) antzinako persieraren forma helenizatu bat, Persia esan nahi duena (Irango hego-mendebaldeko eskualde bat, egungo Fars eskualdeari dagokiona). Oxford English Dictionaryren arabera, persiera hitza, ingelesezko izen gisa, XVI. mendearen erdialdean agertu zen lehen aldiz[8].
Etimologikoki, fārsi termino persiarra bere aurreko formatik eratorria da (pārsik persiera ertainean)[9]. Prozesu berean, Persiako Pārs (Persia) toponimoak Fars izen modernorantz eboluzionatu zuen[10]. /p/tik /f/rako aldaketa fonemikoa arabierak Erdi Aroan izandako eraginarien ondorio da, arabiera estandarrak ez baitu /p/ fonemarik[11].
Aldaera estandarren izenak
Afganistango persiera estandar dari persierak (فارسی دری, fārsi-ye dari) dari (دری, dari) du izen ofizialtzat 1958z geroztik[12]. Ingelesez afganiar persiera gisa ere ezaguna, Afganistango bi hizkuntza ofizialetako bat da, paxtunerarekin batera. Dari hitzak («gorteko» esan nahi du) jatorrian, Sasandar Inperioaren gortean (Ktesifon hiriburuan) erabilitako persiera aldaerari egiten zion erreferentzia, inperioaren ipar-ekialdera hedatu zena eta Partiako (partiera) antzinako irandar dialektoak gradualki ordezkatu zituena[13][14].
Tajik persiera (forsíi tojikӣ́, forsi-i tojikī), Tajikistango persiera estandarra dena, tajik izendatu dute ofizialki (tojikӣ, tojikī) Sobietar Batasunaren garaitik[15], eta, oro har, Erdialdeko Asian hitz egiten diren persiera aldaerei ematen zaien izena da[16].
ISO kodea
ISO 639-1 hizkuntzen kodifikazioari buruzko nazioarteko arauak fa kodea erabiltzen du persierarako, bere kodifikazio-sistema nagusiki jatorrizko hizkuntzaren izendapenetan oinarritzen baita. ISO 639-3 arau zehatzagoak fas kodea erabiltzen du Iranen eta Afganistanen hitz egiten diren dialektoetarako[17]. Daria (prs) eta persiera irandarra (pes) hizkuntza indibidualetan oinarritzen da. Tajik hizkuntzarako, aldiz, tgk erabiltzen da[18].
Remove ads
Alderdi historikoak, sozialak eta kulturalak
Historia

Irango hizkuntzak hiru arootan banatzen dira: antzinakoa (K.a. 400-300 urteen inguruan), ertaina (sasandar inperio garaian) eta berria, handik honantz. Agirien arabera, persiera berriak antzinako persieran du jatorria.
Persiera, familia indoeuroparraren barruan, indo-irandar hizkuntzetakoa da, eta hizkuntza horiek, aldi berean, irandar hizkuntzetan eta indo-ariar hizkuntzetan banatzen dira. Hego-mendebaldeko irandar hizkuntza da, eta 25 mende baino gehiago daramatza aldaera ezberdinekin dokumentatuta. Jakina, dokumentatutako aldi osoan, hizkuntza nabarmen aldatu da, eta, beraz, persierarik zaharrena ulertezina da persiera modernoko hiztun batentzat. Persiera aldaera edo hizkuntza desberdinen ohiko periodifikatzea da:
- Antzinako persiera (edo akemenestar persiera), Akemenestar Inperioan zizelkatutako inskripzio kuneiformeetan dokumentatua, K.a. 300 arte, gutxi gorabehera.
- Persiar ertaina (Pehleviera edo sasandar persiera), bereziki Sasandar Inperioan dokumentatua eta partieraren garaikidea (ipar-mendebaldeko irandar hizkuntza).
- Persiera modernoa: Kristau Aroko 900. urtearen inguruan hasten da gaur egun arte; harrezkero, persieraren hiru hizkuntza handi sortu dira: gaur egungo persiera, daria eta Tajikera.

Hizkuntza bera izugarri garatu da denboran zehar, bai maila fonologikoan, bai morfosintaktikoan. Gainera, garapen teknologikoa eta Ekialde Ertaineko beste herri batzuekiko harremana dela eta, beste hizkuntzetatik etorritako mailegu lexiko ugari ditu; egoera bera ematen da eskualdeko gainerako hizkuntzetan ere.
Iranen, hizkuntzan erabiltzen diren erregistro berriak ebaluatzen dituen zentroa Persieraren Hizkuntza eta Literaturaren Akademia da, gramatika- eta fonologia-arauak errespetatzen dituen baliokide bat gomendatzeko. Afganistango Zientzia Akademiak funtzio bera betetzen du Afganistango persierarako, baita beste hizkuntza batzuekin ere.
Persiera modernoaren aldaerak
Normalean, irandarren, tajiken eta afganistandar darí-hiztunen arteko komunikazioa posible da, zailtasunak zailtasun. Persierak bilakaera izan du, munduko hizkuntza orok bezala. Aldaera modernoak honela multzokatzen dira:
- Mendebaldeko persiera edo irandarra, bere dialekto ezberdinekin.
- Daria, ekialdeko persiera eta Afganistango persiera ere deitua, Afganistango bi hizkuntza ofizialetako bat da. Persiera garaikidea baino askoz kontserbadoreagoa da. Bi dialekto aipagarri ditu: aimakera eta hazaraera. Desberdintasun nagusiak dira biek turkiar eta mongoliera lexikoa dutela, bai eta ezaugarri morfologiko eta fonetikoren bat ere; uste denez, hazarak mongolieraz hitz egiten zuten antzinatean[19].
- Tajikera persieraren aldaerarik eboluzionatuena da, Tajikistango hizkuntza ofiziala da, eta egokitutako alfabeto ziriliko batekin idazten da. Afganistan iparraldean ere hitz egiten da, iparraldeko hiri garrantzitsuren batean, eta batez ere Badajsan probintzian, baita Uzbekistanen ere, Samarkanda eta Bukhara probintzietan. Bere dialekto nagusien artean, bukhara nabari da, juduek Bukharan mendeetan hitz egin zutena; gaur egun oso hiztun gutxi geratzen dira Bukharan, gehienek Israelera emigratu baitzuten.
Hiru barietate nagusiak (Irangoa, daria eta tajikera) fonologian bereizi dira, batez ere bokalen tratamenduan. Morfosintaxian ere aldeak agertu dira, batez ere aditzen sisteman, ekintza mota edo arazleak adierazteko modu berriak garatu direlako. Bokalen arteko baliokidetzak taula honetan laburbiltzen dira:
Hizkuntzaren historia ezaguna hiru arotan bana daiteke:
Antzinakoa
Hizkuntza idatzi gisa, antzinako persierazko testurik zaharrena errege Dario I.aren (K.o. 522-486 urteen bitartean) garaikoa da. Beste testu batzuk Errumanian, Armenian, Bahrainen, Iraken, Turkian eta Egipton aurkitu dira. Aintzinako persiera zaharrenetakoa da hizkuntza indoeuropar idatzien artean.
Ertaina
Akemenestar Inperioa erori eta gero sortu zen. Lehen aldia, Sasandar Aroko (K.o. 224-651) testuetan izan zen, eta literatur hizkuntza gisa, VI.-VII. mendeetan. VIII. mendetik aurrera, halere, egungo persiera nagusitu zitzaion.
Berria
Hiru alditan banatzen da:
- Persiera berri goiztiarra (VIII.-IX. mendeetakoa)
- Persiera klasikoa (X.-XVIII. mende bitartekoa)
- Egungoa (XIX. mendetik gaur egun arte)
Egungo persieradunek, neurri handi batean, persiera berri goiztiarra uler dezakete, morfologia eta hiztegia gutxi aldatu baitira.
Persiera berri goiztiarra
Persiera berriak persiera ertaina ordezkatu zuen VIII. eta IX. mendeen inguruan, literatur birjaiotzearen ondorioz. Lehen olerkiak Afganistanen sortu ziren.
XI. mendearen ondoren, hizkuntza zabalduz joan zen, eta Asia erdialdeko herrialde turkiarrek islamaren eta hiri-kulturaren berri persieraren bitartez jaso zuten. Nazioarteko hizkuntzatzat erabili zuten, gutxienez XIX. mendera arte, egitura morfologiko errazak lagundurik. Erdi Aroaren amaieran, persieraren ereduari jarraitu zioten literatur hizkuntza musulman berriak sortu ziren: besteak beste, otomandar turkiera, dobhashia, eta urduera. Horiek guztiak persieraren alaba-hizkuntzatzat hartzen dira.
Persiera klasikoa
Persiera Erdi Aroko hizkuntza batuari deritzo, literaturan eta olerkigintzan erabilia. X. eta XII. mende arteko hizkuntza zen. XII. eta XV. mendeetan zehar, dinastia turkiar-mongoliarrek erabili zuten, baita XVI. eta XIX. mendeetan berrezarritako persiar agintariek ere.
Garai hartan, persiera erabiltzen zuten Persia Handian eta Indiako azpikontinenteko zati handi batean. Dinastia musulman anitzen hizkuntza ofiziala ere bazen. Persiera izan zen Marco Polok, Txinan zehar egindako bidaietan, Kublai Khanen gortean erabili zuen hizkuntza ez-europar bakarra.
Erabilera Anatolian
Erdi Aroa baino lehen, persiera zerabilten dinastiek Anatolia gobernatu zuten arren, hizkuntza galdu egin zen Sasandar Inperioa erori zenean. Handik mende batzuetara, persiera erruz biziberritu zuten otomandarrek beren inperioan ofizial egin zutenean. Geroago, otomandarren turkiera, persieraren eragin handia zuena, literatur hizkuntza bilakatu zen.
Erabilera Hego Asian
Persierak eragin handia izan zuen Mendebaldeko Asia, Europako, Erdialdeko Asia eta Hegoaldeko Asiako hizkuntza askoren eraikuntzan.
Turko-persiarrek Hego Asia konkistatu eta gero, persiera eraman zuten berekin. Britainiarrak Indiaz jabetu aurreko 500 urteetan, persiera erabiltzen zen bigarren hizkuntza gisa, mughalek zioten miresmena zela eta. Gorte musulmanen kulturan eta hezkuntzan, nagusi izan zen, Mughal enperadoreen hizkuntza ofizial bakar bihurtzeraino. Bengalan dobhashi dialekto berria sortu zen persieran oinarriturik.
1843tik aurrera, halere, ingelesak eta hindustanerak persiera ordezkatu zuten azpikontinentean. Haren garrantzia bertako hizkuntza batzuetan izandako eraginean ikus daiteke: Adibidez, urduak oraindik ere mailegu asko hartu dizkio, eta, halaber, Indian, oraindik ere, Irandik etorritako zoroastrar talde txiki batek dari dialektoa darabil.
Gaur egungo persiera
Qajar dinastia
XIX. mendean, Qajar dinastiapean, Teherango dialektoak garrantzia hartu zuen, eta beste guztiei nagusitu. Arabieratiko mailegu ugari zituen, baina asko eta asko persieratuta. Horrez gain, errusieratik, frantsesetik eta ingelesetik makina bat hitz hartu zuen, batez ere teknologiari lotuak. Nolanahi ere, maileguotatik babesteko, lehen elkartea sortu zen 1903an. Horren arabera, persiera eta arabiera erabili ziren hitz berriak sortzeko.
Pahlavi dinastia
Persiera zaintzeko, abertzale batzuek lehen akademia sortu zuten 1935ean, Irango Akademia izenpean. 1930eko eta 1940ko hamarkadetan, akademiak lan handia egin zuen, mendeetan zehar arabieratik, errusieratik, frantsesetik, eta grezieratik hartutako maileguak ordezkatzen: izan ere, persiera mintzatua mailegu horiek sortutako literatur hizkuntzatik aldenduz joana baitzen.
Remove ads
Aldaerak
Egungo persierak hiru aldaera ditu:
- Irango persiera (persiera, mendebaldeko persiera, edo farsia) Iranen hitz egiten da, baita Iraken eta Persiar golkoko estatuetan ere, neurri txikiagoan bada ere.
- Ekialdeko persiera (dari persiera, Afganistango persiera, edo daria) Afganistanen hitz egiten da.
- Tajikera (tajik persiera) Tajikistanen eta Uzbekistanen hitz egiten da, eta alfabeto zirilikoaz idazten da.
Hiru aldaerok Persiako literatura klasikoan dute oinarria. Horiez gain, Irango, Afganistango eta Tajikistango hainbat dialekto persiera batutik aldentzen dira:
- Afganistango eta Pakistango harazagi dialektoa.
- Afganistan mendebaldeko herati dialektoa.
- Afganistango eta Tajikistango darwazi dialektoa.
- Teherangoa (Irango persiera batuaren oinarria).
Irango, Afganistango, eta Tajikistango persieradunek elkar uler dezakete neurri handi batean.
Hona persieraren antzeko beste hizkuntza batzuk (hala ere, batzuen ustez, haren dialektoak dira):
- Luria (edo lori), batez ere Irango hego-mendebaldean eta mendebaldean hitz egiten da.
- Laria (Irango hegoaldean).
- Tata, Azerbaijango, Errusiako, eta Transkaukasiako eskualde batzuetan mintzatua. Persieraren aldaeratzat jotzen da. Ez da Irango ipar-mendebaldeko tati hizkuntzarekin nahastu behar.
Remove ads
Hizkuntza deskribapena
Fonologia

Bokalen arteko kontraste funtzionala badirudi {/i:/, /u:/, /o:/} luzeen eta {/e/, /o/, /æ/} laburren artean dagoela. Beraz, badirudi bokalak honela irudika daitezkeela: {/i:/, /u:/, /a:/} eta {/i/, /u/, /a/}. Kontuan izan behar da, halaber, /tʃ/ eta /dʒ/ afrikatuak direla, ez oklusiboak. Baliteke irakurleak NAFaren karaktereak behar izatea karaktere fonetikoak ikusteko. Darian, beste bi bokal daude; /eː/ eta /oː/, farsieraz /eː/ e /iː/ izatera pasa direnak, hurrenez hurren.
Persiera irandarrean, /ɣ/k eta /q/k bat egin dute [ɣ ~ ɢ]-n; [ɣ]-n igurzkari belar ozena gisa bokalen artean eta azenturik gabe kokatzen direnean, eta [ɢ]-n herstura ubular-ahostun gisa bestela[20][21][22].
Sintaxia
SOV motako hizkuntza da. Persiera modernoan, perpaus markatu gabeak honela egituratzen dira normalean: (S) (PP) (O) V, hau da, subjektu nominala (hautazkoa) + osagai preposizioduna (hautazkoa) + objektua (hautazkoa) + aditza. Objektua definitua bada, ordena apur bat desberdintzen da (S) (O + "rɑ:") (PP) V.
Hizkuntza indoeuroparretan ez bezala, osagaia markatu beharrean, gunea markatzeko ezaugarri nabaria du; guneak eta osagaiak osatutako sintagman, lehenari erantsitako -e (ezafe) atzizkiaren bidez egiten da:
- -ketāb-e man (liburu-marka ni, "nire liburua")
- -gol-e roz (lore-marka arrosa, "[lore] arrosa")
- -dars-e haftom (ikasgai-marka zazpigarren, "zazpigarren ikasgaia")
- -xānom-e Hasan (andre-marka Hasan, "Hasan andrea")
Remove ads
Ortografia
Antzinako persieran zenbait idazkera mota erabili ziren, batez ere idazkera kuneiformearen aldaera bat eta, noizbehinka, alfabeto aramearrean oinarritutako idazkera alfabetikoa.
Persieraren alfabeto modernoa
Arabieraren alfabeto arabiar bera erabiltzen badu ere, persierak lau letra gehitzen ditu, eta beste biren forma aldatzen du. Persiera eta arabiera erabat ezberdinak dira; fonologia eta gramatika berezia dute. Persierak dituen beste lau letrak hauek dira:
| Soinua | Forma | Izena |
| /p/ | پ | pe |
| /ʧ/ (ch) | چ | če |
| /ʒ/ (zh) | ژ | že |
| /g/ | گ | gaf |
Forma desberdina duten letrak hauek dira:
| Soinua | Jatorrizko letra arabiarra |
Persierazko letra aldatua |
Izena |
| /k/ | ك | ک | kaf |
| /j/ eta /i:/, edo, gutxitan, /a:/ |
ي o ى | ی | ye |
Harakat-ak edo arabiar alfabetoan erabilitako diren marka diakritikoak persierarako ere erabiltzen dira, nahiz eta marka horiek adierazten dituzten bokalak persierarenak izan, noski. Horrela, ُ (damma zeinuak) /o/ bokala adierazten du arabierazko /u/ laburraren ordez.
Gaur egungo persieraren alfabetoak, arabierari dagokionez, gainera, esperantoz sasi-espazio Nula Larĝo Ne-Kunliganto (NLNK) nozioa deritzona sartzen du (ingelesez, Zero Width Non-Joiner, ZWNJ) Unicode estandarrarekin. Elkarren ondoan dauden bi letra deskonektatzen dituen espazioarena egiten du, bestela elkarrekin egongo lirateke, baina da hedapenik ikusten.
Beste ezaugarri nabarmen bat da jatorri arabiarra duten persierazko hitz asko ez direla jatorri arabiarra duten hitzak bezala idazten. Azpian, hamza duen alef-a (إ) alef-era (إ) aldatzen da, te marbuta (ة) normalki, baina ez beti, te (ت) edo he (ه)-ra aldatzen da, eta hamza bat baino gehiago erabiltzen dituzten hitzak beste hamza mota batekin idazten dira (مسؤول bezala, مسئول bihurtzen dena).
Beste hizkuntza batzuek, hala nola paxtunera edo urduak, nozio horiek bereganatu dituzte, eta, batzuetan, letra edo puntuazio-zeinu berriekin zabaldu dituzte.
Remove ads
Eragina euskaran
Zenbait hitz persieratik iritsi zaizkigu, maiz arabieraren, edo hindiaren nahiz urduaren eta ingelesaren bidez: aduana, azukre, bazar, beix, bisir, brontze, danbor, diban, espinaka, ginkana, jaspe, kabiar, kaki, kasaka, karabana, kebab, kiosko, limoi, magia, magiko, mago, manikeo, momia, musket, nafta, nargile, paradisu ("lorategi", persieraz), pijama, pistatxo, serendipia, sitar, tulipa, txador, urdu, xah, xake, zimitarra, zipaio.
Remove ads
Adibideak
Hona hemen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 1. atala.
- Irandar persieraz (farsi):
همهٔ افراد بشر آزاد به دنیا میآیند و حیثیت و حقوقشان با هم برابر است، همه اندیشه و وجدان دارند و باید در برابر یکدیگر با روح برادری رفتار کنند.*
IPA: hæmeje æfrɒde bæʃær ɒzɒd be donjɒ miɒjænd o hejsijæt o hoɢuɢe ʃɒn bɒ hæm bærɒbær æst hæme ʃɒn ændiʃe o vedʒdɒn dɒrænd o bɒjæd dær bærɒbære jekdiɡær bɒ ruhe bærɒdæri ræftɒr konænd
- Tadjik persieraz (tajiki): Ҳамаи афроди башар озод ба дунё меоянд ва ҳайсияту ҳуқуқашон бо ҳам баробар аст, ҳамаашон андешаву виҷдон доранд ва бояд дар баробари якдигар бо рӯҳи бародарӣ рафтор кунанд.
- Euskaraz: Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta, ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.
Remove ads
Erreferentziak
Bibliografia
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
