Pakistan

hegoaldeko Asiako herrialdea From Wikipedia, the free encyclopedia

Pakistan
Remove ads

Pakistan[1], ofizialki Pakistango Islamiar Errepublika (urduz: اِسلامی جمہوریہ پاكِستان, Islāmī Jumhūriyah Pākistān; ingelesez: Islamic Republic of Pakistan), Asiako hego-mendebaldeko estatu burujabe bat da. Ekialdean, India du mugakide; iparraldean, Txina eta Tajikistan; mendebaldean, Afganistan eta Iran, eta, hegoaldean, Arabiako itsasoa. Hiriburua Islamabad da, baina hiri handiena Karatxi da. Pakistanek 240 milioi biztanle baino gehiago ditu 2023ko martxotik aurrera egindako errolda ofizialaren arabera, eta munduko bosgarren herrialderik populatuena da, baita dentsitate handienetakoa duena ere.

Datu azkarrak Pakistango Islamiar Errepublika, Geografia ...

Egungo Pakistan hainbat arraza eta etniaren igarobide zein pausaleku izan da. Besteak beste, arioak, persiarrak, partoak, kuxarrak, turkiarrak... izan ziren han. Halaber, hainbat erlijio izan dira herrialdean, hala nola hinduismoa, budismoa, kristautasuna. Egun, islama da nagusi.

Gaur egungo Pakistango lurraldea, antzina, hainbat kulturaren bizileku izan zen, hala nola Mehrgarh neolitikoa eta Brontze Aroko Indus haraneko zibilizazioa. Inperio eta dinastia askoren parte ere izan zen, hala nola Maurya Inperioa, Akemenestar Inperioa, laburki Alexandro Handiaren Mazedoniar Inperioa, Seleukotar Inperioa, Kusango Inperioa, Omeiatar Kalifa-herria, Mogol Inperioa, Durrani Inperioa, Sikh Inperioa eta Britainiar Inperioa. Muhammad Ali Jinnah buru zuen mugimenduaren eta Indiako independentzia mugimenduaren ahaleginen ondorioz, 1947an, Pakistanek independentzia lortu zuen, eta Indiako mendebaldeko nahiz ekialdeko eskualdeetan bizi ziren musulmanen nazio bihurtu zen, herrialde horietan nagusi baitziren. Hasiera batean, Pakistan britainiar domeinua izan zen, baina, 1956an, herrialdeak konstituzio bat onartu zuen, eta errepublika islamiar bihurtu zen. 1971ko gerra zibil batek Ekialdeko Pakistanen sezesioa eragin zuen, eta Bangladesh izena hartu zuen. Pakistanen independentziaren osteko historian, ezaugarri izan dira gobernu militarreko aldiak, ezegonkortasun politikoa, eta ondoan duen Indiarekin (arma nuklearrak dituen herrialdearekin) izandako gatazka, Kaxmirren kontrolarengatik. Herrialdeak arazo handiei aurre egiten jarraitzen du: terrorismoa, pobrezia, analfabetismoa eta ustelkeria.

Pakistan errepublika parlamentario federala da, lau probintziak eta hiru lurralde federalek osatzen dute, etnikoki eta linguistikoki ezberdinak direnak, baita desberdintasun handiekin geografian eta bizitza basatian ere. Gaur egun, eskualdean boteredun potentzia ertaina da herrialdea. Munduko zazpigarren armadarik handiena du, baita arma nuklearrak ere. Ondorioz, mundu islamiarrean horrelako armak dituen herrialde bakarra da, eta bigarrena Asiako hegoaldean. Ekonomia erdi industrializatua du, eta munduko 23. postuan dago erosteko ahalmenaren parekotasunari dagokionez, eta 46.ean BPG nominalaren tamainari dagokionez. Konferentzia Islamikoaren Erakundearen kide sortzaileetako bat da (gaur egun Batzar Islamikoko Erakundea) eta NBEko, Nazioen Mankomunitateko, Hurrengo 11ko, ASACReko, Shangaiko Elkarlan Erakundeko, KEEko, D-8ko eta G20ko garapen bidean dauden herrialdeetako kide da.

Remove ads

Etimologia

«Pakistan» izenak, hitzez hitz, «puruen lurraldea» esan nahi du urduz eta persieraz. پاک pāk-tik dator, eta persieraz eta paxtuneraz «purua» esan nahi du[2]. ـستان (-stān) atzizki persiarrak «lekua» esan nahi du, sanskritozko स्थान sthāna («lekua») terminoaren analogoa[3].

Herrialdearen izena, «Pakistan», Choudhry Rahmat Alik sortu zuen 1933an. Choudhry Rahmat Alik, Pakistanen aldeko mugimenduko ekintzaileak, Now or Never liburuxkan[4] argitaratu zuen, eta akronimo gisa («PAKSTANen bizi diren hogeita hamar milioi anaia musulman») erabili zuen, erreferentzia eginez India britainiarreko iparraldeko bost eskualdeei: Punjab, Afgania, Kaxmir, Sindh eta Balutxistan.​​​ i letra ahoskatzea errazteko sartu zuten[5][6][7][8].

Remove ads

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Pakistango historia»
Thumb
Mohenjo-Daron aurkitutako errege apaiz baten harrizko efigiea, Pakistango museo nazionalean (Karatxi) erakutsia.

Pakistango historia ―1947an nazioa sortu aurreko aldirako, aldizka, Afganistan, India eta Iranen artean partekatzen dutena― Asia hegoaldeko giza bizitzaren hastapenetara arte datatu daiteke.

Gaur egungo Pakistango eskualdea lur emankorra izan zen Ekialde Ertaineko zibilizazio garrantzitsuenetako batzuentzat, eta azpikontinentea Ekialde Ertainera eta erdialdeko Asiara sartzeko atea izan zen. Aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetako batzuk Pakistanen daude, Asiako hegoaldean, Paleolitoko hominidoen aztarnategi zaharrena barne, Soan ibaiaren haranean. Afrikatik irtetean anatomikoki moderno homo sapiensaren kostaldeko lehen migrazio-bidean kokatua, eskualdea gizon modernoen bizi leku izan zen oso azkar. Asiako hegoaldeko herrixketako bizitzaren 9000 urteko historia Neolitoan (K.a. 7000 -K.a. 4300), Pakistango Mehrgarh aztarnategian aurkitua eta, Asiako hegoaldean hasten da Indus haraneko hainbat tokitan izandako 5000 urteko historia urbanoan, Mohenjo-Daro eta Harappa barne.

Indus haraneko zibilizazioa lehen hiru giza zibilizazioetako bat izan zen, Antzinako Egipto eta Mesopotamiarekin batera, eta horixe da, seguru asko, historialari modernoek gutxien ezagutzen dutena[9].

Thumb
Gandharako Budaren estatua, arte greko-budista

K.a. 1700 inguruan, Indus haraneko zibilizazioa gainbeheran hasi zen, ziur aski lehorteari eta iturburuko ibaia lehortzearen ondorioz, eta, geroxeago, Asia erdialdeko edo Errusiako estepen hegoaldeko tribu indoeuroparrak hedatu ziren eskualdean. Ario izenez ezagutzen direnak Sapta Sindhu (Zazpi ibai sakratuak) eskualdean kokatu ziren[10].​ Eskualde horretan konposatu ziren Rig-veda ereserkiak, eta hantxe ezarri hinduismoaren oinarriak. Vedikoen zibilizazioa ere Taksilako Gandhara hiri zaharrean loratu zen, K.a. 1000. urtearen inguruan[11]. Ondoz ondoko antzinako inperio eta erresumek gobernatu zuten eskualdea: Akemenestar persiar inperioa (K.a. 519. urtearen inguruan); Alexandro Handiaren inperioa K.a. 326an, Hydaspes-eko guduaren ondoren, Jhelum ibaitik gertu gertatu zena[12]; Maurya Inperioa, Chandragupta Mauryak sortua eta Asokak handitua, K.a. 185 urte arte; indo-eszitiarrak eta Kushan Inperioa. Demetrio Baktriakoak sortutako indo-greziar erresuma (K.a. 180-165) Gandhara eta Punjab barne hartu zituen, eta Menandroren pean lortu zuen bere hedadura handiena (K.a. 165-150), kultura greko-budista hedatuz eskualdean[13].

Islama 711n sartu zen Pakistanen, Muhammad bin Qasim jeneral arabiarrak Pakistango hegoaldea konkistatu zuenean.​ Konkista hori aldez aurreko baldintza izan zen eskualde hartan inperio musulmanak ezartzeko, adibidez, Ghaznavid Inperioa (K.o. 975-1187), Delhiko sultanerria (K.o. 1206-1526) eta Mogol Inperioa (K.o. 1526-1857).

Bretainia Handia

XVIII. mendearen amaieratik, eskualdea, pixkanaka, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak bereganatu zuen; horren ondorioz, britainiarrek 90 urte eman zuten etengabeko jabetzan, zeina Pakistanen sorrerarekin amaitu baitzen 1947an. Besteak beste, Allama Iqbal poeta nazionala izango zenaren eta Muhammad Ali Jinnah sortzailearen ahaleginei ezker.

Behin Bigarren Mundu Gerra amaituta, deskolonizazio prozesua hasi zen munduan. Deskolonizatu zen lehena India izan zen, Erresuma Batuko koloniarik garrantzitsuena. Indiak independentziazko tratua ezarri zuen Erresuma Batuarekin Gandhik, alderdietako baten buruzagiak, bere herriaren erresistentzia pasiborako deia egin eta berehala, Britainiar Inperioarekin kooperatzeari uko eginez. Hala, Erresuma Batuak independentzia eman zion.

Independentzia 1948an gauzatu zen, Mountbatten planari jarraituz; horrek esan nahi zuen India bi estatutan banatzea, erlijioen arabera. Musulmanak Pakistanen geratu ziren, Indian zeuden indiarrengandik bananduta. 2000 kilometro baino gehiago zeuden bi lurraldeen artean, harik eta 1971n, Ekialdeko Pakistan estatu berri bihurtu zen arte: Bangladesh. Gaur egun, Kaxmirreko gatazkak bere horretan jarraitzen du, Indiak kontrolatzen duen lurralde musulmana baita, baina Mendebaldeko Pakistan Pakistango Errepublika Islamiarra izeneko estatutzat onartua da.

Banaketak historiako migrazio masibo handienetako bat piztu zuen; milioika pertsona lekualdatu ziren, eta horrek biolentzia eta asaldura orokortuak eragin zituen. Independentzia 1947an eman zen, ez 1948an iturri batzuek iradokitzen dutenez.

Pakistanen sorrerak Asia hegoaldeko panorama geopolitikoari forma eman zion India eta Pakistanen artean tentsio iraunkorrak sortuz, batez ere Kaxmirren inguruan[14].

Data esanguratsuak

Datu azkarrak Animalia, Hegaztia ...
Remove ads

Geografia

Sakontzeko, irakurri: «Pakistango geografia»
Thumb
K2 mendia

Pakistan 804.000 km² luze-zabal da, eta honako mugak ditu: Iran (900 km), hego-mendebaldean; Afganistan (2.400 km), ipar eta mendebaldean; Txina (520 km) ipar-ekialdean; eta India (2.900 km), ekialdean. Itsasertza 1.050 km luze da, eta Omango itsasoaren hegian dago.

Lurraldeak lurrikara arrisku handia du, 2005eko urriaren 8koa kasu. Uholdeak eta zikloiak ere pairatzen ditu.

Mendi nagusiak dira: K2 (8.611 m), Nanga Parbat (8.125 m), Gasherbrum I (8.068 m), Broad Peak (8.047 m) eta Gasherbrum II (8.035 m).

Orografia eta hidrografia

Pakistango lurraldean, lau alderdi nagusi bereizten dira. Iparraldea menditsua da, Himalaiako Karakorum eta Pamir mendikateek hartzen baitute. Han munduko mendi garaienetako batzuk daude (haien artean, K2, 8.611 metro altua, munduko bigarren garaiena).

Pakistango lurraldearen ardatza Indus ibaiaren ibarra da, lurralde osoaren ia bi herenak hartzen dituen eta oso lur emankorrak dituen ordoki zabala, iparraldeko Potwar goi-ordokiaren eta Arabiako Itsasoaren artean dagoena.

Mendebalean eta hego-mendebalean, Balutxistango goi-ordoki guztiz idorra dago (300 m), Sulaiman eta Kirthar mendikateek Indusen ibarretik bereizten dutena. Mendebaldean, mendi lehorrak; hego-mendebaldean, goi-ordoki antzua, hego-ekialdean, Txolistango basamortua daude.

Hego-ekialdea India mendebaldeko Thar basamortuak hartzen du. Pakistango lurraldearen egitura dela eta, lurrikarak izateko arriskua dago Quetta inguruetan eta iparraldean, batez ere. Pakistango ibai nagusia Indus ibaia da, iparraldetik hegoaldera lurralde osoa igaro eta ura Arabiako itsasoan isurtzen duena. Indusen adar nagusiak Chenab, Jhelum, Ravi eta Sutlej ibaiak dira.

Klima eta landaredia

Pakistanek klima kontinentala du, eta hotz-beroan gorabehera handiak izatea du ezaugarri nagusia. Neguan, batez beste, 14 °C izaten dira Indusen ibarrean; 20 °C itsasertzean, eta -20 °C iparraldeko mendi garaietan. Udan, berriz, 29 °C itsasertzean; 35 °C hego-ekialdeko basamortuan, eta 0 °C iparraldeko mendietan.

Pakistan oso idorra da, Indus ibarrean, Potwar goi-ordokian eta Himalaia aldean izan ezik. Hego-mendebaldeko montzoiak euria dakar uztailetik urrira: 150–200 mm euri kostaldean, 380 mm Indusen ibarrean eta 1.000 mm eta gehiago iparraldeko mendialdeetan. Euriak, nolanahi ere, gorabehera handiak ditu, eta, orain lehorteak, orain uholdeak izaten dira. Mendialdeko basoetan eta nekazaritzarako erabiltzen diren lur oparoetan izan ezik, Pakistanen urria da landaredia: belar luzea, zuhaixkak eta zuhaitz gutxi batzuk.

Remove ads

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Pakistanen banaketa administratiboa»
Thumb
Pakistanen banaketa administratiboa

Pakistan federazio bat da, osagai hauek dituena: lau probintzia, hiriburu lurralde bat eta administrazio federaleko tribu eremuak. Pakistanek, de facto, jurisdikzioa du Kaxmirreko mendebaldean, bi entitate politikotan banatuta eta Indiak ere aldarrikatzen duena.

2001ean, Gobernu Federalak Banaketa edo Dibisio entitatea desagerrarazi zuen, eta, horren ordez, laugarren mailako banaketak ziren barrutiak ezarri zituen azpi-banaketa gisa. Guztira, 107 barruti dira.

Probintziak

  1. Balutxistan*
  2. Khyber Pakhtunkhwa*
  3. Punjab
  4. Sindh

Oharra: Balutxistan eta Khyber Pakhtunkhwa tribu probintziak dira.

Lurraldeak

5. Islamabadeko Hiriburu Lurraldea
6. Administrazio Federalpeko Tribuen Eremua

Kaxmir

7. Azad Kaxmir
8. Iparraldeko Eremuak
Remove ads

Gobernua eta politika

Sakontzeko, irakurri: «Pakistango politika»

1999an errepublika federal izendatu zuten arren, Pervez Musharraf jeneralak Nawaz Sharifen gobernu zibila kendu, eta berak hartu zuen botere exekutiboa. 2000. urtean egin ziren azken hauteskundeak udal gobernuetarako, eta 2001ean, Musharrafek bere burua presidente izendatu zuen. 2002ko hauteskundeetan, Zafarullah Khan Jamali, Musharrafen jarraitzailea, lehen ministro izendatu zuten. 2003an, Konstituzioa aldatzea adostu zuen oposizioarekin, eta, modu horretan, zilegitasuna automatikoki lortu.

Pakistanen, diktadura ugari egon dira: 1960ko hamarkadan Ayub Khan-ena;, 1980ko hamarkadan, Zia Ul Haq-ena, eta, Musharrafena, 1999tik aurrera.

Remove ads

Ekonomia

1965etik 1980ra Pakistango ekonomia % 5,1 hazi zen urtero, 1970 ondoko gerra zibila eta Ekialdeko Pakistango banakuntza gorabehera. Hurrengo hamarraldian, ekonomiaren liberalizaziorako politikak indarrean jarri ondoren, % 6 hazi zen. Hala eta guztiz ere, biztanle gehienak pobreak dira, eta nekazaritzaren emaitzen mendean daude.

Biztanle hazkunde tasa handiaren ondorioa da hori, neurri batean, baina baita faktore politikoena ere: gastu militarrek, adibidez, ekonomiaren hazkundea eta modernizazioa eragozten dute. Pakistango gobernuak herrialdeko ekonomian esku hartzen du, eta, 1970 ondoko urteetan, industria nagusi gehienak nazionalizatu zituen.

1980tik aurrera, ekonomiaren hazkundea sustatzeko eta lanpostuak sortzeko, gobernuak hartu zituen neurrien artean daude: estatuaren esku hartzea gutxitzea eta, aurreneko aldiz, lehen estatuak bakarrik kontrolatzen zituen sektoreetan enpresa pribatuak sartzea. Ekonomiaren aurrerabidearen eragozpen handiena baina, gastu militarrak dira, estatuko aurrekontuaren heren bat hartzen baitute.

Pakistango lurraldearen laurden bat –Indus ibarra– erabil daiteke nekazaritzarako. Biztanle aktiboen erdiak dira nekazari. 70eko hamarraldiaren bukaeran, nekazaritzaren erreforma egin zen: lur-jabe handien eskuetan zeuden 1,2 milioi hektarea hartu zituen estatuak, eta horien erdiak maizterren artean banatu zituen. Handik aurrera, pertsona bakoitzak 40 hektarea eremu ureztatu edo 81 hektarea eremu lehor izan ditzake gehienez.

Pakistan garia esportatu beharrean izaten zen lehen, baina, 1970-1980 bitartean, biztanleen beharrak asetzeko adina gari ekoiztea lortu zuen, eta, gainera, munduko arroz esportatzaile handiena da. Gaur egun, azukre kanabera, garia, arroza, kotoia eta artoa dira gehien ekoizten dituen gaiak.

Bestalde, herrietan bizi den jende gehienak abereak hazten ditu. Balutxistango goi-ordokian eta beste goialde idorretan bizi direnak ere, artzaintzatik bizi dira, eta bizimodu nomada edo erdinomada egiten dute. Arrantza baliabideak behar bezala ustiatu gabe daude oraindik, baina garrantzi handikoak dira.

Sardinak, marrazoa, antxoak eta itsaskia dira harrapakin garrantzitsuenak. Meatzaritzaren baliabide nagusiak igeltsua, gatza, kareharria, bauxita, kromoa eta ikatza dira. Petrolioa eta gas naturala ere badira. Industria atzeratuta dago, eta nekazaritzako gaien transformazioan oinarritzen da, batez ere. XX. mendearen azkeneko urteetan, sektore pribatuaren inbertsioak sustatu dira, baina, hala ere, estatuaren eskuetan daude oraindik produkzio lantegi handiak (zementua, ongarriak, altzairua…).

Remove ads

Biztanleak

Sakontzeko, irakurri: «Pakistandar»

Pakistango biztanleriaren substratu etnikoa askotarikoa da, historian zehar askotan inbaditu den lurraldea baita: dravidak, ariarrak, greziarrak, eszitiarrak, hunoak, arabiarrak, mongolak, persiarrak, turkiarrak eta afganiarrak. Gaur egun, punjabak dira gizatalde nagusia.

Azkeneko urteetan, jende asko etorri da Indiatik. Biztanle kopurua % 3,1 handitu da urtero 1980 eta 1996 bitartean, jaiotza tasa handia delako (5,2 seme-alaba emakume bakoitzeko) eta osasun eta higiene baldintzak pixka bat hobetu direlako. Bizi itxaropena 63 urtekoa da.

Biztanle gehienak herrietan bizi dira; hirietan ez da heren bat besterik bizi. Hiriburuaz gain, Karatxi (5.200.000 biztanle), Lahore (2.955.000 biztanle) eta Faisalabad (1.104.209 biztanle) dira hiri nagusiak.

Gizarte laguntzaren babesa oso mugatua da. Osasun zerbitzu urria da, eta mediku eta erietxe falta da; osasun egoera, horrenbestez, ez da ona. Bizi itxaropena 60 urtekoa da gizonezkoentzat, eta 61 urtekoa emakumezkoentzat. Lehen mailako ikasketak dohainik dira, baina haurren erdia baino ez da eskolara joaten. Pakistango biztanleen hiru laurdenak alfabetatu gabe daude. Unibertsitateak eta goi mailako ikasketak egiteko ikastetxeak hiri nagusietan daude. Lehen unibertsitatea 1882an sortu zen.

Remove ads

Erlijioa

Erlijioz, biztanle gehien-gehienak (% 95) musulmanak dira (bostetik lau sunniak dira, eta gainerakoak xiiak). Gainerako erlijioen artean, kristautasuna (% 2) eta hinduismoa (% 1,6) dira nagusiak.

Kultura

Pakistango kulturaren adierazpen nagusia poesia da, poesia emanaldiak bereziki. Poetak heroitzat hartuak ohi dira. Guztien artean, garrantzitsuena Mohamed Iqbäl (1876-1938) olerkari eta filosofoa izan da, haren ideiak Pakistan modernoaren oinarritzat hartu baitira.

Hizkuntzak

Pakistango hizkuntza ofiziala urdua da, baina jende gutxik erabiltzen du ama hizkuntza gisa. Ingelesa ere, ofiziala da, eta pakistandar elitearen eta gobernuko ministroen lingua franca da. Punjabera da hizkuntzarik mintzatuena (% 48), eta ondoren datoz sindhia (% 12), sirakia (% 10), paxtunera (% 8), urdua (%  8), etab. Alfabetatze maila % 38 da (gizonezkoak % 50 eta emakumezkoak %  24).

Remove ads

Zientzia eta teknologia

Thumb
Bioteknologia Institutu Nazionala eta Ingeniaritza Genetikoa Faisalabaden

Zientzian eta teknologian egindako aurrerapenek paper garrantzitsua izan dute Pakistango azpiegituretan, eta herrialdeari munduko gainerako herrialdeekin konektatzen lagundu diote[15].​ Urtero, mundu osoko zientzialariak gonbidatzen dituzte Pakistango Zientzia Akademiak eta Pakistango Gobernuak Udako Fisikako Nathiagali Nazioarteko Elkargoan parte hartzera[16]. 2005ean Fisikaren Nazioarteko urtea zela eta, «Fisika garapen-bidean dauden herrialdeetan» gaiari buruzko nazioarteko mintegi bat egin zen Pakistanen[17].​ Abdus Salam fisikari teoriko pakistandarrak Fisikako Nobel saria irabazi zuen elkarrekintza elektrodinamikoari buruzko lanagatik[18]. Pakistango zientzialariek eragin handiko argitalpenak eta lan zientifiko kritikoak egin dituzte matematikaren, biologiaren, ekonomiaren, informatikaren eta genetikaren aurrerapenean, bai nazio mailan, bai nazioartean[19].

Kimikan, Salimuzzaman Siddiqui izan zen lehen zientzialari pakistandarra neem zuhaitzaren osagai terapeutikoak ezagutarazi zizkiena produktu naturaletan espezializatutako kimikariei[20].​ Ayub Ommaya pakistandar neurokirurgialariak Ommaya gordailua asmatu zuen, garuneko tumoreak eta garuneko beste gaixotasun batzuk tratatzeko sistema bat. Ikerketa eta garapen zientifikoak funtsezkoak dira Pakistango unibertsitateetan, gobernuak babestutako laborategi nazionaletan, parke zientifikoetan eta industrian. Abdul Qadeer Khan, Pakistango bonba atomiko integratuaren proiekturako uranio aberastuan oinarritutako zentrifugazio gaseosoaren bidez uranioa aberasteko programaren sortzailetzat jotzen dena, Kahutako Ikerketa Laborategiak (KRL) sortu, eta ezarri zituen 1976an, eta bertako zientzialari nagusia eta zuzendari nagusia izan zen 2001ean erretiroa hartu zuen arte, eta, beste proiektu zientifiko batzuetan, figura goiztiar eta bizia izan zen. Pakistango bonba atomikoaren proiektuan parte hartzeaz gain, ekarpen garrantzitsuak egin zituen morfologia molekularrean, martensita fisikoan eta fisika kondentsatuan eta materialen fisikan integratutako aplikazioetan[21].

2010ean, Pakistan munduko 43. postuan zegoen argitaratutako artikulu zientifikoei dagokienez. Pakistango Zientzien Akademia komunitate zientifiko sendoa da, eta eragin handia du gobernuarentzako politika zientifikoei buruzko gomendioak egiten. Pakistan 99. postuan zegoen JIMEren Munduko Berrikuntza Indizean 2021ean; 2020an, berriz, 107. postuan[22]; 2022an, 87. tokiraino igo zen indize berean[23]; 2023an, berriz, 88. tokiraino, eta 91. tokiraino 2024an[24][25].

Thumb
Badr-B izan zen SUPARCOk (Pakistango espazio agentzia nazionala) Lurra behatzeko Lurraren orbitara jaurti zuen lehen satelitea, 2001ean.

1960ko hamarkadan, SUPARCOk (Pakistango espazio agentzia nazionala) zuzendutako programa espazial aktibo bat sortu zuen, suziritan, elektronikan eta aeronomia nazionalean aurrerapenak eragin zituena. Programa espazialak zenbait balentria eta lorpen nabarmen erregistratu zituen. Espaziora jaurtitako lehen suziriak arrakasta izan zuen, eta Pakistan izan zen hori lortzen zuen Asiako hegoaldeko lehen herrialdea. 1990ean, nazioaren lehen satelite espaziala arrakastaz ekoitzi eta jaurti ostean, Pakistan bilakatu zen gehiengo musulmana zuen lehen herrialdea eta Asia hegoaldeko bigarrena espazioan satelite bat jartzen[26].

1971n Indiarekin izandako gerraren ondorioz, talkarako programa klandestinoak arma atomikoak garatu zituen, neurri batean, beldurragatik eta atzerriko edozein esku-hartze saihesteko. Aldi berean, Gerra Hotzaren osteko aro atomikoaren hasiera markatu zuen. Indiarekiko lehiak eta tentsioek bultzatuta, 1998an, lur azpiko proba nuklearrak egiteko erabakia hartu zuen Pakistanek; arma nuklearrak arrakastaz garatu dituen munduko zazpigarren herrialdea da[27].

Antartikan ikerketaren presentzia aktiboa duen lehen herrialde musulmana eta bakarra da Pakistan. 1991z geroztik, Pakistanek udako bi ikerketa estazio eta meteorologia behatoki bat ditu kontinentean, eta Antartikan beste base iraunkor oso bat irekitzeko asmoa du[28].

1990eko hamarralditik, ordenagailuen energia kontsumoa eta erabilera asko igo da ordenagailu pertsonalak erabiltzen hasi zirenetik. Pakistanek 82 milioi erabiltzaile inguru ditu Interneten, eta, 2020tik aurrera, Interneten barneratzearen hazkunde-tasa handia izan duten herrialde nagusietako bat da. Pakistanek funtsezko argitalpenak egin ditu, eta software nazionalaren garapenak nazioarteko laudorio ugari jaso ditu[29].

2020ko maiatzean, Pakistanek 82 milioi erabiltzaile zituen Interneten; ondorioz, Interneteko erabiltzaile-kopuru handiena duen munduko bederatzigarren herrialdea da. 2000ko hamarkadatik, Pakistanek aurrerapen handiak egin ditu super-konputazioan, eta zenbait erakundek konputazio paraleloan ikertzeko aukerak eskaintzen dituzte. Txosten horien arabera, Pakistango gobernuak 4.600 milioi yen gastatzen ditu informazioaren teknologien proiektuetan, indarra eginez administrazio elektronikoan, giza baliabideetan eta azpiegituren garapenean[30].

Erreferentziak

Bibliografia

Irakurketa gehiago

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads