Euri

From Wikipedia, the free encyclopedia

Euria hodeietatik tantaka erortzen den ura da[1], prezipitazio ohikoena. Euria uraren zikloaren osagai nagusi bat da eta munduko ur geza gehiena hornitzen duena. Baldintza egokiak ezartzen ditu ekosistema mota askotan, eta ura hornitzen du zentral hidroelektrikoetarako eta soroak ureztatzeko.

Hodeiak eta euria (Danimarka).

Eguratseko aire masa beroak gorantz igotzen eta hozten direnean, hodeietako lurrun tanta txikiak kondentsatu egiten dira eta ur tanta bilakatzen dira; hala, aireak ur tantak ezin dituenean eraman, horiek handiegiak eta astunegiak egin direlako, lurrera erortzen dira grabitate indarraren eraginez, eta euria sortzen da era horretan. Euri tanten diametroa 0,5 mm-koa edo hortik gorakoa izan ohi da. Euriaren banaketa oso desberdina da munduan; hala, egiten duen euri kopuruaren arabera sailkatzen dira klimak. Klima lehorretan oso euri gutxi egin ohi du (basamortuetan, esaterako, 250 mm-tik behera urteko), eta klima hezeetan, berriz, euri asko egiten du (tropikoan, adibidez, 2000 mm-tik gora urteko). Euritza terminoa erabiltzen da kantitatea neurtzeko. Euri-neurgailuak prezipitazio kopurua neurtzeko erabiltzen diren gailuak dira.

Euria beste planeta batzuetan jazotzen dela susmatzen da, non ura baino, osagai nagusia metanoa, neona, azido sulfurikoa edo are burdina den.