Kairo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Kairo[1][2] (arabieraz, القاهرة, al-Qāhirah) Egiptoko hiriburua da. Erdialdeko Egiptoko iparraldean dago, Niloren eskuinaldeko ibarrean, Mukatam mendiaren mendebaldean. Egiptoko eta arabiar munduko hiririk handiena da; Afrikako hiri handienetan bigarrena (Lagos ondoren); Afrikako, arabiar munduko eta Ekialde Hurbileko hiri-aglomerazio handienaren parte da. Kairo Handia metropoli-eremua munduko 12. handiena da biztanleriaren arabera, 22,1 milioi biztanle baino gehiagorekin[3].
Kairo antzinako Egiptorekin lotuta dago, bere eremu geografikoan Giza piramide gunea eta Menfis eta Heliopolis antzinako hiriak baitaude. Nilo deltaren ondoan kokatua[4][5], hiria Fustat gisa garatu zen 641ean, Egiptoko konkista musulmanaren ondoren, lehendik zegoen antzinako gotorleku erromatar baten ondoan, Babilonia. Kairo Fatimatar dinastiak sortu zuen 969. urtean. Geroago, Fustat ordezkatu zuen hirigune nagusi gisa Ayyubtarren eta Mamelukoen garaian (XII-XVI. mendeak)[6]. Kairo, aspaldidanik, eskualdeko bizitza politiko eta kulturalaren erdigunea izan da, eta «mila minareteen hiria» izendatzen dute arkitektura islamikoaren nagusitasunagatik. Kairoko erdigune historikoa Gizateriaren Ondare izendatu zuten 1979an[7] Kairo, Globalizazioa eta Munduko Hirien Ikerketa Sarearen (GaWC) arabera, «Beta +» sailkapena duen munduko hiritzat hartzen da[8].
Kairok arabiar munduko zinema eta musika industriarik zaharrena eta handiena du, baita Egiptoko goi-mailako ikaskuntzako erakunderik zaharrena ere, Al-Azhar Unibertsitatea. Nazioarteko hedabide, enpresa eta erakunde askok eskualdeko egoitzak dituzte hirian; Arabiar Ligak Kairon izan du bere existentzia gehienean.
Kairok, beste megahiri askok bezala, kutsadura eta trafiko maila handiak jasaten ditu. Kairoko Metroa, 1987an inauguratua, Afrikako metro-sistemarik zaharrena da[9], eta gehien erabiltzen den munduko hamabosten artean dago[10], urtean 1.000 milioi[11] bidaiari baino gehiagoko bidaiarekin. Kairoko ekonomia Ekialde Hurbileko lehen postuan kokatu zen 2005ean[12], eta, Foreign Policy aldizkariko 2010eko Hiri Globalen indizean, mundu osoko 43. postuan kokatu zen[13].

Gobernuaren egoitza eta unibertsitate-gune da: Al Azhar arabiar unibertsitatea, Amerikar Unibertsitatea, Gizako Unibertsitatea eta Ain al Shams Unibertsitatea.
Remove ads
Etimologia
Kairoren izena al-Qāhirah (القاهرة) arabieratik eratorria da (garaitzaile edo konkistatzaile), eta al-Mu'izz fatimatar kalifak hiriburutzat ezarri zuen hiria. Bere izen osoa eta formala al-Qāhirah al-Mu'izziyyah (القاهرة المعزيّة) zen, eta al-Mu'izz-en garaile esan nahi du[14]. Era berean, uste da hiriaren sorreran Marte planeta (arabieraz an-Najm al-Qāhir (النجم القاهر) ―Izar Konkistatzailea― izenez ezagutzen dena), gorantz ari zelako dela[15].
Egiptoarrek, maiz, Kairori Maṣr (مَصر) deritze, Egipto beraren arabierazko izen egiptoarra, herrialderako hiriak duen garrantzia azpimarratuz[16][17]
Hainbat izen kopto daude hiriarentzat. Tikešrōmi (koptoeraz: Ϯⲕⲉϣⲣⲱⲙⲓ kopto berantiarra: [di.kɑʃˈɾoːmi]) 1211ko Juan Fanijoiten Martirioa testuan egiaztatuta dago, eta haren esanahia izan daiteke: edo gizon hausle esan nahi duen kalkoa, arabieraz al-Qāhirah-aren antzekoa edo قَصْر الرُوم (qaṣr ar-rūm, "erromatar gaztelua") arabieratik eratorritakoa, Kairo Zaharreko Babilonia gotorlekuaren beste izen bat[18]. Arabiar izena ⲧⲡⲟⲗⲓⲥ ϯⲣⲉϥϭⲣⲟ (hiri garaile) gisa ere erabiltzen da koptoen antifonarioan[19].
Remove ads
Klima
Remove ads
Historia
Antzinako kokalekuak
Sakontzeko, irakurri: «Egiptoko historia»
Gaur egungo Kairo inguruko eremua aspalditik izan zen Antzinako Egiptoren ardatza Nilo Harana eta Niloren delta eskualdeen (gutxi gora-behera, Egipto Garaia eta Egipto Beherea) elkargunean zuen kokapen estrategikoagatik eta Iparraldeko Afrika eta Sortalde arteko bide nagusien bidegurutzean kokatzen baitzuen[22][23]. Menfis, Egiptoko hiriburua erresuma zaharrean eta hiri garrantzitsu bat Ptolemeotar garaira arte, gaur egungo Kairotik hego-mendebaldera zegoen, distantzia gutxira[24]. Heliopolis, beste hiri eta erlijio zentro garrantzitsua, Kairoko ipar-ekialdeko Matariya eta Ain Shams barruti modernoak diren lekuan zegoen[24][25]. K.a. 525ean eta K.a. 343an Persiar inbasioek suntsitu zuten neurri handi batean, eta K.a. I. mendearen amaieran utzietsi zuten partzialki[22].
Hala ere, Kairo modernoaren jatorria, oro har, K.o. lehen milurtekoko kokaleku sorta batean dago. Laugarren mendearen amaieran[26], Menfisek garrantzia galtzen jarraitzen zuen[27], eta erromatarrek gotorleku handi bat ezarri zuten Niloren ekialdeko ertzean. Gotorlekua, Babilonia izenekoa, Diokleziano (erreg. 285–305) enperadore erromatarrak eraiki zuen Nilo eta Itsaso Gorria lotzen zituen kanal baten sarreran, Trajano enperadoreak lehenago eraikia (erreg. 98–117)[Oh 1][28]. Gotorlekutik iparralderago, gaur egungo al-Azbakiya auzotik gertu, Tendunyas izenez ezagutzen zen portu eta gotorleku bat zegoen. (Koptoeraz: ϯⲁⲛⲧⲱⲛⲓⲁⲥ)[29] edo Umm Dunayn[30][31][32]. Inguruan, erromatarren gotorlekuetatik kanpo, VII. mendea baino zaharragoa den egiturarik gorde ez den arren, ebidentzia historikoek iradokitzen dute hiri handi bat bazegoela. Hiria nahikoa garrantzitsua zen, zeren bere apezpikuak, Zirok, Efesoko Bigarren Kontzilioan parte hartu baitzuen, 449an[33].
602 eta 628 artean, bizantziar-sasandar Gerrak zailtasun handiak eragin zituen, eta, ziurrenik, hiriko biztanleriaren zati handi bat landa-aldera joatea eragin zuen, kokalekua, hein batean, hutsik utziz[31]. Gaur egun, lekua komunitate kopto ortodoxoaren (IV. mendearen amaieran erromatar eta bizantziar elizetatik bereizi zena) nukleoa izaten jarraitzen du. Kairoko eliza zaharrenek, hala nola Santa Barbara eliza eta Sergio eta Bako Santuen eliza (VII. mendearen amaierako edo VIII. mendearen hasierakoak), Kairo Zaharra edo Kairo koptoa izenez ezagutzen den gotorlekuko harresien barruan daude gaur egun[34].
Fustat eta beste lehen kokaleku islamiar batzuk

640. urtean, arabiarrek Egipto inbaditu zuten. Amr ibn al-As jeneralak, islama Egiptora eraman zuenak, gotorlekua eraiki zuen erromatarren gotorlekutik gertu, Al-Fustat izenekoa (kanpamendua), geroago gotortu zuena. Lehen hiri hori, administrazio zentroa eta zergak kobratzen ziren tokia izan zen, baita Egiptoko lehen meskitaren kokapena ere[35].
Ondorengo dinastiek (abbastarra, fatimatarrak eta ayyubtar) hainbat gotorleku sortu zituzten, aurrekoak administrazio gunetzat baztertuz. 750ean, Suleiman fatimatarren buruak Al-Askar gotorlekua (armada) eraiki zuen Al Fustaten ondoan. Bizirik iraun zuen garai hartako eraikin bakarra arkitektura musulmanaren bitxietako bat da: Ahmad Ibn Tulun meskita.
868an, Bakbak izeneko turkiar jatorriko komandante bat Egiptora bidali zuen al-Mu'taz kalifa abbastarrak herrialdeko matxinada baten ondoren ordena berrezartzeko. Harekin batera, bere semeordea zegoen, Ahmad ibn Tulun, Egiptoko gobernadore eraginkor bihurtu zena. Denborarekin, Ibn Tulunek armada bat antolatu, eta eragina eta aberastasuna pilatu zituen, eta horrek, de facto, Egiptoko zein Siriako agintari independente bihurtzea ahalbidetu zion 878rako[36][37][38]. 870ean, aberastasun gero eta handiagoa, hiriburu administratibo berria sortzeko erabili zuen, al-Qata'i (arabieraz: القطائـع), Fustat eta al-Askar-en ipar-ekialdean[38][39]. Hiri berriak barne hartzen zuen: Dar al-Imara izenez ezagutzen den jauregia; al-Maydan izenez ezagutzen den arma-patio bat, zeinak bimaristan (ospitalea) eta ura hornitzeko akueduktu bat biltzen zituen. 876 eta 879 artean, Ibn Tulunek meskita handi bat eraiki zuen, gaur egun Ibn Tulun meskita izenez ezagutzen dena, hiriaren erdialdean, jauregiaren ondoan[37][39]. 884an, hil ondoren, Ibn Tulun bere semeak eta ondorengoek jarraitu zuten oinordekotzan; horiek iraupen laburreko dinastia bat burutu zuten, tulundarrak. 905ean, abbasstarrek Muhammad Sulayman al-Katib jenerala bidali zuten herrialdearen gaineko kontrol zuzena berreskuratzeko. Tulundarren agintea amaitu zen, eta al-Qatta'i erabat harpilatua izan zen, egun zutik jarraitzen duen meskita izan ezik[40][41]
Kairoren sorrera eta hedapena

969an, Xii Ismaili Fatimatar inperioak Egipto konkistatu zuen Ifrikijatik gobernatu ondoren. Jawhar Al Saqili jeneral fatimatarrak Fustat eta Al-Qata'i ohiaren ipar-ekialdean gotorleku berri bat eraiki zuen. Lau urte behar izan zituen hiria eraikitzeko, hasiera batean al-Manṣūriyyah izenez ezagutu zena[42] eta kalifa-herriaren hiriburu berria izango zena[43]. Garai hartan, kalifaren aginduz, al-Azhar meskita eraikitzea agindu zuen, eta munduko hirugarren unibertsitate zaharrena bihurtu zen. Kairo, azkenean, ikaskuntza-zentro bihurtuko zen; Kairoko liburutegiak ehunka mila liburu zituen[44]. 973an, al-Mu'izz li Din Allah kalifa Tunisiako Mahdia hiriburu zaharretik heldu zenean, hiriari, gaur egungo izena eman zion, Qāhirat al-Mu'izz[42], hortik dator Kairo (al-Qāhira) izena. Kalifak hiriaren bihotza hartzen zuen jauregi multzo zabal eta dotore batean bizi ziren. Kairo errege-hiri esklusibo samarra izan zen aldi horren gehienean, baina Badr al-Gamali Bisir izan zen garaian (1073-1094) mugak askatu ziren lehen aldiz, eta, Fustat-eko familia aberatsenei, hirira joateko baimena eman zitzaien[45]. 1087 eta 1092 artean, Badr al-Gamalik ere harriekin eraiki zituen harresiak, eta gaur egun zutik dauden Bab al-Futuh, Bab al-Nasr eta Bab Zuweila hiriko ateak eraiki zituen[46].
Fatimatarren garaian, Fustatek bere goia lortu zuen tamainan eta oparotasunean, artisautzaren eta nazioarteko merkataritzaren gunetzat eta Niloko portu nagusitzat kokatuz[47]. Iturri historikoek diotenez, hirian solairu anitzeko bizitoki komunitarioak zeuden, batez ere erdigunean, normalean maila ertain eta beheko biztanleak bizi zirenak. Horietako batzuk zazpi solairu zituzten, eta 200 eta 350 pertsona inguru bizi zitezkeen[48]. Baliteke erromatarren insulaeren antzekoak izatea eta, gero, mamelukoen eta otomandar garaietan ohikoak izan ziren alokairuzko apartamentu multzoen prototipoak izatea[48]
Hala ere, 1168an, Shawar fatimatar bisirrak su eman zion gotortu gabeko Fustatari, Amalariko I.a Jerusalemgo errege gurutzatuak, harrapa ez zezan. Suak hiria suntsitu ez bazuen eta existitzen jarraitu bazuen ere, bere gainbeheraren hasiera markatu zuen. Hurrengo mendeetan, Kairo, antzinako jauregi-hiria, zentro ekonomiko berria bihurtu zen, eta Fustatik migrazioa erakarri zuen[49][50].
1168an, gurutzatuek hiria hartu ez zuten arren, Shawar, Amalariko erregearen eta Shirkuh jeneral zengidarren arteko botere-borroka etengabeak fatimatarren kokalekuaren gainbehera ekarri zuen[51]. 1169an, Shirkuh-ren iloba, Saladin, Egiptoko bisir berria izendatu zuten fatimatarrek, eta, bi urte geroago, azken kalifa fatimatarren, al-'Āḍid, familiaren boterea eskuratu zuen[52]. Egiptoko lehen sultan gisa, Saladinek Ayyubtarren dinastia ezarri zuen, Kairon kokatua, eta Egipto abbastar suniekin lerrokatu zuen, Bagdaden kokatuta zeudenak[53]. 1176an, Saladin Kairoko Ziudadela eraikitzen hasi zen, eta Egiptoko gobernuaren egoitza izango zen XIX. mendearen erdialdera arte. Ziudadela eraikitzeak, hala, behin betiko amaitu zuen fatimatarrek eraikitako Kairoren jauregi-hiri esklusiboarekin, eta egiptoar arruntei eta atzerriko merkatariei ireki zitzaien merkataritza-garapena bultzatuz[54]. Ziudadelarekin batera, Saladinek 20 kilometroko horma berri bat eraikitzen hasi zen, Cairo eta Fustat beren ekialdeko aldean babestu eta Ziudadela berriarekin lotuko zituena. Eraikuntza-proiektu horiek Saladin hil eta gero ere jarraitu zuten, eta bere oinordeko aiyyubtarren eskutik amaitu ziren[55].
Goia eta gainbehera mamelukoen mendean
Garai oparoena, mamelukoena izan zen, izurri gogorrak zabaldu baziren ere (1295, 1347 eta 1492an). Otomandarren aginpideak ez zion aldaketa nabarmenik eragin hiriari. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, oso bizkor hasi zen handitzen; hala, 1945ean, 1.300.000 biztanle zituen, eta, gaur egun, 19.439.541 ditu, ingurunea ere kontuan hartuta.
1250ean, Zazpigarren Gurutzadan, Ayyubtarren dinastiak krisi bat izan zuen al-Salih hiltzean, eta boterea mamelukoengana igaro zen; neurri batean, al-Salih-ren emaztearen, Shajar ad-Durr-en, laguntzarekin, aldi labur batez gobernatu zuena garai horretan[56][57]. Mamelukoak ziren esklabo gazte gisa erosi eta sultanaren armadan zerbitzatzeko hazitako soldaduak. 1250 eta 1517 artean, Mamelukoen sultanerriaren tronua mameluko batetik bestera pasa zen, oro har, oinordetzan oinarrituta ez baizik eta, maiz, bortitza eta kaotikoa zen sistema batez jarraitua[58][59]. Mameluko Inperioa, hala ere, eskualdeko potentzia nagusi bihurtu zen, eta mongoliarren aurrerapena uxatzeaz (ospetsuena, 1260ko Ain Jaluteko guduan izan zen) eta Sortaldeko azken gurutzatuen estatuak ezabatzeaz arduratu zen[60].
Remove ads
Ondasun nabarmenak
Kairoren bilakaera historikoaren arkeologia aztarna eta monumentu artistiko ugari gorde dira hirian: Auzune Koptoa (San Sergio eliza, V. mendean eraikia eta XI. mendean berriz moldatua); hiri hesitua (Aladinok XII. mendean eraikia); Hasan sultanaren madrasa (XIV. mendekoa), eta zenbait garaiko ia 500 meskita. Adibidez, Al-Hakim meskita edo Ibn Tulun meskita.
Kairon, bestalde, daude: Egiptoar Museoa, Museo Koptoa eta Arte Islamiarraren Museoa, arte mota horietako munduko bilduma nagusiak dituztenak. Kairoko Egiptoar Museoan Tutankamonen altxorra dago erakusgai.
Remove ads
Auzoak
- Midan Tahrir: hiri modernoa
- Merkatal-gunea
- Lorategi-hiria
- Midan Ramses
- Midan Ataba, erdigunea
- Islamiar Kairo, hirigune historikoa. UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen.
- Kairo Zaharra, auzo koptoa duena
- Mohandesin
- Gezira
- Zamalek
- Guiza
- Heliopolis
- Nasr
Kairotar ospetsuak
- Boutros Boutros-Ghali, NBEko idazkari nagusia
- Nagib Mahfuz (1911-2006), idazlea.
- Mohamed ElBaradei, politikaria
- Dalida, italiar abeslaria
- Yasser Arafat (1929–2004), palestinar politikaria
- Dorothy Hodgkin, kimikaria
- Naguib Sawiris, enpresaburua
- Constantin Xenakis (1931), greziar artista
- Mido, futbolaria
- Umar al-Tilmisani, Anai Musulmanen buruzagia
- Alaa Abdelnaby, saskibaloi jokalaria
- Maryem Tollar, abeslaria
Remove ads
Herri eta hiri senidetuak
Amman, Jordania (1988)
Bogota, Kolonbia
Amsterdam, Herbehereak
Ankara, Turkia
Aljer, Aljeria (1985)
Atenas, Grezia (1996)
Bagdad, Irak (1978)
Beirut, Libano (1998)
Buenos Aires, Argentina
Damasko, Siria
Istanbul, Turkia
Stockholm, Suedia
Hamburg, Alemania
Mexiko Hiria, Mexiko
Huacho, Peru
Ispahan, Iran (1982)
Khartum, Sudan
Jedda, Saudi Arabia
Lima, Peru
Lisboa, Portugal
Londres, Erresuma Batua
Madril, Espainia
Mosku, Errusia
New York, Estatu Batuak (1982)
Paris, Frantzia (1992)
Beijing, Txina (1990)
Praga, Txekiar Errepublika
Rabat, Maroko (1987)
Roma, Italia
São Paulo, Brasil
Seul, Hego Korea (1997)
Stuttgart, Alemania (1979)
Tokio, Japonia
Toronto, Kanada
Tunis, Tunisia (2000)
Washington Hiria, Estatu Batuak
Varsovia, Polonia
Remove ads
Erreferentziak
Oharrak
Gainerako irakurketak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
