Mosku

From Wikipedia, the free encyclopedia

Moskumap
Remove ads

Mosku (errusieraz Москва́, Moskva, mɐˈskva, ahoskera) Errusiako hiriburua eta biztanle gehien dituen erakunde federala da, baita Ekialdeko Europako politika, ekonomia, finantza, hezkuntza eta garraio gune nagusia ere. Mosku Lurreko mega-hiririk iparraldekoena eta Europako hiririk jendetsuena da[Oh 1][1][2]. Bere populazioa (2021. urtean) 13.104.177[3][4] biztanlekoa da. Moskuko oblastaren hego-mendebalderako lurralde-hedapenaren ondorioz, 2012ko uztailaren 1ean hiriburuak bere azalera 2,5 aldiz handitu zuen, 1.000 km² ingurutik 2.500 km²-ra, eta 250.000 biztanle gehiago lortu zituen[5]. Mosku Moskova ibai ertzean kokaturik dago.

Datu azkarrak Mosku Москва, Administrazioa ...

Europako Errusiako Erdialdeko Barruti Federalean. Bere historian zehar, hiria estatu segida baten hiriburua izan da: Erdi Aroko Moskuko Dukerri Handia, Errusiar Tsarerria eta Sobietar Batasuna, Errusiar Inperioaren garaia izan ezik.

Moskun dago Moskuko Kremlina, gotorleku zahar bat, non, gaur egun, Errusiako presidentearen lantokia dagoen. Kremlina, izan ere, hirian Gizateriaren ondare diren hainbat lekuetako bat ere bada[6]. ​Errusiako Parlamentuaren bi ganberak ere (Estatu-Duma eta Biltzar Federalaren Kontseilua) Moskun dute egoitza.

Hiriak garraio-sare zabala du: nazioarteko hiru aireportu, bederatzi tren-geltoki eta munduko metro-sistemarik handienetako bat, Moskuko metroa; bidaiari kopuruari dagokionez, Tokiokoak baino ez du gainditzen. Hiri inguruko 215 geltokiak arkitektura aldetik aberatsenetakotzat eta askotarikoenetakotzat hartzen dira. Forbes 2017 argitalpenaren arabera, Mosku munduko laugarren hiria da milioidun kopuruari dagokionez, eta lehena Europan.

Remove ads

Etimologia

Hiriaren izena zeharkatzen duen ibaitik datorkio, Moskova (Moskvá, antzinako errusieraz град Москов). Ibaiaren izenaren jatorriari buruzko teoriak proposatu izan dira.

Linguistikoki ondo oinarritua eta onartuena, *mŭzg-/muzg- erro proto-balto-eslaviarra da, *meu- "hezea" proto-indoeuroparretik; beraz, Moskva izenak hezegune edo padura batean dagoen ibaia adieraz dezake. Bere ahaideen artean, errusieraz: музга, muzga "putzua", lituanieraz: mazgoti eta letonieraz: mazgāt "garbitzea", sanskritoa: májjati "itotzea", latinez: mergō "murgiltzea" daude. Herrialde eslaviar askotan, Moskov abizen bat da, Errusian, Bulgarian, Ukrainan eta Ipar Mazedonian ohikoagoak. Gainera, Polonian, Mozgawa gisako herri-izenak aurki daitezke. Finno-ugriar hipotesi baten arabera, Merya eta Muroma herriak,  bizi ziren tribu aurre-eslaviarren artean zeudenak, Mustajoki ibaiari ibai beltza deitzen zioten, eta ibaiaren izena termino horretatik dator. Beste teoria batzuk, oinarri zientifikorik ez edo gutxi dutenak, baztertu egiten dituzte hizkuntzalariek.

Izenaren jatorrizko errusiar zaharreko forma *Москы, *Mosky gisa berreraikitzen da; beraz, eslaviar ū-enboko izen bakanetako bat izan zen. Deklinabide horretako beste izenekin gertatzen den moduan, hizkuntzaren garapenaren hasierako fasean, eraldaketa morfologiko bat jasaten ari zen; ondorioz, XII. mendeko lehen erreferentzia idatziak Московь, Moskovĭ (akusatiboa), Москви, Moskvi (lokatiboa), Москвe/Москвѣ, Moskve/Moskvě (genitiboa) izan ziren. Azken formetatik Москва, Moskva, errusiar izen modernoa sortu zen, ā-enbor eslaviar izen ugariekin orokortze morfologikoaren emaitza dena. Moskovĭ formak aztarnak utzi ditu beste hizkuntza batzuetan, ingelesez: Moscow; alemanez: Moskau; frantsesez: Moscou; portugesez: Moscou, Moscovo; gaztelaniaz: Moscú; edota euskaraz: Mosku.

Remove ads

Historia

Thumb
Moskuko Plaza Gorria

Moskuren jatorria ez da ezagutzen. Lehen aipamena, 1147koa da, Juri Dolgoruki printzeak Novhorod-Siverskiko printze aliatuari egindako gonbidapena: «Etorri niregana, anaia, Moskura»[7]. Mongolek erre egin zuten 1237an, eta haien eskuetan geratu zen ondoren. Mongolen beherakadaren eta Konstantinoplaren gainbeheraren ondorioz, Mosku Errusiako hiriburu eta mundu ortodoxoaren gune nagusi bilakatu zen.

Petri Handiak San Petersburgon ezarri zuen Errusiako hiriburua. Hori dela eta, Moskuk garrantzia galdu zuen, eta behera egin zuen biztanle kopuruak. 1812an, Napoleonen indarrek hartu zuten. Napoleonek kalte larriak eragin zituen, eta, Moskutik alde egin ondoren, berriz eraiki behar izan zuten hiria; ondoren, bere behinolako indarra berreskuratu zuen.

Hirian bizi ziren langileek parte hartu zuten 1905eko iraultzan, eta, 1917an, boltxebikeak jabetu ziren hiriaz. Hurrengo urtean, 1918an alegia, Sobietar Batasuneko hiriburu bihurtu zen. Harrezkero, Moskuk ezagutu duen hazkundea ikusgarria izan da. Bigarren Mundu Gerran, alemaniarren erasoa Moskutik 100 km baino gutxiagora gelditu zen, eta hiriak ez zuen kalte handirik jasan. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, are gehiago hazi zen Mosku, eta Sobietar Batasuna zeneko inmigrazio gune nagusi bihurtu zen. Garai hartan, Mosku, Washingtonekin batera, nazioarteko botere eta politika gune bihurtu ziren.

Remove ads

Zatiketa politiko-administratiboa

Thumb
Moskuko barruti administratiboak.

Mosku hiria alkate batek gobernatzen du. Egungo alkatea Serguéi Sobianin da (2013an hautatua). Mosku 12 barruti administratibotan banatuta dago (ókrugak, Vienakoaren oso antzeko erakundea da), 125 barruti eta 21 kokaleku. Ókrug guztiek beren armarria eta bandera dituzte. Ia guztiek beren telebista katea dute.

Mosku Errusiako botere politikoaren erdigunea da. Kremlina hiriaren bihotzean dago, erdiko okrugean. Bertan, Errusiako presidentearen egoitza ofiziala eta militarren kuartel ugari daude. Atzerriko herrialdeetako enbaxadak Moskun daude.

Informazio gehiago Barruti administratiboak, Izena errusieraz ...

Geografia

Thumb
Mosku eta Moskuko Kremlinaren airetiko bista.

Mosku Moskova ibaiaren ertzean dago, Errusiaren erdialdean ekialdeko Europako lautadan zehar 500 kilometro pasatxotik doan ibaiaren ertzean. Hiriaren mugen barruan, berrogeita bederatzi zubik zeharkatzen dute ibaia eta haren ubideak. Moskuko altitudea, Errusiako Erakusketa Zentroan (VDNJ), non hiriko estazio meteorologiko nagusia dagoen, 156 metrokoa da. Tioply Staneko lur garaiak dira hiriko punturik altuena, 255 metrora. Moskuk (MKAD inguraketa-eraztuna sartu gabe) 39,7 km ditu ekialdetik mendebaldera eta 51,8 km iparraldetik hegoaldera.

Ordu-eremua

Sakontzeko, irakurri: «Moskuko ordua»

Mosku da Errusiako erdigune gehienean, San Petersburgo barne, erabiltzen den ordu-eremurako erreferentzia gunea. Moskuko ordu estandarra (MSK, мск) UTC + 3 edo GMT + 3 da. Udako ordutegia jada ez da erabiltzen.

Klima

Thumb
Moskuko ikuspegia neguan

Moskuk klima kontinental hezea du, Dfb Köppen klima sailkapenaren arabera.

Informazio gehiago Datu klimatikoak (Mosku (batez-bestekoak 1981–2010, errekorrak 1879tik aurrera)), Hila ...

Geologia

Thumb
Krylatskie-ko muinoak

Moskuko geologiaren ezaugarri nagusia da ekialdeko Europako antzinako plataformaren erdian dagoela, granito-gneissezko kristal-basamentu baten gainean, zeina sedimentu-metaketek estaltzen duten (1650 m-raino)[8].

Ikuspuntu tektonikotik, hiriaren azpiko lurrazalaren egitura bi egitura-mailatan banatzen da, bakoitza bere antzinatasunduna: behe-garaia, antzinako plataformaren aurrekanbriar granito-gneisiko kristalino oinarria, eta goi-garaia, batzuetan pixka bat metamorfoseatuak diren sedimentu fanerozoikozko estalki batez irudikatua.

Egitura-maila horiek haustura estratigrafiko batek bereizten ditu, eta haustura horrek sedimentazioaren etenaldi luze bat markatzen du. Azken horren azalera, irregularra da. Hiriburuaren ekialdean, Tokmov-eko arkua dago, eta, hegoaldean, Voronezh-eko arkua. Bien artean, Ryazan-Saratoven hobi lurperatua dago, hego-ekialdeko norabidean zabaltzen dena. Ipar eta ipar-ekialdean Moskuko sineklisa dago, ipar-ekialderantz okertutako hobi zabala[9].

Thumb
Moskova ibaiko urak

Moskuko lurrazala arroka sedimentarioez osatuta dago, eta, gutxiagotan, igneoak eta metamorfikoak dira. Sekzioak bost eratemetako sedimentuak ditu: Arkaikoa, Proterozoikoa, Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa. Aro Paleozoikoak Kanbriar, Devoniar eta Karbonifero sistemetako sedimentuek irudikatzen dute. Mesozoikoak sistema Jurasikoak eta Kretazeoak irudikatzen dute, eta Zenozoikoak sistema Neogenoaren eta Kuaternarioaren bidez. Sistema Kuaternario, Jurasiko eta Kretazikoko aztarnategiak, batzuetan, batez ere Karbonifero eta Neogeno sistemetakoak, gainazalean azaleratzen dira.

Metalezkoak ez diren mineralen artean, ezagunenak dira ikatz aztarnategiak, Balkovoko kareharriak eta Erdi Karboniferoko Podolsk-ak[10], Moskuko Kremlinaren eraikuntzan erabili zirenak. Harkaitz horiek Rossiya hotelaren, Manezh plazako konplexuaren eta Moscova ibaiaren gaineko zenbait zubiren zimenduetarako hartu ziren. Industrian garrantzi handia dute kuartzozko hareek, kalitate handiko beira ekoizteko erabiltzen direnak.

Moskuko lurraldea Moskuko artesiar-arroaren mugen barruan dago. Iturburu ugariren eta 4.000 putzu baino gehiagoren lurpeko urek edateko urez hornitzen dituzte moskutarrak. Lur azpiko urak oso sentikorrak dira elurra gatzarekin urtzeak, estoldetako ihesek eta araztegietako emisioek eragindako kutsadura antropogenikoaren aurrean. Hornidura atmosferikoaz gain, lurpeko urak lurzoruak ureztatzen direlako eta komunikazio-sareetako ihesak gertatzen direlako ere betetzen dira.

Remove ads

Garraioa

Moskuko metroa, Lur azpiko jauregia ezizenaz ezaguna, hiriburuaren gune asko lotzen ditu, eta munduko metrorik erabilienetakoa da. 185 geltoki ditu, eta 305,5 km luze da, linea guztien batura eginda. Munduko hirugarren metrorik luzeena da, New York eta Londreskoaren ostean[11]. 1935an ireki zen, eta ezaguna da geltokiek duten diseinuagatik. Errealismo sozialista izenez ezagutzen den korrontearen hainbat artelan daude bertan.

Bada ustezko sekretupeko metro sistema bat Metro-2 izenekoa, lur azpikoa eta Moskuko metro publikoaren parekoa.

Remove ads

Kultura

Arkitektura

Hirian estilo arkitektoniko ugari daude: eraikin errenazentistetik, barrokoak eta arkitektura modernoraino.

Hirigune historikoan, iraultza aurreko eraikinak dira nagusi, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran eraiki zirenak, 1917ko urriko iraultza baino lehen. Estalinen garaiko eraikinak ere nabarmentzen dira, 1930 eta 1950 urteen arteko estiloa. Eraikin horiek hiriko kale eta etorbide garrantzitsuenetan egon ohi dira, hala nola Tverskaya kalean eta Kutuzovski, Leninski eta Leningradski etorbideetan.

Zazpi Ahizpak Moskun dauden zazpi etxe orratzak dira, etxe orratz estalinistak ere deituak. Horietatik hiru etxebizitzetarako dira, baina beste lauek bi hotel, Moskuko Estatu Unibertsitatea eta Atzerri Ministerioa hartzen dituzte barne. Azkenik, Stalinen ondoko arkitektura dago, garai estalinistako eraikinak baino txikiagoak eta 1960 eta 1970 bitartean eraikitakoak.

Eraikin modernoagoak dira ministerioetako eraikinak, 1970etik 1980ra bitartean eraiki zirenak, nagusiki, sobietar ministerioetako langileentzat eta alderdi komunistako goi-agintarientzat.

Azkenaldian, eraikinak modernitatera egokitzen saiatzen ari dira. Horren erakusgarri da Moscova ibaiaren ertzean Norman Foster arkitekto britainiar ospetsuak aurrera daraman Moscow City izenez ezagutzen den negozioetarako gunearen plana[12].

Leku aipagarriak

Thumb
Trinitateko eta San Sergio monasterioa.

Moskuko lekurik ospetsuenen artean Kremlina dago, tsarren gotorlekua; bertan jauregi batzuk daude, hala nola Kremlingo jauregi handia edo Fazeten jauregia. Horrez gain, hainbat tenplu ere badaude, hala nola Loaldiaren katedrala, Deikundearen katedrala edo Ivan III.a Errusiakoaren (Ivan Handiaren) kanpandorrea. Eraikin guztiak inguratzen, harresia dago, Kremlineko dorreak barne hartzen dituena. 1990az geroztik, Kremlina, Plaza Gorriarekin batera, Unescoren Gizateriaren ondarearen zerrendan sartu zen[6].

Kremlinaren ondoan Plaza Gorria dago, San Basilio katedral famatuarekin, 1561ean amaitua eta mundu osoan ezaguna koloretako kupulengatik. Plaza horretan daude: Estatuko Historia Museoa, Leninen mausoleoa eta GUM (Denda Nagusi Unibertsala), munduko merkataritza-gunerik handienetako bat, sobietar garaian eraikia eta gero pribatizatua; bertan, marka elitistenek saltokiak dituzte; eraikinak zubi bat eta metalezko eta beirazko ganga berritzaileak ditu. Arkitektoa, Vladimir Shújov, izan zen sobietar garaian Moskuko nortasun-ezaugarri batzuk eraikitzearen arduratu zena; besteak beste, Shújov-en dorrea, Shújovek diseinatutako dorre hiperboloide askoren arteko bat. Estatuko Historia Museoa eraikitzeko agindua Alexandro II.a enperadoreak eman zuen 1872an. Museoaren aretoak irudikatzen dituen garai ezberdinetako motiboekin leialki birsortuak eta apainduak daude, hau da, antzinatetik XX. mendearen hasierara arte. Errusiako altxor nazionaltzat jotzen da.

Thumb
Estatuko Historia Museoa.

Moskuko elizak eta monasterioak oso ugariak dira, nahiz eta asko galdu diren sobietarren eraispenen ondorioz, hala nola Mirarien monasterioa eta Kristo Igokundearen monasterioa Kremlinen. Hala ere, oraindik balio historiko handiko eraikin erlijioso asko kontserbatzen dira. San Danielen monasterioa da egoerarik onenetarikoa duena, 1282an eraikia. Bertan lurperatu zuten Daniel, Aleksandro Nevskiren semea. Ondoren, Kremlinera transferitu zuten, eta Ivan Izugarriak zaharberritu zuen. San Petriren goi-monasterioa Danielen semeak, Ivan I.a Kalitak, sortu zuen, nahiz eta bere izena Petri Handiari zor dion.

Thumb
GUM, Arkitektoak A. Pomerántsev eta Vladímir Shújov.

Hiriko beste monasterio garrantzitsu bat Gure Salbatzailearen monasterio berria da, Mosku itsasertzetik zaintzen duena. XV. mendean eraiki zuten, eta Romanov familiaren gorpuzkiak daude bertan. Beste monasterio garrantzitsu bat Novodévitxi monasterioa da, 2004an Gizateriaren ondare izendatua[13]. Azkenik, eta ez garrantzi gutxiagokoak, Mosku inguruko monasterioak daude: Hirutasunaren eta San Sergioren monasterioa Serguiev Posad-en (Errusiako Eliza ortodoxoaren Mekatzat hartua eta Unescok Gizateriaren ondare izendatua)[14],​ Volokolamskeko San Joseren monasterioa eta Jerusalem berriko monasterioa, Istra hiritik gertu.

Thumb
Moskuko Unibertsitatea. «Zazpi Ahizpak» eraikinetako bat.

Hiriak, antzinako arkitektura-bitxi batzuez gain, baditu arkitektura sobietarraren adibideak, hala nola etxe orratz sobietar-estalinistak, «zazpi ahizpak» deituak, antzeko diseinua duten zazpi eraikin baitira; horien artean nabarmentzen dira Moskuko Estatu Unibertsitatea eta Ukraina hotela. Sobietar garaiko beste obra bat Moskuko metroa da, oso dotore apaindutako metro-sarea, Stalinek «herriko jauregiak» deitzen zuena. Gorki parkeak bere lorategiak atsedenerako eta aisialdirako eskaintzen ditu.

Duela gutxi, SESB desegin ondoren, Kristo Salbatzailearen katedrala berreraiki zuten katedralaren jatorrizko planoetan oinarrituta eta 1917ko Iraultzaren ondoren eraitsia izan zena. Halaber, nabarmentzekoak dira Ekonomia Nazionalaren Aurrerapenaren Erakusketa berritua eta Tsaritsinoko, Kolomenskoieko eta Kuskovoko ogasun-museoak.

Zaryadye parkea erdiguneko eremu batean dago, San Basilio katedrala, Plaza Gorria eta Kremlinetik oso gertu, eta 2017an eraiki zuten.

Remove ads

Ondasun nabarmenak

Thumb
Moskuko Nazioarteko Finantza Gunea

Herri eta hiri senidetuak

Mosku ondorengo herri eta hiriekin dago senidetuta:

Remove ads

Ikus, gainera

Oharrak

  1. Istanbulek biztanleria handiagoa du, hala ere, bi kontinentetan hedatzen da, eta Europako sektorean bizi den populazioa moskutarra baino txikiagoa da ADRESE DAYALI NÜFUS KAYIT SİSTEMİ (ADNKS) VERİ TABANI. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-10-19) (kontsulta data: 2017-11-16).

Erreferentziak

Iturriak

Sources

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads